Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Telesailetako emakume izatera jolasten direnak tentelak dira»

«Vírgenes catódicas. Putas recalcitrantes». Izenburu horixe eman diote Katixa Agirrek, Iratxe Fresnedak, Josebe Iturriozek, Irati Jimenezek eta Itziar Zigak Txalapartaren hegalpean argitaratu duten analisiari. Telesailetan emakumeez ematen den irudiaz hausnartu dute.

Sei emakume daude Txalapartak argitaratu duen “Vírgenes catódicas. Putas recalcitrantes” liburuaren atzean. Azken hamarkadetan maitatu eta gorrotatu dituzten telesailen analisi feminista egin duten bost emakume, Katixa Agirre, Iratxe Fresneda, Josebe Iturrioz, Irati Jimenez eta Itziar Ziga, eta lanari ikuspegi bateratua ematen dion hitzaurrea osatu duen Lolo Rico.

Telebistan eskarmentu handiko emakumea da Rico, eta, hein batean “La bola de cristal”-en izandako esperientziari esker, gutxik bezala ezagutzen du telebistak balioetan eragiteko duen ahalmena. «Telesailak guztiz ideologizatuta eta politizatuta daude; ezaugarri zehatz batzuk dituzten mutilen gustuko izateko ezaugarri zehatz batzuk izan behar dituzten emakumeak eraikitzen dituzte, telesailak saltzeko egiten direlako, telebistako gizon-emakumeak eraikitzeko egiten direlako», azaldu zuen liburuaren aurkezpen prentsaurrekoan. Horren aurrean, argitalpenak haize berria dakarrela nabarmendu zuen Ricok eta, telebista askorik ikusten ez duela aitortuta ere –«gehiengoari gertatzen zaion bezala, ni ere aspertu egiten nau»–, liburua irakurtzen telesailak ikusten baino gehiago disfrutatu duela ziurtatu zuen: «Asko dira telesailetako emakume horiek izatera jolasten diren emakumeak. Hori tentelkeria galanta da, emakume izateari utzi eta telesaileko emakume soilik izatea besterik ez dute lortzen. Eta liburu hau hori erakustera dator».

Umetan telebistako emakumeak maite zituen Jimenezek baina, aldiz, jolaserako orduan gizonezko pertsonaiak hautatzen zituen: «Zergatik? Askoz dibertigarriagoa delako! MacGyver saltsetan zebilen bitartean ondoko emakumeen parte hartzea ‘kontuz ibili’ esatera mugatzen zelako», jarri zuen adibide. Bere zatia, batik bat, “The X-Files” telesailari eskaini dio eta Mulder eta Scully protagonisten analisia eskaintzen du: «Euren artean tentsio sexuala dagoen arren, ez dute larrutan egiten eta era misoginoan funtzionatzen dute gainera; Mulder beste emakume batzuekin ibil daiteke, baina Scully ez. Pertsonaiari zati bat erauzi diote: desira».

Buffy transfeminista

Iturriozek “Buffy the Vampire Slayer” hautatu du bere analisirako. Are gehiago: telesaileko pertsonaia nagusia, animatzaile izatea amets duen banpiro ehiztari ilehoria transfeminismoaren adibidetzat har daitekeela uste du. «Telebistaren bidez sekulako biolentzia mordoa irensten dugu, eta besterik gabe irensten dugu gainera. Hala, Hitchcockek emakumeok dutxaren beldur izan gintezela lortu zuen. Eta hau, telesail honetan, alderantzizkoa da: zuzendariak beldurrezko filmetako biktimaren ideia iraulita sortu zuen Buffy. Biktima erasotzaile bilakatu zuen eta gainerako pertsonaien bidez genero harreman guztiak hankaz gora jartzen ditu».

Zigak, bestalde, emakumearen askatasun sexualaren ikurtzat hartua izan den telesail batean jarri du begia: “Sex and the City”. «Pantailan lehen aldiz Carrie Bradshaw ikusi nuenean higuingarria iruditu zitzaidan, baina telesailak engantxatu egin ninduen», aitortu zuen.

Telesailek emakumeak beldurtu, mugatu edota sexualki erreprimitzeko ahalmena izan dezakete, bere iritziz, eta, zentzu horretan, ulergaiztzat jo zuen «etengabe sexuaz hitz egiten ari diren lau emakumetatik hiruk gizonen aurrean orgasmo bajinalak dituzten itxurak egitea». Pertsonaia bakarra, Samantha Jones, jo zuen emakumeen autonomiaren adierazgarritzat: «Bera ez da inoiz Tarzanen Jane izango». Hala ere, telesailean emakumeen protagonismoa nagusi dela eta emakumeen arteko laguntasunaren eredu dela goraipatu zuen. «Laguntasuna idealizatu eta goresten du, eta ez emakumeoi ezarri zaigun norgehiagoka hori».

Ikusten ikasi

«Irudia inoiz ez da aseptikoa, beti transmititzen du zerbait; baina begirada ere ez da aseptikoa. Ez dute berdin begiratzen perbertitu batek edo ama batek. Telebistak kalte hori egiten du: gaizkia eta egia handiak gezurrez baldintzatuta aurkezten dizkigu», ziurtatu zuen Ricok eta, zentzu horretan, Zigak telesailen kritika eta analisi feminista «guztiz beharrezkoa» dela gaineratu zuen.

Zeregin horretan liburu hau «kontzientzia ariketa bat» dela nabarmendu zuen Jimenezek eta telesailak ikuspegia aldatuz ikusteko deia egin zuen: «‘Sex and the City’ ikustea, adibidez, askoz ere dibertigarriagoa da, telesailaren analisia egin eta beste era batera berrantolatzen badugu. Eta ez hori bakarrik: halako irakurketak egiten baditugu, errazagoa da hurrengo telesailak ‘MacGyver’ berriak ez izatea, denerako balio duen mutila eta ‘kontuz ibili’ soilik esaten duen emakumea irudikatzen dituena».

Zentzu horretan, aldaerak izan direla adierazi zuen: «Loquillok egun ezin du ‘La maté’ abestu eta Martes y Treceren esketx batzuek egun ez dute graziarik egiten... Eta hori guztia garaipen bat da, feminismoaren ikuspegitik batez ere».