NAIZ
LAUDIO

Arabako Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute Laudion

Otsailaren 5ean Langraizen hasi eta apirilaren 1ean Gasteizko Printzipal Antzokian amaituko den Arabako Bertsolari Txapelketaren aurkezpen agerraldia egin dute Laudion. 18 bertsolarik hartuko dute parte guztira.

Laudioko Areta auzoko Tunel tabernan egin dute aurkezpena. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Laudioko Areta auzoko Tunel tabernan egin dute aurkezpena. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Otsailaren 5ean hasiko da Arabako Bertsolari Txapelketa, Langraizen, eta apirilaren 1ean amaitu, Gasteizko Printzipal Antzokian. Hala azaldu du Arabako Bertsozale Elkarteak Laudioko Areta auzoko Tunel tabernan egin duen agerraldian.

35 urte beteko dira aurten Arabako lehenengo bertso-eskolak martxan jarri zirenetik, eta Tunel taberna izan zen bertso-eskolen jaiotza lehen eskutik bizi izan zuen guneetako bat.

Oier Suarezek eman du txapelketaren gaineko informazioa: sei finalaurrekotan egituratuko da, eta hauek Langraizen, Zigoitian, Dulantzin, Legution eta Aramaion izango dira, areto formatuan. 18 bertsolarik hartuko dute parte guztira, eta sei finalaurrekoak bi itzulitan banatuko dira: bertsolariek bi finalaurrekotan abestuko dute eta bi saioen arteko puntu metaketak emango die finalean sartzeko giltza. Sei finalista izango dira Printzipal Antzokian.