19/06/2017

Boulderreko lehia nagusian txapelak garesti egon dira

Iragan larunbatean, Iruñeko BiHatz eskalada gunean, Euskal Herriko Boulder Txapelketa jokatu zen. Guztira, 104 parte hartzaile izan ziren. 16, 18 eta 20 urtez azpikokoek eta seniorrek ikuskizun polita eskaini zuten.

Andoni ARABAOLAZA
0619_kir_p040f02

Joan den larunbatean, blokean lehiatzen jarduten dutenek festa handia izan zuten. Hots, urteko hitzordu garrantzitsuena. Euskal Herriko Boulder Txapelketari buruz ari gatzaizkizue. Ohi den legez, Euskal Mendizale Federazioak antolatutako lehia da, baina Nafarroakoan federatutakoek ere parte hartzeko aukera izan zuten. Beraz, beti gertatu den modura, soilik Ipar Euskal Herriko lehiakideen hutsunea izan zen azpimarratzeko modukoa.

Gorka Karapeto eta enparauek Iruñeko BiHatz eskalada gunea sortu zutela denbora gutxi igaro bada ere, blokeko areto horrek ohorea izan du jada Euskal Herriko Txapelketa jasotzeko. Aitortu behar da BiHatzek dituen azpiegiturak izaera honetako hitzordu bat antolatzeko oso aproposak direla.

Eskalada guneak dituen ohiko heldulekuak kendu, ia-ia hutsik utzi eta Ion Gurutz Lazkoz eta Gotzon Gardeazabalek ardura hartu zuten jokatu beharreko lehia guztien korapiloak edo blokeak ekipatzeko. Bi hornitzaile horiek eginiko lana, oro har, oso ona izan zen. Alabaina, lehiakideei ez zieten ezer oparitu eta bloke zorrotzak (batez ere finalekoak) jarri zituzten. Asko estutu behar izan bazuten ere, Lazkoz eta Gardeazabalen lana txalotu zuten eskalatzaileek.

Inolako zalantzarik gabe, eite guztietatik begiratuta, larunbateko hitzordua erabat arrakastatsua izan zen. Parte hartzaileei dagokienez, guztira, 104 neska-mutilek eman zuten izena. Horietako 32k 12 eta 14 urtez azpikoen mailetan parte hartu zuten. Goizeko blokeetan jardun zuten, baina ez ziren finalak antolatu; izan ere, adinarengatik ez zuten lehiatzeko aukerarik.

Dena ematen izan zirenak, berriz, 16, 18 eta 20 urtez azpikoen mailakoak eta seniorrak izan ziren. Aurreratu bezala, txapelketa bi zatitan banatu zen. Goizez sailkapenak jokatu ziren, eta finalak arratsaldez. Sasoikoenek finalerako txartela lortu zuten. Goizeko lehiei dagokienez, azpimarratu behar da ikusle ugari bertaratu zirela, batez ere, umeen gurasoak. Arratsaldean ere lehia guztiak jarraitzen jende asko egon zen. Bero egin zuen, baina, nolabait, lehiek “freskotasun” puntu bat jarri zuten.

Arratsaldeko lauretatik aurrera, beraz, finalak jokatu ziren. Espero zenez, lehiekin oso ohituta dauden eskalatzaileek lehendabiziko postuetan ikusi genituen. Baina, hala ere, aurpegi “berriek” ere protagonismoa izan zuten. Finalistek aurretik lau bloke izan zituzten, eta lau minutuko denbora horiek gainditu ahal izateko.

Arestian aipatu dugun bezala, bloke gogorrak izan zituzten aurrez aurre eskalatzaileek. 16 urtez azpikoen mailan, Aitziber Urrutia eta Iker Karrera txapel banarekin egin ziren. Bigarren postuan Izaro Azkue eta Aimar Uson sailkatu ziren. Eta, hirugarrenean, Lucia Arlanzon eta Joanes Esparta.

18 urtez azpikoen mailan, bestalde, neska bakarra egon zen: Maider Galparsoro. Mutiletan, berriz, Tasio Martinek irabazi zuen. Bigarrena Aitor Cilveti izan zen, eta hirugarrena Jonan Etxeberria.

Irantzu Porres eta Julen Arbiola 20 urtez azpikoen mailan gailendu ziren. Irati Zabala eta Beñat Aspe bigarren postuan sailkatu ziren. Eta, hirugarrenean, Suyapa Perez eta Martin Urrutia.

