I.S.
GASTEIZ

Gaixo dauden presoen eskubideak defendatu ditu Sare-k Arabako Batzarretan

Arabako Batzar Nagusiek larriki gaixo dauden euskal presoen eskubideak defenda ditzatela eskatu du Sarek. Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak atzo azaldu zuenez, Estatu espainoleko eta Europako legeak beteko balira gaur egun gaixorik dauden 13 errepresaliatuak etxean egongo lirateke.

Sareko bozeramaileak Oier Gomez eta Jose Ramon Lopez de Abetxuko preso gasteiztarren egoera azpimarratu zuten. Gomezi dagokionez egoera larrian dela nabarmendu du Azkarragak. Izan ere, Ewingen sarkoma diagnostikatu diote, eta metastasia du buruan eta pelbisean.

Lopez de Abetxukok, berriz, hainbat gaixotasun pairatzen ditu: bradikardia sintomatikoa, fibrilazio aurikularra, prostatako adenoma, zerbikoartrosia eta alde biko koxartrosia. Presoak 66 urte ditu eta 26 urte daramatza kartzelan. Zigorraren hiru laurdenak bete ditu eta 2014tik kalean behar luke Europako arauak aplikatuz gero, Estatu frantsesean hiru urteko espetxe zigorra bete baitzuen.

Atzoko eztabaidan, Batzar Nagusietako talde guztiek defendatu zuten preso gaixoen askatasuna, PPk eta biltzarkide independenteak izan ezik. PPko eledunak Azkarraga «ETAren interesen bozeramailea» dela adierazi zuen. EH Bilduk eta Azkarragak berak kritikatu egin zituzten Ana Moralesen hitzak, baina honek ez zuen atzera egin.

Elkarretaratzeak

Bestetik, asteburuan beste behin elkarretaratzeak egin ziren euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko. Altsasun 37 lagun bildu ziren igandean. Atzo ere egon ziren errepresaliatuen aldeko bilkurak hainbat udalerritan eta auzotan: Gernikan (33), Iurretan (38), Euban (7), Astrabuduan (14), Zaldibian (13), Iruñean (60), Ondarroan (49), Laudion (45), Otxarkuagan (12) eta Altzan (17).