Maider IANTZI
ANDOAIN-LEKEITIO
SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRAREN LANA

Argazki bat Euskal Herriko kaleetako euskararen erabilerari

Bi bisita egin ditugu erreportajea osatzeko, bat Andoaingo Soziolinguistika Klusterrera. Bertan, Euskal Herriko kaleetako euskararen erabilerari argazkia ateratzen diote tartean-tartean. 2016an izanen da hurrengoa. Bertze bidaia Lekeitiora egin dugu, neurketen datuak eskuan, Udalak eta herritarrek hasi duten sustapen lana ezagutzeko.

Euskararen Kale Erabileraren Neurketa ibilbide luzeko ikerketa lan zabala da. 1980ko hamarkadan sortu zuen Siadecok. Hizkuntza gaitasuna goiti zihoan, baina ordurako bazen kezka ea jendeak hitz egiten zuen. Metodologia aitzindaria da, hiztunari deus galdetu gabe egiten delako, behaketan oinarrituz.

Lehenbiziko neurketa 1989an egin zuen Euskal Kultur Batzordeak (EKB) eta geroztik sei argazki atera zaizkio euskararen erabilerari Euskal Herri osoan. Horrek bilakaera zein izan den jakiteko aukera ematen du. Heldu den urtean eginen da zazpigarren argazkia eta, azkeneko aldietan bezala, Soziolinguistika Klusterra arduratuko da.

Andoaingo Martin Ugalde parkean duen egoitza bisitatu du GARAk, bertan egiten den lana ezagutzeko. Olatz Altuna kale neurketen arduraduna da eta Belen Uranga, teknikaria. Nazio mailako lanez gain, «bereziak» ere egiten dituzte –hala erraten diete eurek– eta Lekeitiokoa da horietako bat. Iaz ibili ziren kostaldeko herri honetako kaleetan gora eta behera koadernoa hartuta, hizkuntza paisaia jasotzen. Datuak eskuan, Udalak aztertu, ondorioak atera eta, herritarrekin batera, ekintza ugari abiatu ditu euskararen erabilera bultzatzeko. Baina horiek geroago ezagutuko ditugu; orain goazen Euskal Herriko lanean sakontzera.

1989tik 2001era lau urtetik behin neurtu zen erabilera. 2001ean Sei elkartea sortu zen, Soziolinguistika Klusterraren aurreproiektua, eta orduan erabaki zen lana bost urtero egitea, errolda urteetan hain zuzen. Azkena 2011n egin zuten.

Kalea, eremurik neutralena

Edizioz edizio garatzen joan da metodologia eta hagitz sendotua dago. Kanpoan ikusmina sortu du. Europako hizkuntza gutxituen sareak liburu bat argitaratu du honi buruz, euskaraz eta ingelesez.

Inkesta soziolinguistikoarekin batera, euskararen termometrorik adierazgarriena da, gaitasunaren eta motibazioaren berri ematen baitu zeharka.

Ez da tabernetan egiten, ezta ikastetxe eta lantokietan ere. Kalea da ikerketa eremua, neutralena baita. Karrika esanguratsu eta jendetsuenetan ibilbide bat diseinatzen dute, plaza, poteo gune eta parkeetan barna. Egunak eta orduak finkatzen dituzte. Xedea herritar guztiak aditzeko aukera izatea da. Ikerketak maiztasunez eta diseinu berarekin eginez, emaitzak konparatzen dituzte.

2011n Euskal Herri osoko 97 udalerri neurtu ziren, 154.277 elkarrizketa eta 363.616 hiztunen informazioa bilduz. Lagin-akatsa +/- 0,4koa da eta konfiantza maila, %95ekoa.

Sei orduko entzuketak egin zituzten herrietan. Altunak argitu du lortzen dituzten datuek Euskal Herriaren argazkia egiteko balio dutela, baina ez udalerrietakoa, bakoitzak 20 orduko neurketa behar duelako. Gero eta eskaera gehiago egiten dituzte udalek.

Behatzaileak beti binaka ibiltzen dira eta bietako bat herrikoa izaten da jeneralean, bestela jendea interesatzea eta galdezka hurbiltzea gertatzen ahal delako, eta hizkuntza paisaia jasotzen ari denak ezin du hiztunekin hitz egin. Herri batean, egun osoa lagunarekin paseatzen ikusi eta gero, ikertzen ibili zen herritarrak bikote berria zuela pentsatu zuten... Koaderno ertain bat erabilita Bilboko Gran Vian jendea ez da konturatzen, baina biztanle guttiko lekuetan diskretuagoa da mugikorrean apuntatzea.

Objektibitatea ere inportantea da, hau da, benetan entzuten dena jasotzea. Taula bat betetzen dute, adina eta sexua apuntatuz, baita haurrak dauden ala ez eta badaude hizketan ari diren ala ez ere. Taldean nagusitzen den hizkuntza idazten da, euskara, gaztelania ala frantsesa eta bertze hizkuntzak.