Eskuarki, seniorren mailak arreta berezia izaten du, eta, larunbateko hitzorduan ere, ez zuen hutsik egin. Nesketan, Muriel Ruiz de Larramendik ez zuen inolako arazorik izan irabazteko. Maria Amasene bigarren postuarekin egin zen, eta Mirian Mulas hirugarrenarekin.

Mutiletan, Mikel Linazisorok maisutasun handia erakutsi eta txapelketa irabazi zuen. Faboritoetako batek, Ander Mendietak, oso gogotsu lehiatu zuen, baina, azkenean, bigarren postuarekin konformatu beharra izan zuen. Gizonezkoen senior mailako podiumaren hirugarren koskara igo zena Bittor Esparta izan zen.

 

Euskal ordezkariak bikain aritu dira nazioartean ere

Hilaren 10ean eta 11n, nazioarte mailan lehiatzen diren hainbat euskal ordezkarik hitzordu garrantzitsuak izan zituzten. Batzuk Zaragozan izan ziren; izan ere, FEDMEk antolatutako Espainiako Txapelketa jokatu zen. Beste batzuk, berriz, Austriara abiatu ziren Europako Kopako proba baitzuten. Joan den larunbatean ez bezala, bietan ala bietan sokarekin lehiatu ziren; hots, eskaladako zailtasuneko lehiak izan ziren.

Espainiako Eskalada Txapelketari dagokionez, aitortu behar dugu Muriel Ruiz de Larramendik asmatu zuela. Beste euskal eskalatzaileek bezala aukera zuen aipatu dugun Europako Kopan parte hartzeko, baina, horren ordez, Zaragozako hitzordura joan eta irabazi egin zuen. FEDMEren eskalada lehien hitzordu garrantzitsura 20 neska eta 34 mutil aurkeztu ziren. Lehen egunean, 10ean, sailkapenen txanda izan zen, eta David Gambus, Lucas de Jesus eta Dani Moreno ekipatzaileek ez zieten lanak erraztu. Biharamunean, bestalde, goizean finalerdiak jokatu ziren, eta, arratsaldeko zazpietatik aurrera, finalak. Aipatu ditugun ekipatzaileek bi buruhauste izan zituzten. Lehena, ohikoa, bide egokiak prestatu behar zituzten. Eta, hein handi batean, ez zuten akatsik egin. Bigarrena, bestalde, ez zegoen ekipatzaileen esku: finalen atarian termometroak 37 gradu markatzen zituen. Hori dela eta, bide guztiak itzaletik sortzen saiatu ziren.

Nesken mailari dagokionez, Ruiz de Larramendi finalean egon zen euskal ordezkari bakarra izan zen. Eta, beste behin, nagusitu egin zen. Zaragozara faboritoaren etiketarekin iritsi zen, eta gazte nafarrak ez zuen hutsik egin. Oso ondo eta eraginkor eskalatu zuen, baina, alabaina, ezin izan zuen bidea kateatu. Horrela bada, hilabete baten buruan nafarrak bi titulu garrantzitsu irabazi ditu: Espainiako Kopa eta Txapelketa.

Mutiletan, berriz, bederatzi eskalatzaile finalera igaro ziren, eta horien artean Ibai Isusi zegoen. Arabarra, azkenean, zazpigarren postuan sailkatu zen. Ohore txiki bat ere lortu zuen bide batez: Ramon Julianen aurretik sailkatu zen.

Bien bitartean, Austriako Dornbirn herrian, Europako Koparen bosgarren lehia jokatu zen; hori bai, jubenil mailan. Jakina, proba honetan euskal ordezkariak FEDMEren izenean lehiatu ziren. Eta azpimarratzeko lehen berria Mikel Linazisorok eman zuen; izan ere, berriro podiumera itzuli da. Bai, gipuzkoarrak Youth A edo 18 urtez azpikoen mailan hirugarren postua erdietsi zuen. Andoni Esparta ere bikain lehiatu zen, finalerako txartela eskuratuz. Bederatzigarren postua lortu zuen. Eneko Carreterok ezin izan zuen txanda horretara pasa. Eta, azkenik, Bittor Esparta junior mailan lehiatu zen. Bilbotarra finalean ikusi genuen. Nahiz eta ondo jardun zuen, azkenean bederatzigarren postuan sailkatu zen.

ARRAKASTA ITZELA

BiHatz eskalada horman larunbatean jokatutako Euskal Herriko Boulder Txapelketak erantzun aparta jaso zuen: ehun lehiakidetik gora bildu ziren Iruñean.