NAIZ
BAIONA

Baionan ospatuko dute Euskaraz Bizi Eguna, apirilaren 16an

Euskaraz bizitzearen aldeko hautuari bultzada emateko Euskaraz Bizi Egunaren zazpigarren edizioa Baionan ospatuko du EHEk, jaia eta aldarrikapena uztartuz, herri eragileen arteko auzolanaren bitartez osatutako egitarauarekin.

Baionan egingo da Euskaraz Bizi Eguna, apirilaren 16an. (Bob EDME)
Baionan egingo da Euskaraz Bizi Eguna, apirilaren 16an. (Bob EDME)

Lapurdiko hiriburuak hartuko du, apirilaren 16an, Euskaraz Bizi Egunaren zazpigarren edizioa, Euskal Herrian Euskaraz eragile euskaltzaleak jakitera eman duenez.

«Euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela, euskaraz bizi nahi dugula erakusteko eguna dugu; herri euskaldunean eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna», nabarmendu dute.

‘Izan, Egin, Eragin. Euskal Herrian Euskaraz’ lelopean ospatuko da Euskaraz Bizi Eguna.

Azpimarratu dutenez, «jauzi kualitatiboa» emateko garaia da: «gure etorkizunerako erabakigarriak diren garaiak dira hauek eta bakoitzak beretik eta komunitate moduan bultza eginez euskaldunok asmatzera behartuta gaude». «Horretan jarri nahi du indarra EHEk, eta hartara, norbanakoon ahalduntzea eta hizkuntza aktibismoa oinarri hartuta burutzen ari garen gogoeta lagungarri izanen da», gaineratu dute.

Mezu horren inguruan Baionan erakutsi nahi dute euskaraz bizi nahi duen herri bat dagoela, jaia eta aldarrikapena uztartuz, herri eragileekin auzolanean osatutako egitaraua osatuta.

Hona egun horretarako prestatu duten egitaraua:

10.00etatik aurrera

- Artisau eta eragileen erakustazoka

- Umeen txokoan, joko eta puzgarriak

- Behatokia eta Kontseiluaren eskutik, Akuilari tailerra

11.00etan Porrotx

13.30ean Herri bazkaria eta Erramun Martikorenarekin kantaldia

17.30ean Kalejira koloretsua eta ondoren bertso poteoa, Xumai Murua eta Ortzi Idoaterekin, elektrotxarangaz lagunduta.

21.00etan Kontzertuak: Torii talde baionarra eta Sorkun. Ondoren, DJak.