Naiz+ Naiz+

Tabernan eta dendan #ereEuskaraz

Donostiarra bazara edo hiriburu gipuzkoarrean ibili ohi bazara ikusiko zenituen dendak eta tabernak sarreran eranskailu honekin. Zerbitzua euskaraz ematen dutenaren seinale. Postontzira igorri digute tabernan eta dendan #ereEuskaraz aldarriarekin hedatu den kanpainaren berri. 318 dira lehen fase honetan Donostiako hainbat auzotan euskaraz zerbitzua emateko prest agertu diren taberna edo dendak.

Zerrenda horretara batu direnek konpromisoa hartu dute lehen hitza euskaraz egiteko eta hala egin nahi duenari zerbitzua euskaraz eskaintzeko. Sarean denda edo taberna hauen mapa ere osatu du Donostiako Udalak, sektoreka klik batekin aukeratu eta mapan agertuko zaio erabiltzaileari dagokion gaiaz zein denda edo taberna ari den kanpainan parte hartzen.

Baita sarean ere

Kanpainak sare sozialetan ere oihartzuna izateko #ereeuskaraz traolaren bueltan sortu dute dinamika. Azaroaren 23a bitarte traola hori erabili dezake erabiltzaileak edo Facebooken ‘atsein dut’ markatu. Guztien artean 50 euroko 10 sari banatuko dituzte.

Kanpaina indartzeko hiriko pertsona ezagunekin osatutako bideo hau ere hedatu dute:

* Donostiako taberna edo dendaren baten jabe bazara, zuk ere parte hartu ahal duzu ekimenean, EGIN KLIK HEMEN