Suak hiru barruti hartzen ditu: Leiria –hemen hasi zen sua larunbatean eta bertan daude suhiltzaile gehienak lanean–, Coimbra eta Castelo Branco, guztiak Portugal erdialdean kokatuak.
Sua oraindik ez dago kontrolpean baina, Babes Zibileko iturriek azaldu dutenez, bide onetik doaz lanak. Hala ere, ohartarazi dute baldintza meteorologikoen eraginez «zaila» dela suhiltzaileen lana.
Azken datu ofizialen arabera, 62 pertsona hil dira eta beste hainbeste daude zaurituta, haietako bi egoera larrian daudenak. Hildakoen artean familia osoak daude, haietako asko suak errepidean harrapatuta utzitakoak.
Portugalgo lehen ministroak, Antonio Costak, igandean ohartarazi zuen litekeena dela hildakoen kopuruak gora egitea, sugarrek ezinezko egin dutelako oraindik zenbait zonaldetara iristea.
Goizean zehar Estatu espainoletik eta Italiatik bina hegazkin bidaliko dituzte eta Estatu frantsesetik baliabide gehiago iristea espero dute Portugalgo agintariek. Jasotako laguntza eskertu dute, baina ohartarazi dute oraindik laguntza behar dutela eta, horregatik, Europar Batasuneko herrialdeei eskatu diete suhiltzaileak bidal ditzatela.
Poliziak uste duenez, tximista batek piztu zuen ziurrenik sua.
Haize indartsuak eta tenperatura altuek sugarrak azkar hedatzen lagundu zuten.