1997an aste batean egin zuten neurketa eta 750 lagunek parte hartu zuten borondatez. Hau kontatu eta jendea harrituta gelditzen da. Gaur egun unibertsitateko ikasleak eta osatuta duten sareko lagunak ibiltzen dira batez ere zeregin honetan eta ordainsaria ematen zaie, baita formazioa ere. 2016ko neurketarako nahi duena animatzeko deialdia eginen dute.

Lekeitioko berezitasunak

Uranga arduratu da Lekeitioko lanaz eta berak azaldu dizkigu bertako berezitasunak. 2001ean egin zuten lehen ikerketa eta 2006an bigarrena eta tarte horretan euskararen erabilerak behera egin zuen. Hurrengo bi neurketetan (2008 eta 2014), aldiz, gorako bidea hartu du. Kalean entzundako elkarrizketen %69,4 euskaraz izan dira. Gaztelaniaz %29,3 eta bertze hizkuntza batzuetan %1,3.

Udan neurketa berezi bat egin zen turismoaren eragina ikusteko eta datuek diote 10 puntuko aldea dagoela euskararen erabileran: udazkenean %64,9koa da eta abuztuan %53,7koa.

Hiru ibilbide egin zituzten behatzaileek (ikasle lekeitiar bat eta neurtzaile sareko kide bat) eta emaitzak desberdinak dira hiruretan: euskara gehien eskola inguruan aditzen da, gutxien txikiteo gunean eta tartean dago ibilbide nagusia.

Biztanle gehienak euskaldunak dira (2011n, %80,5). Herritar talde bat grabatzen ari den filmean diotenez, Lekeition euskara dute besoak eta hankak bezala, baina erantzukizuna ere bai. Horregatik, erabilera bultzatu eta euskara mingainetan bizi-bizi egoteko lanean ari dira.

 

Lekeition martxan, besoak eta hankak bezala duten hizkuntza mingainean ere bizi izateko

Iker Ajuriagerra Lekeitioko Euskara teknikaria udaletxeko atean dago. Ostiral arratsaldea da eta euskararen kale erabilera indartzeko sortu duten Komunikazio taldeko lagunen esperoan dago. Fernando Garatea eta Enekoitz Goitia iritsi dira aurrena. Gero Marijo Lekue. Dei batzuk egin ondotik jakinarazi du koordinatzaile lanak egiten ari den Ajuriagerrak gainerakoak ez direla etorriko. Gauza batengatik ala bertzearengatik zaila da denak elkartzea.

Denborarik galdu gabe bildu dira udaletxeko areto batera, mahaia paperez bete eta osatzen ari diren dokumentalean sartu dira buru-belarri. Grabazioak eta esketxak prest dituzte jada, narratzailearen testua adostea falta zaie. Bakoitzak zati bat idatzi du etxean eta orain bateratu egin behar dituzte puskak.

«Nola hasiko gara? Irakurri egingo dugu?», diote. Argazkilaria eta biok izkina batean, belarriak tente lekeitiar euskarara ohitu nahian. Ulertzen ote diegun kezka agertu dute eta guk baietz, segitzeko euren martxan. Hala egin dute.

Filmaren lehenbiziko atalari ekin diote. Bertan denda batean grabatutako esketxa agertzen da, ironia puntu bat duena. Dendaria eta bezeroa hizketan ari dira arropa batzuen inguruan kanpoko bisitari bat, euskara ikastera Lekeitiora etorri dena, sartzen denean. «Leku onera etorri zara, leku euskaldunera», erraten diote lagun berriari, eta euren solasaldiarekin segitzen dute, saltoka saltoka, euskaratik gaztelaniara eta alderantziz. Bisitariak, horretaz konturatuta, zuzenean galdetzen die: «Hemen hala egiten duzue beti?». Solasean ari zirenak harrituta gelditzen dira: «Euskaraz ari gara».

Saltoen zergatiaren bila hasi dira Komunikazio taldekoak. «Ez da hiztegi falta, txispa eman nahi diogulako da», dio batek. «Baina zergatik du indar gehiago ‘cojonudo’ esateak ‘itzela’ esateak baino? Eta norentzako du indar gehiago? Denontzat ez da berdin izango», erantsi du bertze batek. Dokumentalean galdera irekia uztea erabaki dute azkenean.

Herritar euskaltzalez osatutako talde honetaz gain, bertze hiru dabiltza lanean norabide berean, bakoitza bere alorrean. Saltokiekin ari da bat. Lekeitio turistikoa denez, euskarari toki gutxi egiten diote batzuek, baina ohartarazi nahi diete jende asko herria euskalduna delako etortzen dela. Euskarari lehentasuna emateko eskatzen diete, eta euskaraz ez badakite hitz batzuk egiten saiatzeko. Pegatinak prestatzen ari dira.

Hirugarren taldeak ikastetxeetako guraso, irakasle eta begiraleak batu ditu. «Konturatzen zarete zenbat euskara eta gaztelania egiten den inguruan?, galdetu eta norberak eragiteko duen ahalmena azpimarratu dute. Laugarren taldeak kalitateari erreparatzen dio, erdarakaden aurrean zera galdetzeko: «Hau Lekeition zelan erabili izan dugu?».M. I.