Surflari ernegatua

Itziarko semea

Aste Santuaren bueltan, kanpin-denda, lo-zakua eta motxila hartu eta kuadrillako kide guztiak egun batzuk etxetik kanpo pasatzeko asmoarekin abiatu ginen. Batzuek Jarraik antolatutako mendi martxan parte hartu nahi genuen, besteek Itziarko kostaldera jo zuten, olatu ederrez gozatu eta oraindik birjinak ziren urautsi posibleak aztertzera.

Oporrak amaituta, berriz ere kuadrilla bere osotasunean, izandako abenturak kontatzeari ekin genion. Trenez abiatu ziren lagunak Sakonetara, gero oinez, trenbideari jarraitu behar zitzaion, bi tunel luze eta ilun iragan behar ziren eta altzairuzko munstroak barnean antzemanez gero, taularen gainean etzan eta paretari itsatsi behar gintzaion. Horren ostean, behi eta ahuntz artean zenbait zelai zeharkatu eta azkenik, kanpalekua atontzea geratzen zen. Garagardo latak putzuren batean freskatzen jarri eta gero gerokoak; hor hasten ziren bakantzak.

Horrela zebiltzan lagunak, surf pixka bat, Keler txikia, arrantza saialdi hutsalak, Keler txikia, haitzetan ibilaldiak, Keler txikia, siesta, Keler txikia... Bat-batean ertzain talde bat gerturatu zen arte. Kontrabando eremua izaki, zelatan zebiltzala pentsatu zuten, baina egindako itaunketak ezohiko zerbait xerkatzen zutela erakusten zuen. Norbaiten bila zebiltzan, «gizon garai, argal eta ilegorria». Galdeketa amaituta, kuadrillako lagun batek galdetu zuen: «Orduan zer egin behar dugu mutil hori ikusten badugu?». Poliziak, honakoa erantzun zuen: «Mutil hori aurkitu dugu, hilda dago».

Gazte antolakundeak antolaturiko ekimena, berriz, bertan behera geratu zen, zoritxarreko albisteak herrietara itzuli eta oporrak ke artean iragatera behartu baikintuen. Egun latzak izan ziren, baina amaieran, surf egitera abiatu ziren lagunen ondoan, ez genuen kontatzeko aparteko konturik, nahiz eta opor haietan bizitakoak sakonki markatu gintuen.

Josu Zabala Salegi, Basajaun, gaur 20 urte agertu zen Itxaspeko uharrien gainean. Bere buruari tiro egin omen zion, eta hil ostean, odol markak garbitzeko eta bala zorroak desagerrarazteko gai izan zen, gainera. Justu bi urte beranduago, Ttotto zizurkildarrak egin omen zuen gauza bera, eta azken hau hil ostean bere buruari bi hagin erausteko gai ere izan omen zen. Halaxe zioten «bertsio ofizialek». Halako ipuin makabroak sinetsi nahi izan dituen jendeak ere izango du autokritikarako arrazoirik, ezta?

Haien sendiek oraindik kasuak aztertzeko eskaera egiten jarraitzen dute. Joan den astean hil zen Maite Golmaio ere horrela joan zaigu, inork egin dion mina aitortu eta bere seme Anukekin zer egin zuten argitu gabe. Halako kasuetan “Justiziak” garbi du, heriotzaren arrazoia, beti, «suizidioa da». Bai, oso argi dago zer gertatu zen, askok ez dugu zalantza izpirik, pentsatzen duguna esateko eskubiderik ez badugu ere.

Itsaspeko kalatik Endata muturrera, erdian, bada tontor bat, han agertu zen Josuren gorpua. Eta haren azpian, “Itziarko ezkerra” esaten dioten urautsi ezagunetik mendebaldera, itsaslabarren artean, bada eskuin olatu bat; “Basajaun” deitzen diote horri, askok ez zuen jakingo zergatik, orain badakizue.