18/03/2017

Reportage
JAPONIA
Agintarien itxurazko malkoak eta herritarren benetako mina, Fukushiman

Fukushimako zentraleko hondamendi izugarriaren ondorengo zazpigarren urtea hasi dute japoniarrek, agintarien ustezko malkoen (nuklearzale izaten jarraitzen dute) eta herritar askoren benetako sufrimenduaren artean. Kutsatutako eremuetara itzultzera behartu nahi ditu Aberen Gobernuak bere garaian ihes egindakoak.

Jose Angel Oria
Pd04_mendian

Errealitatean inongo oinarririk ez duen usteari esaten zaio mito, hiztegiaren arabera. Fukushimako zentral nuklearrak izan zuen istripu larriaren seigarren urteurrena bete dela-eta Japonian bertan egin diren hausnarketek aditzera ematen dute energia nuklearraren oinarrian dauden mitoetako bat erortzear dagoela, dagoeneko erorita ez badago.

«Hondamendi nuklear bat ‘garbitzerik’ badagoela eta kaltetuek beraien bizitzak normaltasunez berreskuratzeko aukera izaten dutela dioen ideia, Japoniaren, AEBen edo Erresuma Batua bezalako herrialdeen laguntzarekin industria nuklearrak sortutako mito bat da», esan dio Efe berri agentziari Kendra Ulrich Japoniako Greenpeace erakundeko adituak.

Gaur zortzi bete ziren sei urte lurrikara batek sekulako tsunamia eta inoiz izan den istripu nuklearrik larriena eragin zituenetik (aditu batzuek uste dute Ukrainako Txernobylgoa bera baino larriagoa izan zela Japoniakoa, itsasoan sortzen ari den kutsadurarengatik).

Herritarren malkoak

Egun horretan japoniarrak biktima ezezagunen gorpuzkinak jasotako kutxen aurrean otoitz egiten ikusi genituen. Agintariak ere erakutsi zituzten hedabideek, erabat damututa egongo balira bezala. Datu ofizialen arabera, tsunamiak 18.446 hildako eta 123.000 iheslari utzi zituen. «Iheslari atomikoak» esan beharko genuke, nahiz eta Shinzo Abe lehen ministroaren Gobernuak kutsatutako eremuetara itzultzera behartu nahi dituen, «normaltasunaren» mitoa berreraikitzeko.

Martxoaren 11n ohitura bihurtzen ari da Japoniako ipar-ekialdeko itsasertzean hildakoen alde lore-eskaintzak egitea. Tsunamiak suntsitu zituen herrietan ez dituzte joandakoak ahaztu nahi.

300 tona itsasora egunean

Natorin, esaterako, ehunen bat lagunek uso itxurako globoak jaurti zituzten zerura. «Beti biziko dira gure oroimenean», irakur zitekeen herriko eskolan hil ziren ikasleen senideek eta lagunek idatzitako mezuetan. NHK telebista publikoak eskaini zituen irudietan herritarrak loreak itsasora botatzen ageri ziren. Soma itsasertzeko hiriko plazan zegoen adineko emakume batek zera esan zuen kazetarien kamaren aurrean: «Hain lasai dago gaur itsasoa!».

Lasai egongo zen, bai, baina ez da istripua izan aurretik ezagutu zuen itsaso bera, oraingoa askoz ere kutsatuago baitago. Fukushima Daiichi zentral nuklearrak zituen sei erreaktoreetako hiru urtu egin ziren 2011ko istripuan, eta, ondorioz, inoiz munduan izan den erradiazio isurketarik handiena hasi zen. Zientzialariek diote Txernobylen bertan baino gai erradioaktibo gehiago isuri zela Ozeano Barera hasiera batean; seguru asko Japoniako agintariek ezagutzera eman dituzten txostenetan ageri diren kopuruak baino handiagoak isuriko ziren, zientzialari askok adierazi baitute kalkulu ofizial horiek ez direla batere zuzenak.

