Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Hondakinen planaren luzatzea auzitara eraman du GuraSOS-ek

GuraSOS elkartearen xedea adostasuna lortzea da, eta horretarako denbora behar dela diote. Hori dela eta, Aldundiak ematen dituen pauso guztiak kontu handiz aztertuko dituztela aitortu zuten, ahal duten guztietan errekurtsoak jartzeko. Konbentzituta daude erraustegiaren eraikuntza atzeratzea edo etetea lortuko dutela. Hein horretan, bide judizialaz gain bestelako bideak ere aztertuko dituzte eta ekimen berriak iragarriko dituzte laster.

GuraSOS elkarteak Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integralaren iraunaldia luzatzearen kontrako administrazio errekurtsoa jarri zuen asteazkenean.

Izan ere, 2002-2016 eperako planak indarra galdu zuen 2016ko abenduaren 31n eta, horregatik, 2017-2030 eperako plan berria tramitatzen hasi zen Gipuzkoako Aldundia urtea amaitu aurretik. «Baina norbaitek erabaki zuen politikoki plana ez tramitatzea eta kajoi batetan sartzea», legez plan berria egitean herritarrek parte hartzeko duten eskubidea saihestuz, Joseba Belaustegi elkarteko abokatuak azaldu zuenez.

Hondakinen plan horretan Zubietako erraustegia egitea zegoen aurreikusia, eta, beraz, 2016. urtea amaitu aurretik obrak esleitu behar zituen partzuergoak, baina honen erabakia ez zen garaiz iritsi eta, hortaz, Aldundiak aurrekontuen foru arauan xedapen gehigarri bat sartu zuen planaren iraunaldia luzatzeko. Belaustegiren hitzetan, «ezin da hondakinen lege bat aurrekontuen arau baten baitan aldatu, lege bakoitzak bere araua behar duelako».

Horrez gain, kontuan izan behar da hondakinen gaineko planak gutxienez sei urtetik behin berrikusi egin behar direla legez, eta hondakinen plan hori duela zortzi urte berrikusi zela azken aldiz. GuraSOSen ustez «trikimailu» honen bidez Aldundiak «herritarrei bizkarra emanda», inolako parte-hartze prozesurik gabe, 2002-2016 plana beste hiru urtez luzatu nahi du, alegia, erraustegia eraikita egon arte. Horrek, gerora parte-hartze prozesua ireki arren, ate batzuk ixten ditu. «Guk parte hartze prozesu oso bat nahi dugu, erraustegia ez eraikitzeko aukera ematen duena», gaineratu zuten.

Denbora irabaztea

Bestalde, gogoratu zuten Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren baitan Debabarrena mankomunitatea dagoela eta bertan Bizkaiko bi herri daudela (Ermua eta Mallabia), eta hortaz eskumena ez dela Gipuzkoako Aldundiarena baizik eta legedi autonomikoarena.

Era berean, FCCk obren kontratua Urbaserri esleitzearen aurka errekurtsoa jarri zuen asteartean, bada GuraSOSek eskatzen du horren tramitazioa etetea hondakinen planaren inguruan aurkeztu berri duten helegitea ebatzi arte. Pauso judizial hauen guztien helburua erraustegiaren eraikuntza atzeratzea edo etetea da, uste baitute akordio batera iristeko denbora behar dela eta, akordioa da elkartearen xedea. Alde horretatik, denen laguntza beharrezkoa dela uste dutenez, esan zuten ez dutela larunbateko erraustegiaren kontrako manifestaziora joateko deia egingo.