GARA
SANA

Riadek zuzendutako bonbardaketa batek 32 zibil hil ditu Yemenen

Saudi Arabiak zuzentzen duen koalizio militarrak Yemengo hego-mendebaldean azken 24 orduetan egin dituen bonbardaketek 32 zibil hil dituzte, matxinoen inguruko hedabideek jakinarazi dutenez. Hildakoen artean zazpi emakume eta sei ume daude.

Aire erasoak ostiral arratsaldean hasi ziren eta atzo goizean bukatu. Ta’izz probintziako bost puntu bonbardatu zituzten gerra hegazkinek, SABA berri agentziaren arabera. Ali Abdalah Saleh presidente ohiaren indar matxinoek joan den asteartean galdu zuten Al Moja, Abdo Rabu Mansur Hadi presidentearen tropen erasoaldiaren eraginez.

Riadek osatu zuen «arabiar koalizioa» orain ia bi urte hasi zen esku hartzen Yemengo gatazkan. Sayyed Abdul Malik Al Huthi matxinoen buruak telebistaz joan den ostiralean eskaini zuen hitzaldi batean Yemen defenditzera deitu zuen, «AEBek babesten duten saudiarabiarren gerra erasoaren aurrean». Al Huthiren ustez, «etsaiak aurrera egin nahi du Yemenen Donald Trump AEBetako presidenteari garaipena opari moduan eskaintzeko».

Gosetea

Hadiren Gobernuak Saudi Arabiak zuzendutako koalizio militarra du bere alde; eta matxinoek, Iran. Gatazkak dagoeneko herrialdeko azpiegitura gehienak suntsituta utzi ditu eta gosete arriskua gero eta larriagoa da. Unicef Nazio Batuen agentziak egin dituen kalkuluen arabera, Yemengo 7,5 milioi haurrek premiazko osasun laguntza behar dute eta 375.000 inguru dira desnutrizioa jasaten dutenak.