Nazioarteko adituek diote gaur egun bere horretan jarraitzen duela Fukushimako isurketak. Egunean 300 tona hondakin erradioaktibo isurtzen dira zuzenean ozeanora, eta arazo horri amaiera jartzea ezinezko da, ihesa zigilatu ahal izateko lan egiteko lekua helezina baita langileentzat zein robotentzat, bertan dagoen bero ikaragarriaren eraginez. Beraz, historian izan den ingurumen hondamendirik handiena bihurtzeko bidean da Fukushimakoa, nahiz eta Japoniako agintariek kontrako tesiari eutsi.

AEBetako hegaluze kutsatuak

Munduko ozeanorik handiena kutsatzeko oso denbora gutxi behar izan du 2011ko istripuak, baina arazoa ia ez da aipatu ere egiten hedabide nagusietan, berri agentzia handienetan, eta politikari ezagunenen diskurtsoetan ere ez da gai hori ageri. Nabarmentzekoa da “Proceedings of the National Academy of Sciences” bezalako izen handiko aldizkari zientifikoek jakinarazi dutela AEBetako Oregon estatuan harrapatutako hegaluzeek bazutela Fukushimako erradioaktibitatea 2012an, eta Kalifornian arrantzatutako hegaluzeek istripua izan aurretik zutena baino %900 zesio erradioaktibo gehiago dutela egun.

Hala ere, AEBetako agintariek ez dituzte erradioaktibitate gehiago dagoela dioten neurketak Fukushimarekin inolaz ere lotu nahi. Ecoportal.net webguneak egin duen irakurketaren arabera, TEPCO konpainia, Fukushimako zentralaren jabea, AEBetako GE General Electric konpainia erraldoiaren filiala izateak zerikusi handia du politikari eta hedabide nagusien jarrera horrekin. Ecoportalek gogorarazten du GEk bazekiela Fukushimako erreaktoreak ez zeudela ondo diseinatuta –«istripua izan baino hamarkada batzuk lehenago» zekien hori, webgunearen arabera–, eta ez zuela ezer egin arazoa konpontzeko. Horregatik Japoniako 1.400 herritarrek GE konpainiaren aurkako salaketa aurkeztu zuten epaitegian, 2011ko hondamendian izan zuen zerikusia argitze aldera.

Aitaren erretratua

Joan den larunbatean, 14:46an, herrialde osoa isil-isilik geratu zen, sei urte lehenago ordu horretan bertan iritsi zen tsunamia gogora ekartzeko. Sendain, Ishinomakin, Rikuzentakatan, Minamisanrikun eta olatu erraldoiak suntsitutako leku askotan milaka herritar elkartu ziren minutu bateko isilaldi berezia bizitzeko. Une berean, Tokio hiriburuan, Shinzo Abe lehen ministro nuklearzalea ekitaldi ofizialeko buru izan zen, Akishino printzearekin batera.

«Tsunamiak nire aita eraman zuen. Bere lana itsasoari lotuta zegoen. Nire bihotzean pena baino ez da geratzen», esan zuen, malko artean, Yo Chiba 41 urteko gizonak, zenduaren erretratua eskuetan zuela.

900 herritarrek esku hartu zuten ekitaldi ofizialean, gizonak gehienak, beltzez jantzita guztiak. Orkestrak musika malenkoniatsua eskaintzen zuen bitartean, bakoitzak lore zuri bana jarri zuten hilarriaren aurrean. «Japoniako ekialdeko hondamendi handiko biktimen arimei», irakur zitekeen oroitarrian.

Lehen ministroak hondamendien prebentziorako Japoniak ematen duen nazioarteko laguntza handitu egingo duela agindu zuen. Baita kaltetutako herritarren «espirituak zein gorputzak» zainduko dituela ere. Eta hondamendiak suntsitutako eskualdeak garatuko dituela, «herritarren beharrak errespetatuz».

Baina agintariaren hitz dotore horiek sutan jartzen dituzte 2011ko istripuak iheslari atomiko bihurtutako herritarrak. Jarrera maltzurra leporatzen diote Aberen Gobernuari: 2020an Tokion egitekoak diren Joko Olinpikoei begira, egoera bere onera ekarri nahian, eremu kutsatuetako biztanleak bertara itzultzera behartu nahi dituzte eta prozesua bizkortu nahi dute kosta ahala kosta.

