Maider EIZMENDI
EMAKUMEEN

«BIZIRIK» DAUDEN EMAKUMEAK GERTUTIK GIZARTEAN ERAGITEN

Indarkeria Sexistaren kontrako Nazioarteko Eguna izaki, ehunka eta ehunka lagun irtengo dira gaur kalera, baina badira urteko egun guztietan salaketa hau ahoan hartuta dabiltzan elkarteak, tartean, egoera horretatik «bizirik» irtetea lortu duten emakumeek osatutakoak. Gertutasuna eta indarkeria jasaten duten emakumeen ezintasuna ulertzeko gaitasuna dira, euren esanetan, euren hitzei balioa ematen diotenak.

Emakumeon hitzak entzunda zaila da hunkitu gabe etxeratzea. Euren istorioen gogortasunak baino, hondoa jotako emakumeak horren indartsu ikusteak eragiten du bihotz-ukitua, haien irribarreak, egun indarkeria matxistaren katramilan korapilatuta dauden emakumeak laguntzeko erakusten duten prestutasunak... Bizirik elkartea aurkeztu da egunotan Gasteizen eta ekitaldiaren atarian topatu ditugu Conchi Villareal, Zuriñe Munoz, Nadia Stefan, Flora Dora Santos, Z.E. (inizialak ematea eskatu du) eta Itziar Gutierrez. Guztiak, beste hainbat emakumerekin batera, Bizirik elkartearen muina dira. Eraldaketarako gizarte eragile bilakatu nahi dute, eta euren bizipenetatik, gaur egun indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeei lagundu. Ez dira lehenak, aurretik ere badirelako helburu eta funts berdineko elkarteak, Ainhoa Malaxetxebarriak ordezkatzen duen Haize Berria kasu.

Zehaztasunetan desberdinak dira euren istorioak, baina muinean euren kontakizunetako soka muturrak elkartu egiten dira, adin eta ibilbide desberdinak izanagatik. Guztiek deskribatzen dute mina, guztiek izua, guztiek hain bortitza den zurrunbilotik ateratzeko ezintasuna... Guztiek egin dute topo, halaber, ulertzen ez dituen jendearekin. «‘Itzi, zu zarenarekin nola gertatu zaizu hau?’, galdegiten zidaten, baina nolakoa izan behar da ba? Ulertu behar dugu guri gertatu zaigun hau edozeini gertatu ahal zaiola, gainerakoan galduta gaude. Edonork egin dezake topo behar den moduan tratatuko ez zaituen pertsona batekin, matxakatuko zaituenarekin...», nabarmendu du Gutierrezek, alboan dituenak buruarekin baiesten dioten bitartean.

Gertutasuna sentitzea

Gertatzen ari zitzaiena inori kontatzeko kemena batu zutenean ere ez zuten beti behar zuten erantzuna jaso. «‘Utz ezazu!’, esaten dizute, sentitzen duzun beldur hori ulertu gabe, pertsona horri lotzen zaituen afektibitatea ahaztuta, ordurako erabat anulatuta zaituela kontuan hartu gabe...», jarraitu du. Behin eta berriz errepikatzen dute gertutasun falta: «Indarkeria jasan duen emakume batek ezin du zenbaki gisa tratatua izan, eta gutako batzuk GPS zenbaki bat izatera iritsi gara». Euren bikote zirenak salatzeko ere behin baino gehiagotan errepikatu zieten. «Ulertu behar da ez dela erraza; salatzeko esaten digutenean ondoren izango dugun bidea marraztu behar zaigu, salatu ostean eskura izango ditugun bitartekoak erakutsi», aipatu dute.

Osatze lanetan ez ezik, euren testigantzek prebentzio mailan ere eragina izan dezaten nahiko lukete. «Gure istorioak kontatzeak lagun dezake emakume hainbatek bizi dituzten egoerak aztertzeko. Gu zer sentitu genuen kontatzeko prest gaude, noiz eta nola konturatu ginen... Ez naiz zenbat kolpe jaso ditudan kontatzeaz ari, pixkanaka-pixkanaka handitzen joan ziren keinu eta gauza txikitxo horiez, antzematen zailak diren horiez baizik», aipatu du Malaxetxebarriak. Barne sentimenduak plazaratzeko gonbita luzatzen diete, beraz, asko «toxikoak eta kaltegarriak diren harremanetan» bizi direlako: «Nik nire kasuan ez nekien zer gertatzen ari zen. Genero indarkeria kolpeekin lotzen nuen eta eragiten ari zitzaidan min sikologikoa ezin nuen ulertu. Nik jendeari gomendatzen diot hitz egiteko, gure harremanez hitz egiteak ematen digun erreparoa alboratzeko», dio. Eta ingurukoengana ez bada, aipatu elkarteetarako batera gerturatzeko ateak zabalik dituzte. Izan ere, entzuteko daude, behar duenari eskua eman eta laguntzeko. «Instituzioetan prozedurak ia matematikoki betetzen dira eta gai hau oso emozionala da. Indar handia behar da eta eguna joan eta eguna etorri borroka egin behar duzu, ez da salaketa jarri eta kito konpontzen den kontu bat», nabarmendu du. Ideia berean sakontzen dute Bizirik elkartetik. «Guri lagundu ziguten hitzekin goxatu nahi dugu emakumea. Autoestimua igo behar zaie, indarkeria matxista jasaten duten emakumeen anulazioa erabatekoa delako. Niri berrehun mila aldiz esan zidaten nire bikotea uzteko egin aurretik. Horregatik, argi dut pazientzia ezinbestekoa dela», oroitu du Z.E-k. Zentzu honetan besarkadaren indarraz ere mintzo dira, haren babesaz eta sentiarazi dezakeen segurtasunaz. «Guk ez dugu botikarik behar, indartuko gaituzten jarrera eta hitzak dira gure botikak».

