Haimar Altuna eta Iñaki Lizundia
Gipuzkoako Sortu
KOLABORAZIOA

Erabaki nahi dugu, jakina!

Sinplea da: justua da nork bere buruaz erabaki ahal izatea. Eguneroko bizitzan hori bilatzen dugu. Inork ez luke onartuko gure jendartean norbaitek besteen gain erabakitzea. Askatasuna eta demokrazia dira elkarbizitza zibilizatuaren gakoa. Herritarren arteko oinarrizko berdintasunean oinarritzen da ikuspegi hau, eta horren arabera ez dago inor baino gehiago den inor.

Maila indibidualean gauza bera gertatzen da: jendartea jendearena da, denona, eta denona denon artean kudeatu behar dugu. Denona den horren kudeaketa denon artean erabaki behar dugu. Honi erabakitzeko eskubidea deitzen diogu.

Demokrazia inoiz baino gehiago aipatzen delarik, neoliberalismo zitalak egunero egiten dio eraso, dirua herritar eta herrien gainetik jarriz. Planeta bera arriskuan jarri duen eredu honek demokrazia du etsai. Izan ere, elite finantzarioen boterea eta herritarren boterea, elkarren kontra daude, eta bateraezinak dira.

Demokrazia liberala itxura huts bilakatu dute, erabakiak gutxi batzuek hartzen baitituzte, alderdi eta instituzio gehienak gutxi horien menpe jarri dituztela begi bistakoa da. Ez da harritzekoa jende askok betiko alderdiei sorbalda eman izana. Baina, eta hau da makurrena, agian, neoliberalismoak bere mamuak sortu ditu ondorio gisa eta leku askotan anabasaren kontrako erreakzioak XXI. mendeko faxismoen bidetik datoz. Finean, demokraziaren urraketak, tamalez, demokraziaren etsaien posizioak indartu ditu.

Irteerarik gabeko bide horretatik atera nahi dute herri askok, bestelako agertokiak eraikiz saiatuz. Eskoziak, esaterako, Britainia Handian nagusitutako neoliberalismo basatiaren eta eskuin muturraren hazkundetik ihes egin nahi du. Kataluniak, bere aldetik, Espainiaren itxikeria eta hautapen autoritarioari agur esan nahi dio. Mugimendu erraldoi horiek gure garaiko fenomenoak dira, globalizazio neoliberalaren testuinguruan ulertu behar direnak, ez XIX. edo XX. mendeko ohiko saio nazionalistak.

Elkarbizitza eredua dago eztabaidaren erdian eta jendarte batzuek arnasa bilatzen dute itotzen dituzten estatuetatik ihes eginaz. Demokrazia eta eredu sozioekonomikoak daude auziaren erdian, horregatik Brexitaren norabideratzeak beste erreferenduma ekarri du Eskozian. Horregatik espainiar estatuaren errepresioak berpiztu du independentismo kataluniarra.

Eta gu zer? Euskal herritarrok zein bide hartu beharko genuke? Espainiak eta Frantziak bat egiten dute pribatizazio, murrizketa eta hautu autoritarioen apustuan. Eredu monolitiko inposatzailean oinarritzen dira, eta, tamalez, ez dago hori aldatzeko masa kritikorik. Gure jendartea menpe egongo da, irteerarik gabe, erabakitzeko aukera ukatzen digutelako.

Espainiak eta Frantziak ez dute guk erabakitzea nahi. Gure ordez erabakitzen segitu nahi dute, gure gainetik, baita gure kontra ere. Geure ekonomia, irakaskuntza, osasun sistema, pentsioak, lan baldintzak, hizkuntza, kultura, askatasunak eta geure elkarbizitzaren baldintza material eta immaterialak beren menpe egongo dira geure erabakitzeko ahalmena gureganatzen ez dugun bitartean.

Herri gisa geure buruan sinistu eta ekiteko garaia da. Ez da eskatzeko tenorea, geurea dena hartzeko unea baizik. Demokratikoki, pausoz pauso, beraiek ez bezala, ezer inposatu gabe, baina irmo, konplexurik gabe, determinazioz. Burujabetzeko garaia da. Taupada biziagoa dago jendartean Gasteizko Parlamentuan baino. Herrietatik datozen haize freskoek lortu beharko lukete Parlamentuaren aretoetara iristea, autogobernu ponentzia burujabetze eragile bilakatzen laguntzeko. Izan ere, oso kezkagarria da alderdi kalkuluek, mediokritateak eta ikuspegi exkasek aukera historikoari ihes egiten uztea.

Guk argi diogu: lurralde bakoitzean (EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian) gehiengoak osatu nahi ditugu estatu propioen alde. Hiru estatuak konfederatu egingo dira ondoren, bat egingo dute.

Egungo marko mugatua herriaren borrokaren eta askatasun grinaren ondorioa da, ez elite batzuen negoziatzeko gaitasunaren ondorio. Ibarretxek aitortu duenez, ez dago aldebikotasunik eseri nahi ez duenarekin. Autonomien eredua hilik dago Espainiako Erresumak ez baitu inoiz ontzat eman. Agertoki honetan errealismoa aukeratu behar dugu Espainiarekiko itun justuaren fantasia baztertuz. Errealista geure bidea egitea da, adostasunetarako prest, baina itxaron gabe.

Herritar mugimendu indartsua antolatu da kontsultak antolatzeko. Miresgarria da. Zoriontzekoa. Herria da, herria abian, herria bere buruaren jabe. Ez zaigu ariketa demokratikoagorik bururatzen.

Kontsultetan parte hartzeko deia egin nahi diegu herritar guztiei, hasteko, beren iritzia dena delakoa izanik ere, denak baitira errespetagarriak. Era berezian, geure estatuaren sorkuntzaren aldeko hautua egiten dugu eta beraz, baiezkoaren aldeko parte-hartze zabala sustatu nahi dugu.

Geure estatua behar dugu, komeni zaigu, hauxe da anabasa eta erokeria neoliberalari aurre egiteko bide bakarra, geure demokrazia eraikiz, geure errepublika eginez. Herriak bere buruaz erabakitzea inoiz ez da sinbolikoa. Beti da demokrazia ariketa, legeek nahi dutena esan arren. Botoa eman ezazue, eta geroa aukeratu, hau da, geure estatuaren eraikuntzaren aldeko botoa eman!