2020ko Joko Olinpikoak

«Gobernuak esan nahi dio munduari Fukushimako istripua konponduta dagoela Joko Olinpikoak antolatzen hasi baino lehenago», salatu zuen kazetarien aurrean Hondamendi Nuklearreko Biktimen Erakundeen Batzordeko Hiromu Muratak.

Urteurrenari begira eskaini zuten prentsaurrekoan, Miyako Kumamotok gogorarazi zuen beraiek ez direla zentral nuklearrak izan zuen istripuaren arduradunak: «Ihes egin genuen geure seme-alabak zein bilobak erradiaziotik babesteko. Agintariei gauza bakarra eskatzen diegu: ebakuatutako herritarrei laguntzeko neurriak hartzeko, baina ez digute jaramon egiten. Ezin dut onartu. Ezin dut ulertu zergatik gauden hain egoera zailean». Fukushimako istripuaren biktimei ematen zaizkien laguntzak ematen segitzeko eskatu zuen, eta biktima estatutua aitortzeko.

Biktimak dira, beraiek zerikusirik izan ez zuten istripu baten eraginez, eta sei urte geroago berriro biktima bihurtzeko bidean dira. Gero eta estigmatizazio kasu gehiago izaten da Fukushimatik ihes egin behar izan zutenen artean, batez ere umeen artean. Shinzo Abe Japoniako lehen ministroaren presioak egoera zaildu baino ez die egingo. Agintariak herrialdeko zentral nuklear guztiak lanean jarri nahi ditu, baina gaur gehienak (40tik gora) itxita daude, eta hiru besterik ez lanean.

 

Kutsadura nagusi mila kilometro koadroko esklusio eremuan

Japonia populazio handiko (127 milioi biztanle) eta azalera txikiko (ez da iristen 380.000 kilometro karratura) herrialdea da, baina datozen belaunaldiek Fukushima Daiichiko zentral nuklearraren inguruko mila kilometro koadro inguru debekatuta izango dituzte, 2011ko martxoaren 11ko istripuaren eraginez. Herrialdeak gutxien duena galdu du, lurra.

Agintariek makina bat seinale eta ohar ipini dituzte kutsaduraren eraginez lekua arriskutsua dela adierazteko. Gainera, plastikozko oztopoak jarri dituzte puntu batzuetan, debekatutako eremua non hasten den jakinarazteko.

Carlos Ayesta venezuelarra eta Guillaume Bression frantsesa Japonian bizi dira. Bi dokumentalistak maiz joan dira esklusio eremura eta “Fukushima, No Go Zone” ekimena jarri dute abian sarean. Hondamendiak gizakiengan zein ingurumenarengan dituzten efektuak dokumentatu dituzte eta gauza bat oso garbi daukate: «Istripua amaitzetik oso urruti dago, zentralean bertan zein errefuxiatu nuklearren artean».

Beraien etxeak eta herriak utzi behar izan zituzten herritarrekin hitz egin eta bisita guztiak behar bezala dokumentatu ondoren, istripu atomikoak utzitako paisaia izugarria margotzen digute: hondakinik eta hondamendi batek uzten dituen bestelako arrastorik ez dago, baina bertara joaten dena atsekabe sentsazio batekin itzuliko da. «Garai batean hemen bizi ziren herritarrak beren etxeetara, eskoletara edo supermerkatuetara itzuliz gero izango lituzketen emozioak piztu nahi genituen. Horretarako, proposamena onartu zuten iheslari atomikoak beren herrietara eraman genituen eta ezer gertatu izan ez balitz bezala kameraren aurrean jartzeko eskatu genien», esplikatu dute bi egileek.

Emaitza hunkigarria da: emakume bat bere erosketako orgarekin huts-hutsik dagoen establezimenduan, apal guztiak produktuz beteta daudela; nerabe bat diskoak erosten zituen dendan musika entzuten... Istripuaren unean denbora gelditu egin zela dirudi irudi horietan.

