Iaz «egundoko arrakasta» izan zuen Gregory Porter Donostian izango da berriro heldu den uztailean, baina Nat King Coleren abestietan oinarritutako proiektu berriarekin, orkestra sinfoniko bat lagun duela. Cecile McLorin Salvant «sasoi betean dagoen emakumezko kantaria, gaztea, desberdina, asmamen eta klase handikoa» ere Heineken Jazzaldian izango da, baita Jacob Collier «harrigarria», hainbat instrumentu ere jotzen dituena.
Halaber, Europako ordezkaritza «zabala eta interesgarria» izango du 53. Heineken Jazzaldiak: Michel Portal, jazzaren euskal musikarien dekanoa; jazz frantsesaren izar berriak: Emile Parisien saxofonista, Vincent Peirani eskusoinu jotzailea, Mederic Collignon tronpetista eta Tom Ibarra gitarrista, 19 urterekin aurtengo Rising Stars lehiaketa irabazi duena; eta GoGo Penguin talde britainiarra, jazz hirukoaren kontzeptu berriarekin.
Gainera, Heineken Jazzaldian izango dira Iñaki Salvador pianista donostiarra, Mikel Laboari eskainiko dion omenaldiarekin, haren heriotzaren hamargarren urteurrenean, eta Marco Mezquida pianista balearra, Maurice Ravelen errepertorioaren «birsorkuntza txundigarri batekin».
Era berean, «bi hirukote guztiz erakargarri» ere izango dira Donostian: Carla Bley pianista, Steve Swallow baxu jotzailea eta Andy Sheppard britainiar saxofonista alde batetik, eta Dave Holland baxu jotzailea, Chris Potter saxofonista eta Zakir Hussain perkusio jotzailea bestetik.
Egitarau osoa urtarrilean iragarriko da eta otsailean jarriko dira sarrerak salgai, antolakuntzak jakinarazi duenez.