gara, donostia

PRESO POLITIKOEN NAZIOARTEKO EGUNEAN EPPK-REN AGIRIA EUSKAL JENDARTEARI

Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren karietarat hainbat gairi buruzko aipamena egin eta gure hausnarketak helarazi nahi genizkioke euskal jendarteari.

Ezeren aurretik gure eskerrik beroenak urtarrilaren 14an Bilboko kaleak bete zenituzten erkideoi. Eta baita ere Sara Majarenas burkideak eta bere alabatxo Izarrek bizi izandako une lazgarrietan babesa eta laguntza emateaz gain haien askatasunaren alde mobilizatu zareten guztioi.

Eskertzen zerrenda luzatu beharrean gaude, martxoaren 25ean Baionan larri gaixo ditugun burkideen askatasunaren alde eta biziarteko zigorraren aurka egindako manifestazioetan parte hartu duzuenoi. Larri gaixo dauden kideen zerrenda handitzen ari den heinean agertzen ari zaigu Espainiako eta Frantziako agintarien krudelkeriaren tamaina, Oier, Aitzol, Txus, Ibon eta beste guztiek beren hurkoen alboan behar dute, premia larriz!

Duela urtebetetik gaurdaino euskal presoenganako elkartasun ekimenak biderkatu egin dira, gure ziegakide ohiek zeresan handia dutelarik oldarraldi berri horretan. Beraientzat besarkada tinkoak. Beraiek burua hemen izango duten arren oraindik, lortu dute Kalera Kalera! ekimenaren bidez gure presentzia Euskal Herriko txoko guztietara eramatea: milesker!

Duela urtebeteko agirian honela genioen: «‘Presoen gaiak' azken urteotan kokapen zaila izan du gatazkaren konponketaren eta askapen borrokaren baitan, ezker abertzalearen ‘arazo’ bilakatuta ikusi nahi izan baitute Euskal Herriaren askatasunaren etsaiek. Badirudi, oraingoan ekuazioa askatzeko formula aurkitzeko bidean gaudela». Ez dakigu formulak funtzionatuko duen, baina bederen ari da bere fruituak ematen. Herriak ahantziko gintuen esperantza zuten batzuen amorrurako.

Iaz iragarri bezala, EPPK-k ere hartu du dagokion arduraren partea, eta joan den abenduaz geroztik gure aurrera begirako ildoa finkatuko duen hausnarketa prozesuan murgilduta gaude. Atal honetan ere gure eskerrak eman behar dizkiegu eztabaida burutzeko mota orotako laguntza eskaintzen ari zaizkigunei.

Zailtasunak zailtasun, eztabaida erritmo onean doa. Oraindik jasotzen ari gara txostenari egindako ekarpenak, botoak eta Kolektiboaren ordezkari eta mintzaide izateko izen proposamenak, maiatzaren hogeian bukatuko delarik beroriek jasotzeko azken epea, horrela udaren erdialderako behin betiko txostena ezagutzera eman ahal izateko.

Udaberri eta udarako ere presoon aldeko dinamika azkarra antolatuta dago, duela 40 urteko Amnistiaren Aldeko Astea gomutan, orduko hartan indar errepresiboek hil zituzten herritar solidarioak omentzeko aukera izango dugu; eta baita, harrez geroztik amnistiaren aldeko borrokan hildakoak, espetxean hil dizkiguten burkideak, deportazioan eta atzerrian hildakoak eta deportazioan oinarritutako kartzela-politika kriminalak hil dizkigun senide eta lagunak ohoratzekoa ere.

Bestalde, datorren maiatzaren 20an, aipatu berri dugun deportazio edo urruntze politika eta baita Kolektiboaren sakabanaketa salatzeko, ikur gisa hartutako Frantziako eta Espainiako hiru espetxe banatara antolatuta dauden martxetan parte hartzera dei egiten dugu guk ere. Ez izan zalantzarik, sakabanatuta gaituzten hirurogeita hamarretik gora gotorlekuetara iritsiko da herritarron elkartasuna. Udan ere izango da aukerarik presoon eta gure hurkoen aldeko eskubideen alde aldarri egiteko eta bereziki uztailean egingo den Askatasunaren Martxan, duela 40 urte antolatutakoaren oroigarri izango dena.

Urtebetean aldarte sendoagoz sentitzen dugu euskal presoak kalera ateratzeko ekimena, nahiz eta agintari eta arduradunek eginahalak eta bi egin beroriek blokeatzeko, saboteatzeko edo berotzen hasia den giroa hoztu eta zapuzteko. Duela urtebeteko agirian genioen bahituta gauzkaten estatuek eginahalak eta bi egiten ari zirela konponbidearen ateak ixteko eta gure iritziz beste garai batzuetan hitzez bederen gatazkaren gainditzearen alde zeuden eragile batzuen babesa jasotzen ari zirela.

EAEko lehendakari Urkulluren hitzak txarresten genituen, deportazioa eta sakabanaketaren arteko bereizketa eginez, 90. hamarraldiko PNVren «Madriletik gora» ospetsua berreskuratu berri zuelako. Jarrera horiek gure eta gure senide eta lagunen eskubideen urraketaren enkante moduko bat zela irizten genion.

Ordukoa berretsi beharrean gaude: «Urkulluk, ardura ez ezik ahalmena ere badu euskal preso politikoon deportazioa amaitzeko orduan». Horregatik eskatu genion bere esku zegoen guztia egin zezala Espainia luze-zabalean deportatuta (eta sakabanatuta) gauzkaten euskal hiritarrok Euskal Herriko kartzela batera ekar gintzaten.

Berari eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari Uxue Barkosi eskaera berritu beharrean gaude, egoerak bere horretan jarraitzen duen neurrian. Zaballara eraman gaitzatela, gure eskubideengatik ez bada, gure hurkoen sufrimenduari amaiera emateko eta Euskal Herrira bakea ekartzen laguntzeko urrats gisa.

Badute non hartu etsenplu, berriki Euskal Elkargoko lehendakari izendatua izan den Jean-Rene Etchegarayrengandik, alegia. Bere eta Ipar Euskal Herriko alderdi eta eragile gehien-gehienen jarrera garbi, zintzo eta eraikitzailea bihotzez eskertzen dugu.

Preso Politikoen Nazioarteko Eguneko agiri hau bukatzeko, esan behar dugu munduan zehar botere zanpatzaileen kontra borrokan aritzegatik espetxeratuta dauden anai-arrebekin batera daramagula aurrera gure borroka, bakoitzak bere txokoan guztiok justiziaren alde. Guk ez dugu etsiko Euskal Herria askatzeko borrokan eta borroka hori izango da gure ekarpena mundu justu bat lortzeko bidean.

Aurten, gainera, Aberri Egunaren biharamunean egokitu zaigu gure egun hau. Bonbardaketaren 80. urteurrena dela-eta Gernikan Aberri Eguna kari egin ekitaldian ez dugu egoterik, ezta Uztaritzekoan ere, baina bai igandean bezala astelehenean ere EPPK-ko kideok urtero legez ekimenak burutu asmo ditugu kartzelaz kartzela.

Urtero bezala, bihoakie gure agur iraultzaile eta elkartasunezkoa preso palestinarrei, kurduei, kolonbiarrei, maputxeei, sahararrei, korsikarrei eta munduan zehar oinarrizko giza eskubideen alde borroka egiteagatik espetxean dauden guztiei.

Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura! Jo ta ke, irabazi arte!

Euskal presoak Euskal Herrira! Amnistia! Autodeterminazioa!

EPPK

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

Euskal Herria bihotzean, 2017ko apirila