Txernobylen arriskutsua den maila, Iitaten segurua da

Apirilean, orain sei urte hustu zituzten herri batzuetako biztanleei eragiten dien derrigorrezko ebakuazio agindua bertan behera geratuko da. Teorian, itzultzeko gonbidapen ofiziala. Baina itzultzera behartu nahi dituzten herritarren artean mesfidantza da nagusi. Galdu egingo dituzte orain arte jasotzen dituzten diru laguntzak eta Estatuak emandako behin-behineko etxeetan bizitzeko eskubidea. Horixe gertatuko zaie Iitateko biztanleei, Kawamata, Tomioka eta Namiekoei bezalaxe. Iitateko erradiazio maila neurtzen aritu berri diren gobernuz kanpoko erakundeetako adituen arabera, bertako egoera Txernobylgo esklusio eremukoarekin alderatzeko modukoa da. Ukrainako kasuan eremu kutsatura itzultzea debekatuta dago, ia 31 urte pasa badira ere. Japoniakoan, aldiz, datozen asteetan 32.000 lagun beren etxeetara itzuliko dira, behin-behineko kokalekuak utzita. Hori dio propaganda ofizialak.

Berreraikuntzarako Agentzia Nazionalak egin duen azken inkestak beste egoera bat deskribatzen du, ordea. Bi lagunetik batek ez du itzuli nahi erradiazioaren efektuei beldurra dielako, zerbitzu medikuak eta oinarrizko beste gauza asko faltako zaiela iruditzen zaielako edo kokaleku berrietan ondo daudelako. Horregatik 7.000 biztanle zituen Naraha herrira (zentraletik 17 kilometrora) 700 baino ez dira itzuli, nahiz eta ebakuazio agindua orain urte eta erdi geratu zen bertan behera.

«Hondamendi hau erabat konponduta ikusi arte, hau da, zentrala desegiten ikusi gabe, ez ditut nire seme-alabak horrelako arriskuak dituen leku batera eramango», esan zien kazetariei Noriko Matsumoto Koriyamako herritarrak. Ihes egin behar izan zuen, bere herria zentraletik 65 kilometro ingurura baitago. Itzultzeko asmorik ez du.

«Fukushimako erradiazioaren inguruan oso sentsibilitate publiko handia dago, baina bertan egin diren neurketek oso maila baxuak azaltzen dituzte», esan zuen Yoichi Tanigawa aditu medikuak Tokion aurreko astean, kutsatutako eremuko biztanleen osasun egoerari buruzko ikerketa baten aurkezpenean. Gobernuak eskatutako txostena zen eta erraustegien aldekoek Euskal Herrian erabiltzen dituzten sasiargudioak ekartzen zituen gogora: «oraingoz» baztertu egiten da istripuak askatutako erradiazioak eskualdeko umeen tiroide minbizi tasaren hazkundearekin zerikusirik duenik. Hori bai, ikerketak egoera aztertzen jarraitzeko gomendatzen du, «ondorio fidagarrietara» iritsi ahal izateko.

Ekologistek esan dute Gobernuaren txostena «propaganda hutsa» dela, gaizki egindako erradioaktibitate neurketetan oinarrituta dagoelako. TEPCOk berak orain aste batzuk iragarri zuen erradiazio maila handiak neurtu dituela bigarren erreaktorearen sarkofagoan. Gainera, sarkofagoaren barruko aldeko metalezko zati batean zulo bat aurkitu dute. Orain aste batzuk kamera txiki bat bidali zuten bertara. Hark bidalitako irudien azterketak ondorioztatu du bertako erradiazioa ikaragarria dela: 530 sievert. Bigarren erreaktoreko beste puntu batean egindako azken neurketa 2012koa zen: 73 sievert.

Gero eta estigmatizazio kasu gehiago izaten da Fukushimatik ihes egin behar izan zutenen artean, batez ere umeen artean. Shinzo Aberen Gobernuaren presioak egoera zaildu egingo die

«Agintariei gauza bakarra eskatzen diegu: ebakuatutakoei laguntzeko neurriak hartzeko, baina ez digute jaramon egiten. Ezin dut ulertu zergatik gauden hain egoera zailean»