Ainara LERTXUNDI
DONOSTIA

Europaren etorkizuna eztabaidagai Donostian, EH Bilduren eskutik

Europako Parlamentuak sustatu eta EH Bilduk –GUE/NGL talde parlamentarioaren kide gisa– antolatuta, Europaren eta ezkerraren etorkizunaz eztabaidatuko dute ekainaren 6tik 8ra Donostian eta Arrasaten izango diren Study Days jardunaldietan. 29 eurodiputatuk eta Parlamentuko ehundik gora langile eta aholkularik esku hartuko dute.

«Europak ezker indartsua behar du, herritarrekin eta herritarrentzat lan egiten duen ezkerra, hain zuzen ere. Are gehiago gaur egungo testuinguruan, Europa bidegurutze batean baitago. Egungo egitura krisian dago. Eskuin muturreko talde politikoen gorakadak, mugen itxierak eta Europaren militarizazioak kezkatzen gaitu», nabarmendu zuen atzo Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatuak Study Days jardunaldien aurkezpenean. Izan ere, urtean bitan Europako Parlamentuak sustatuta egiten diren «ikasketa egun» hauen antolaketa EH Bilduri egokitu zaio, GUE/NGL talde parlamentarioaren kide gisa. Datorren ekainaren 6tik 8ra egingo dituzte Donostiako Tabakaleran.

Juaristik azaldu zuenez, 29 eurodiputatuk eta Europako Parlamentuko ehundik gora langile nahiz aholkularik esku hartuko dute. «Ez da inoiz horrenbeste jende eta eurodiputatu izan Study Days batzuetan. Europako ezkerrak antolatutako Study Days irekiena izango da. Taldeari berari zuzenduak eta barrura begirakoak izan ohi dira, eta beraz eztabaidak eta tailerrak itxiak izaten dira. Baina, jardunaldi hauek herritarren aurrean eta herritarrekin egin nahi genituen. Ikasketa egun horien filosofia oso irekia izango da. Gaurkotasunari loturiko zortzi eztabaida eta tailer egingo dira», gaineratu zuen Juaristik.

Brexit-aren ondorioei, Europaren militarizazioari, ezkerraren erronkei… buruz hausnartuko dute datorren ekainaren 6an, jardunaldien irekieran. Aurkezpena Gabi Zimmerrek, GUE/NGL taldeko presidenteak, eta Juaristik berak egingo dute. Mahai-inguruan IU, Syriza eta Sinn Feineko eurodiputatuak izango dira, baita Iñaki Soto GARAko zuzendaria ere.

Egun berean, etorkinen eta errefuxiatuen krisialdian Europak duen jarrera aztertuko dute hainbat aditurekin. Ekintzaileen lekukotasuna ezagutzeko tartea ere egongo da eguerdian egingo duten tailer irekian. Lesbosen ia urtebetez erreskate lanetan ibili den Jose Pastorrek Mediterraneoan gertatzen ari denaren erradiografia «krudela» egingo du. Egun, Libiako kostaldean ari da sorosle bezala gobernuz kanpoko erakunde batekin.

Gure Esku Dago eta Bake Bidea bezalako esperientzien berri ere izango dute eurodiputatuek. Parte hartze politikoa ere jorratuko dute mahai-inguru batean. Donostiako alkate ohia Juan Carlos Izagirrek eta Iruñeko alkate Joseba Asironek hitza hartzea aurreikusita dago, nahiz eta oraindik, agenda arazoak direla-eta, ez duten baieztatu parte hartu ahal izango dutenik.

Euskal Herriko bake prozesuari buruz, Aieteko Jauregian, Arnaldo Otegik egungo egoeraren mapa irudikatuko du. «Aieteko Adierazpenetik hona egindakoa eta oraindik egiteko dagoena azalduko die eurodiputatuei eta Parlamentuko ordezkariei, interes handia baitute prozesuan, are gehiago, apirilaren 8an gizarte zibilak bultzatutako armagabetze prozesuaren ondotik».

Ekainaren 7an, berriz, Arrasatera joango dira kooperatiben errealitatea ezagutzeko. Bueltan, lanpostuak nola sortu, teknologia berdeak, murrizketak, gutxieneko soldata edo osasun zerbitzua aztertuko dituzte.

«Europak bizi duen bidegurutze honetan, beste Europa bat eraiki nahi dugu eta Study Days hauek kontinentearen erradiografia gaurkotua egiteko baliatu nahi ditugu», nabarmendu zuen Juaristik.