Jon LEUNDA

POLANKO ETA VELASCO PREST DAUDE SORTU DUTEN IKUSMINA ASETZEKO

Ez da ezinbestekoa aizkolari ezaguna izatea jendearen ikusmina pizteko, eta etzi 19.00etan Otxandion Polankok eta Velaskok jokatuko duten apusturako sekulako jendetza espero da. Bost kana-erdiko ebaki beharko dituzte, eta alde bakoitzak 600 euro jartzen ditu dirutan.

Ez dira ezagunak aizkora munduan Luis Polanko eta Saul Velasco, oso ezezagunak direla ere esan daiteke, baina etzi Otxandioko plazan jokatuko duten apustuak sekulako ikusmina piztu du. Biak dira Otxandiokoak, eta ezagunak herrian, eta horrek berak ere sekulako zalaparta sortu du.

Bakoitzak bost kana-erdiko erdibitu beharko ditu; eta enborrak, berriz, ez ditu jarriko ez batak ez besteak: Egur Sport enpresak jarriko ditu. Alde bakoitzak 600 euro jartzen ditu dirutan. Desafioa Polankok bota zuen, eta horren nondik norakoak ere azaldu zituen. «Behin baino gehiagotan tokatu izan zaigu batera lan egitea, eta berak esaten zidan indarrez ni gehiago nintzela, baina erremintak erabiltzerakoan bera zela nagusi. Hori kontuan hartuta, aizkora apustu batean ikusiko genuela hori dena pentsatu nuen, eta desafioa bota nion. Berak hartu egin zuen, eta jadanik jokatzeko eguna iritsi da», dio Luis Polankok.

Urte bat izan dute prestatzeko, baina Polankoren kasuan, dena berria izan da berarentzat. «Inoiz ez nintzen aizkoran aritu. Gustatu bai, baina jardun behin ere ez; beraz, berak urte bat prestatzeko izan du, eta nik ikasteko eta prestatzeko», dio Luisek.

Egindako prestakuntzarekin biak daude gustura. «Lehen ibilia naiz aizkoran. Ez naiz inoiz profesionala izan, baina bai afizionatua eta beti gustatu izan zait aizkora. Sokatiran ere jarduna naiz, nahiz eta azkeneko urte hauetan ez dudan ezer egin. Hortaz, berriro dena hartu eta prestatzeko ongi etorri zait urte hau. Uste dut teknika nahiko ongi menderatzen dudala, eta lan fisikoa landu behar izan dut. Igandean Beitia aizkolaria nirekin izango da», dio Velascok.

«Ni hutsetik hasi naiz, ez bainintzen aizkoran inoiz aritu. Beraz, aurrena ikasi egin behar izan dut, eta uste dut orain egiten dudanak ez daukala hasieran egiten nuenarekin zerikusirik. Lan asko egin dut, eta horretan jende askok lagundu dit. Gabriel Saralegi izan dut maisu eta etzi ere nirekin izango da», dio, berriz, Polankok.

Biek ere, irabazteaz gain, lan on bat egin nahi dute, ikusleei gauza polit bat eskaini. «Biok joango gara irabaztera, baina ezingo dugu biok irabazi. Jende asko joango da gu ikustera, eta garrantzitsua da, galdu edo irabazi, itxura on bat ematea», dio Velascok.

Etorkizunari begira, berriz, biek eman nahi diote honi jarraipena. «Niretzat sakrifizio handia izan da. Tailer batean egiten dut lan, nire zortzi orduak sartzen ditut. Gero, baserria daukat, eta hor animalia batzuk ere baditut, eta gero entrenatu. Azkeneko urte honetan lana eta entrenatu, ez dut beste ezer egin, eta hau amaitutakoan jarraitu egin nahi dut. Arabako Bigarren Mailakoan parte hartzeko izena emanda nago, oso oker ez banaiz aritzen, behintzat, aurrera egin nahiko nuke», dio Luisek.

«Nik 50 urte ditut, eta ondorioz ez dut txapelketetan hasi nahi, baina gustatuko litzaidake beste ekitaldietan parte hartzea. Nik gustuko dut hau, eta neure burua nahiko ongi ikusten dut, ez lehiaketetan aritzeko, baina beste edozein gauza egiteko gai naizela uste dut», dio berriz, Saulek.

Bi kirolariak dira Otxandiokoak, nahiz eta Saul Velasco Granadan jaiotakoa den. «Ni han jaio nintzen, baina txikitan etorri nintzen Otxandiora, eta neure burua hemengotzat daukat», dio Saul Velascok. Berak 50 urte ditu, eta Luis Polankok, berriz, 33 urte. Apustua 19.00etan hasiko da.

 

Bi aizkolarien ustez ez dago irabazteko faborito garbirik

Honelako apustuetan beti aipatu behar izaten dira faboritoen kontuak, baina kasu honetan jendeak zalantza asko dauzka. Batzuen ustez Velasco da, lehen ere jarduna delako; eta beste batzuen ustez, Polanko, aurkaria baino gazteagoa delako.

«Uste dut zalantza asko daudela. Berak ni baino eskarmentu gehiago dauka, lehen ibilia delako, eta ni berriz ez, baina ni bera baino gazteagoa naiz. Hor daude zalantzak», dio Polankok. «Biok denbora berdina izan dugu prestatzeko, baina batzuen ustez lehen ibili izanak abantaila izan dezake, baina nik uste dut faborito garbi-garbirik ez dagoela», dio Saul Velascok. Gakoa urduritasunean ere egon daitekeela dio Polankok. 

«Nik ez dut inoiz apustu bat jokatu, ez naiz plazan inoiz aritu, eta ez dakit nola erantzungo dudan. Ez naiz lotsatzen naizen horietakoa», dio bietan gazteenak. Auzia etzi erabakiko da. J.L.