Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zelako urmaela halako igela!

Ustel hatsa dario gure hegoan den Estatuko zenbait egitura politikori. Berriro. Amaiera ez duen hats-bidea. Gero eta hatsagoa. Sudurrak aspertu besteko kiratsa. Sudurrok inoiz ez dute orain besteko beharra izan pintzek estutuak izateko. Seguruenik, haskeria Estatu forma guztiek atxikian duten zerbait da, han izan edo hemen, baina oraingoan notizia handik dator. Tira, horren harira! Derrepentean konturatu dira betiko demokrata batzuk urteetan alboko izan dituzten pertsonaiak ustel atera zaizkiela. Normal! Castinga kloaketan eginda ezin besterik espero! Zelako urmaela halako igela! Total, hau iceberga baino ez da. Beroketa globala lagun, laster ikusiko kloaketako icebergen behealdekoa bera ere.

Haize freskoan dago etorkizuna, osasunez! Haize-orratza behar, iparra hegoan balego ere. Mon Dieu! Gibraltar pasatu zait egunotan burutik, eta denbora bat bertan egin ere. Ez, ez, ez du zerikusirik ez duten burujabetza konpartitzeko jeltzaleek asmatu duten erreferente geografiko berriarekin, inguruan aproposagoak direnak apropos ahaztuta. Ez. Urtxintxengatik etorri zait Gibraltar burura; izan ere, geografo grekoek idatzita utzi omen zuten garai hartan Iberia hain zegoela basoez estalita, non urtxintxa bat Pirinioetatik Gibraltarreraino joan zitekeela adarrez adar lurra zapaldu barik. Orain lurretik arrastaka joango litzateke, urtxintxarik geratzekotan.

Urtxintxa saltokariek adarrak amets! Gernikako arbolaren kimuak handik eta hortik lantzen ari diren honetan, balio dezala horrek bestelako fruituak lortzeko, lur honetan bertan ere. Ahaztu barik Gernikakoa bera lehortu egin zela fruituak ematen utzi ez zutelako. Bakea eskubide unibertsala izatea, jakina! Ur eta haize freskoa bezala. Arbolak bezala. Eskubide hartzen ez denak eskuetara jotzeko bidea zabaltzen ohi du. Total, ezkur ausartek txerriak amets!