Indartze prozesua

Profesionalen eskuetan denbora eman dute eta pixkanaka lortu dute euren buruak indartzea, boterearen eremuan berriz kokatzea. Horregatik ez dute «biktima» etiketa horren baitan gelditu nahi. «Biktima hitza entzuten dugunarekin batera triste, itzalita eta indarrik gabe dagoen pertsona batekin akordatzen gara. Une horretan ez gara horrela sentitzen. Definizioari begiratzen badiogu izan gara, baina ez gara», dio Malaxetxebarriak.

Atzean utzi dituzten bizipen eta sentimenduak ahaztea zaila da. «Beti gogoratzen dituzu markatzen zaituzten gertaera horiek, nire kasuan horrela da. Gauza asko errekuperatu ditut, baina ez naiz lehen nintzen hura», aitortu du Muñozek. Uste ez zuen unean zabaldu zitzaizkion zirrikituei erreparatu nahi die, ordea, Stefanek: «Minetik abiatzen da, eta prozesua mingarria da, baina osatzen zaren heinean, aberastu egiten zara. Ni orain ikusten nauzun moduan ezingo zenuke pentsatu ere egin lehen zein modutan egotera iritsi nintzen». Ideia hori bera nabarmentzen du Malaxetxebarriak ere: «Nik askotan esan izan dut berriz jaio naizela, tipo honekin topo egin behar izan dudala begiak zabaltzeko, neure burua hobeto ezagutzeko eta zer nahi dudan eta zer ez jakiteko». Bata bestearen atzetik sortzen dira baieztapenak: «Nik dena irabazi dut, lehen ez neukalako ezertxo ere. Etxean ematen nuen eguna, beste ezer gabe», dio Villarealek. «Nik lana izan banuen eta baloratu eta errespetatua nintzen etxeko atea gurutzatzen nuen arte, han bukatzen zen errespetua. Orain eremu guztietan sentitzen naiz indartsua eta askea», adierazi du Z.E.-k.

Gizartean antzematen dituzten jarrera asko ere aldatu nahiko lituzkete. Euren ustez, oraindik ere indarkeria matxistaren aurrean herritarrei jarrera aktiboa hartzea kosta egiten zaie. «Eraso baten aurrean edota inguruko norbaitek indarkeria sexista jasaten duela jakitean beste alde batera begiratzeko joera dago. Ulertu behar dugu eta ulertarazi jarrera horrek konplize egiten gaituela, bizilagun bat edo gertuko pertsonaren bat erasotzen ari direla badakigu ezin dugula eskuak gurutzatuta geratu», azaldu du Villarealek. Badakite zertaz ari diren, batek baino gehiagok ikusi duelako erasoa jasaten ari ziren bitartean jendea eskuak gurutzatu eta beste alde batera begira pasatzen.

Orain gutxi elkartera gerturatu berri den emakume batek jertsea altxatu du hori entzun bezain laster. Ubeldura erakutsi du. «Niri hau kalean egin zidan nire erasotzaileak banku baten aurka bultzatuta eta inor ez zen gelditu ez ni laguntzera ez erasotzaileari heltzera». Hitzik gabeko segundoak eragin ditu kontakizunak. «Hori ezin dugu onartu!», sendo batek hautsi du: «Ezin dugu onartu, halaber, erasotzaileekiko dagoen gizarte inpunitatea. Guk babesteko gure ingurutik atera behar dugu sarritan eta eurek, berriz, lasaitasunez jarraitzen dute euren inguruan».

 

«A los niños no los golpean físicamente pero sí sicológicamente»

Su primer objetivo es apoyar y acompañar a las mujeres que sufren violencia machista, pero en su labor tampoco quieren dejar de lado a los hijos y las hijas que crecen «en este ambiente tan poco apropiado». «Mis hijos, además de ver lo que me hacía a mí, recibían una educación machista y basada en la sumisión de la mujer», cuenta Nadia Stefan.

Los recursos que se les ofrecen son escasos y, en muchos casos, inapropiados. «Tú eres la que recibe el golpe, pero ellos tampoco están a salvo en los hogares en los que se viven este tipo de situaciones, son golpeados sicológicamente», comenta Zuriñe Muñoz. Afirman que no se trabaja este ámbito porque a los niños y niñas no se les da opción a expresarse: «No hablan pero, desgraciadamente, escuchar, escuchan muy bien». Por todo ello, inciden en la necesidad de que se les dote de los mismos derechos y recursos.M.E.

Adierazpenak

«Instituzioetatik enpatia falta da; prozedurak ia matematikoki betetzea eskatzen digute, baina gai hau oso emozionala da»
Ainhoa MALAXETXEBARRIA

«Lan egiten nuen eta baloratu eta errespetatua nintzen etxeko atea gurutzatzen nuen arte, han bukatzen zen errespetua»
Z.E

«Ez dugu penarik eman nahi eta lotsarik sentitu nahi. Exenplua izan nahi dugu eta gure presentziarekin erakutsi irten daitekeela; egin dugu»
Conchi VILLAREAL

«Gauza asko errekuperatu ditut, baina ez naiz lehen nintzen hura; indarkeria jasatean beti dago halako iragan eta orain bat»
Zuriñe MUÑOZ