G. M Z.
baigorri
Entrevista
ADMAN AFRIDI ETA BADAM GUL
BAIGORRIN ATERPETUTAKO ERREFUXIATUAK

«Pariseko atentatuak bezalakoak noiznahi bizi izaten ditugu gurean»

Afridi afganistandarra da; Gul, pakistandarra. Biak gertukoak, edonola ere, herrialde horien arteko muga eztabaidatuaren ondoan dutelako batak eta besteak jaioterria. Hizkuntza bera hitz egiten dute: paxtuera. Etorkinez maiz izaten den uste bat ustela dela erakusten du beren curriculumak: Gul elektronika ingeniaria da; Afridik informatika ikasi du.

Zein da zuen ibilbidea?

GUL: Nire asmoa oraingoan Frantziara joatea zen. Lehendik izana nengoen Ingalaterran eta handik deportatua izan nintzen. Horregatik ez naiz berriro hara joango.

AFRIDI: Ni lehenik Alemaniara iritsi nintzen. Gero, lagunak Ingalaterrara joateaz mintzatu zitzaizkidan. Nire familia gehientsuena han dago.

Calaiseko harrera-gunetik ekarri zaituztete hona. Nola bizi da han?

A: Calaisen hilabete pasatu dut nik. Han bizitza oso latza da...

G: Ez dago ez etxerik ez oherik, hotzak pasatuta bizi izan gara, luzaz ez nuen dutxarik hartzerik ere izan, ez dagoelako ur berorik. Hori da «oihana». Nola bizi liteke han? Jendeak hor jarraitzen du Ingalaterrarako muga pasatzeko itxaropenez. Pentsatzen dute bertan dirua erraz lortzen dela, lana ere bai. Baina, zoritxarrez, ez da hala. Han ez dituzte paperak lortuko. Ez dut ulertzen nola ez diren horretaz jabetzen. Zer arraio egiten dute Calaisen? Poliziak pasabidea eragozten du. Zergatik ez Europan beste nonbait saiatu?

Ingalaterrara joatearekin tematze hori nondik dator orduan?

G: Txanponagatik. Han balio handiagoa du. Bestetik, hizkuntza lotura ere hor dago. Nire herrialdean bost urtetik aurrera eskoletan liburu guztiak ingelesez dira. Horregatik, txiki-txikitatik ikasi dute hizkuntza hori, eta gero nora joan nahiko dute bada? Ingalaterrarekin esperientzia badute. Nik ez nituen frantsesa edo euskara ezagutu ere egiten!

Zerk bultzatu zintuen etxea uztera?

G: Ni bizi naizen tokian egoera oso ezegonkorra da. Bost alderdi ezberdin daude eta gobernu zentralak ez du behar beste indar egoera menderatzeko. Talibanak oso indartsuak dira. Horregatik erabaki nuen bidaiari ekitea. Hemen ere, euskaldunak, adibidez, egoera txarra zenean Ameriketara joan zineten eta gero bueltan etorri zarete. Bihar hala izango ahal da nire herrian...

A: Nire kasua antzekoa da. Armadak adibidez, atentatuak daudenean, sekulako galdeketak egiten ditu. Kolaborazio eskaintzak onartu ezean heriotza mehatxuak egiten dituzte. Egoera jasangaitza da. Ni pertsona normala naiz! Ez dut nire bizia arriskuan jarri nahi. Gogoratzen Pariseko atentatuak? Pakistanen-Afganistanen egoera hori noiznahi bizi dugu.

Hemen Europan arazorik izan duzue poliziarekin?

A: Ez, ongi. Calaisen adibidez, itsasoa pasatu nahian harrapatuz gero, berriro harrera-zentrora eramaten zaituzte eta kito. Ez jo, ez deus.

Euskaraz zerbait ikasi duzue?

A: Nik hitz bakan batzuk ikasi ditut: «Untsa zirea?» «Pasa gauon» «Bat, bi, hiru, lau...»

G: Ez... Frantsesez ikasi ditut nik hitz batzuk: «kaixo», «zein da zure izena» eta horrelakoak. Hizkuntza hori ikasi nahi dut, Frantzian geratu nahi baitut. Hiruzpalau hilabeterako ingelesez moldatzea badago, baina bertan geratzeko, dendetara joateko, osasun zentrora joateko... bertako hizkuntza jakin behar da zauden tokian zaudela. Hori ezinbestekoa da.

Otsailaren 15a eta gero, zer?

A: Giltza pasaportean dago eta bigarrenik, hizkuntzan. Hortik dator gero lana, bizitza...

G: Ez dakit nora eramango nauten... Paper kontuak argitu beharko dira lehenik.