GARA
PARÍS

Indarkeria polizialaren aurkako protesta Parisen, Le Penek debekua eskatu arren

Milaka lagun irten ziren atzo kalera frantses Estatuko makina bat hiritan Theo gazte bortxatuari sostengua adierazi eta indarkeria poliziala salatzeko asmoarekin, nahiz eta Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiak atzo arratsalderako deitutako manifestazioak debekatzeko eskatu zuen goizean.

Paris hiriburuko Errepublika plazan hasi zen mobilizazioan milaka lagunek esku hartu zuten (2.300, agintarien arabera), SOS Arrazakeria gobernuz kanpoko erakundeak deituta.

Tankerako protestaldiak, baina partaide gutxiagorekin, egin ziren Nizan (250 manifestari), Poitiersen (200), Montpellierren (150) eta Dijonen (150).

Theo izeneko gaztea agenteen indarkeriaren eta horien inpunitatearen ikur bihurtuta dago Estatuan. Bera atxilotu ondoren, eraso egin zioten zaindu behar zutenek: borra ipurdian sartu eta zauri larriak eragin zizkion ustez polizia batek. Gaztea afrikar jatorrikoa da. Atxiloketa Aulnay-sous-Bois herrian egin zuten, otsailaren 2an. Theo joan den ostegunean irten zen erietxetik. Ospitalean egon zen bitartean François Hollande presidentearen bisita izan zuen.

«Milizia biolentoak»

Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiak gaia baliatu nahi izan zuen apirilaren 23an egitekoak diren hauteskunde presidentzialei begira bere posizioa indartzeko. Agintariei eskatu zien arratsalderako deituta zeuden manifestazioak debekatzeko: «Ezker muturreko milizia biolentoak elikatzeari utzi behar diote, horiekin hain atseginak izan beharrean».

Indarkeria polizialaren aurkako manifestazioen ondoren, behin baino gehiagotan, manifestarien eta polizien arteko borrokak sortu izan dira, atzo Parisen eta Dijonen gertatu moduan. Istilu horiek erabili ditu Le Penek bere eskaria egiteko argudio moduan: «Ulertezina da Gobernuak tankerako protestaldiak debekatzeko neurriak hartu ez izana, Errepublikako ordena bermatu ez izana».

Inkesten arabera presidentetzarako hauteskundeak irabazteko aukera gehien duen politikariak Poliziaren aurkako irainak ere gaitzetsi zituen, «Frantzia iraintzea» delakoan.

Theo gaztearen aurkako erasoan nahastuta dauden lau agenteak auzipetuta dauzkate. Horietako bati bortxaketa ere leporatu diote. Poliziak berak egindako txostenak onartzen du oso atxiloketa biolentoa izan zela, baina bortxaketa «istripuzkoa» izan zela.