Xabier IZAGA
GASTEIZ

Arabako bertsolaritzaren «historia eta mapa», larunbateko finalean

Ilusioa, gogoa eta konpromisoa. Horra datorren larunbatean Arabako Bertsolari Txapelketako finalean parte hartuko duten sei bertsolariek aldean daramaten ekipajea. Zenbait belaunaldi eta eskualde ordezkatzen dituzte, eta Gasteizko Printzipal antzokian beren onena emateko prest agertu ziren atzo, finalaren aurkezpenean. Eta ez da gutxi eman dezaketena, duela 35 urte ehuntzen hasitako sareak zer eskainia baduela erakusten jarraitzeko.

Aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketa iragartzen duen kartelean amaraun handi bat ageri da, sare bat. Arabako bertsolaritzaren sinbolo egokia, herrialde osora zabaldu diren bertso eskolek bertsolaritzan eta oro har euskalgintzan izan duten eta duten eragin handiaren adierazgarri. Hala azpimarratu zuen atzo Oier Suarez Txapelketako arduradunak Printzipal antzokian, datorren larunbatean arratsaldeko 17:30ean finala jokatuko duten leku berean, hain zuzen. Berak aurkeztu zituen saioan parte hartzeko adina puntu lortu dituzten sei bertsolariak: Asier Otamendi, Oihane Perea, Serapio Lopez, Manex Agirre, Xabi Igoa eta Iñaki Viñaspre.

Nieves del Alamok aurkeztuko du Printzipaleko saioa; gai emailea Aintzane Irazusta izango da, eta epaileak, Aitor Jimenez, Mikel Fernandez de Arroiabe, Patxi Aizpurua, Iker Elexpuru eta Ainhoa Aizpurua. Lehenengo atalean, sei bertsolariek jardungo dute, binaka eta bakarka, eta puntuaziorik handiena lortzen duten biek buruz burukoan erabakiko dute zein burutara jausten den txapela edo, hobeto esateko, zein burutan jantziko duen Karla Santiesteban Olabarriak. Santiesteban Arabako bertsolaritzaren sustatzaile nekaezina izan da, duela 35 urte Aiaran Arabako lehen bertso eskola sortu zenetik. Urte horietan guztietan egin duen «lan isila» aitortzeko eta eskertzeko modua da irabazleari txapelketako sari nagusia janztea. Beretzat «ohore itzela» dela esan zuen Santiestebanek atzo.

Banan-banan, hitza hartu zuten sei finalistek. Manex Agirre egungo txapeldunak gogoz iritsi dela esan zuen, baina «seietako bakoitzak inoizko aukerarik handiena» duela txapela eramateko, eta Otamendi eta Perea aipatu ondoren, bere aukera handiagoa dela ohartarazi zuen, adar soinuan. Txantxak txantxa, Arabako bertsozaleek merezi duten mailako finala eskaintzea espero du, eta sei finalisten konpromisoa agertu zuen hala izan dadin.

Serapio Lopezek lehen aldiz kantatuko du Txapelketako finalean. Hori dela eta, bere ilusio berezia agertu zuen Printzipalen abesteko «ametsa» betetzear. Duela 25 urte Prudentzio Deuna Sariketan bigarren geratu zela gogorarazi zuen taldeko beteranoenak, Santiesteban bezala Aiarako bertso eskolaren eta, beraz, Arabako bertsolaritzaren fundatzaileetakoa baita. Nolanahi ere, bere adinari «zama pixka bat kentzearren», bertan zegoen euskaldun berri bakarra izanda, euskaldun moduan 36 urte baino ez dituela esan zuen.

«Ilusio» hitza atera zen Oihane Perearen ahotik ere, larunbateko finalak Arabako bertsolaritzaren historia eta «mapa» irudikatuko baititu, zenbait belaunaldi eta eskualdetako bertsolariak bilduta. Oihane bi txapelen jabe da.

Xabi Igoa aramaioarra denetan gazteena da; hala ere, bigarren finala du aurtengoa, eta Iñaki Viñaspre abetxukuarrak esan zuenez, «bertsolari osoa» da. Viñasprek gehixeagotan parte hartu du, 2004az geroztik edizio guztietan izan baita. Bere helburua Printzipalen, «Arabako bertsozaleen topagunean», saio polita egitea da, onena eskainiz.

Asier Otamendi gasteiztarra ere beteranoa da, baina «24 urte baino ez» omen ditu bertsotan hasi zenetik. Eta beteranoa da, bertsotan ez ezik, txapelak janzten ere. 1997an jaso zuen lehena, Prudentzio Deuna sarikoa, hain zuzen, dirudienez gustura jaso ere, hurrengo urteetan beste lau jaso baitzituen, eta ondoren Arabako Txapelketako beste lau.

Txapelketan parte hartu zuten 18etatik sei geratu dira. Txapeldun bakarra izango da, baina buruz burukora iristen diren biek Euskal Herriko Txapelketa Nagusian parte hartuko dute.