Antton Elorza

Urkullu-Juncker

Duela egun batzuk, Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, Europako Komisioko lehendakaria den Jean-Claude Juncker-ekin bildu zen, hainbat gairen artean Euskadiko Kontzertu Ekonomikoaren aurrean babesa eskatzeko.

Egunkarietan ez dute aipatu ere egin, eta bilera horretan egon ez den arren, beste hirugarren  baten baimena ere behar izan da bildu ahal izateko: Mariano Rajoy, espainiako gobernuko lehendakaria.

Iaz, Carles Puigdemont, Kataluniako lehendakariak ere eskatu zion Juncker-i berarekin biltzeko, baina azken honek agenda arazoak zituela eta ez zuen lortu.

Zergatik halako jokabide ezberdina batekin eta bestearekin? Nolatan ez du aurkitu Juncker-ek zirrikiturik Puidgemont-ekin biltzeko hainbeste hilabetetan? Eta Urkullurekin bai? Zer ikusirik izango al du espainiako gobernuak bi autonomia-erkidego hauekin duen harreman ezberdinduarekin? Baliteke. Ez da enpatia kontua bakarrik izango, ordea; seguru interes amankomunak dituztela, eta bestela galdetu dezagun: zergatik une honetan bilera hau?

Ez dugu ahaztu behar hilabete gutxi barru Katalunian Europako, Espainiako eta Gasteizko buruzagiak muturtuko dituen prozesu bat jarriko dela martxan. Europa, Kataluniak europar estatu izateko eskaera egiten duen unean espainiako Estatuarekin arazorik ez izateko. Madril, Espainiaren batasuna pitzatu lezakeelako eta, honela, eredu izan beste erkidegoentzat. Gasteiz, berriz, XIX. mendeko eskaera iruditzen zaien Kataluniako eredu hau jarraituko delako: bide hau egiteko prest dagoen jendea ibiltzen hasi delako (Gure Esku Dago, adibidez).

Kataluniako gaia ez dute zabaldu, ez EAEko lehendakariak, ezta komunikabideek ere. Une honetan, elkarrekin bildu direnean, ez zuten aipamenik ere egingo patata bero honi buruz  interes amankomunak dituzten jende honek?

Nola gelditu daitezke Katalunia Espainiatik banatuko dituen aurrerapausoak? Europatik edota Espainiatik inposaketa bultzatuz? Ez, ikusita dago, oraingoz jarrera hori beraien kalterako izan dutelako. Orduan, nola?

Isolamenduaren bidetik. Historikoki, euskal komunitateak ere aldarrikatu izan du Espainiarekiko independentzia. Gaur egungo agintariek autogobernu tasa handiagoak eskatzera mugatzen dira, ordea, eta aldarrikatzen zituzten eskaerak gutxiesten dituzte orain. Euskal agintarien azkenaldiko adierazpenei so egin besterik ez dugu. Horrela, Kataluniako herritar asko bakarrik sentituko dira agintariok zaharkitutzat jotzen duten independentziarako bide horretan. Beldurrak eraginda, ez dute babestuko prozesua. Eta, honela, Katalunian ez badute lortzen gehiengoaren babesa, Euskal Herrian ere atzera egingo dute bide horretan lanean ari direnek.

Susmoak besterik ez dira; errealitatetik urruti egongo ez diren susmoak. Ikusteko dago.

Search