GARA
DONOSTIA

San Telmo Museoak Louise Dahl-Wolferen 100 argazki jarri ditu ikusgai

Louise Dahl-Wolfek garaiko moda argazkilaritza modernotasunaren bidean jarri zuen. Horren isla dira «Harper’s Bazaar» aldizkariaren azalean argitara eman zituen 86 argazkiak, San Telmo Museoan urriaren 1era bitartean ikus daitezkeenak. Denera ehun argazki jarri dituzte ikusgai San Telmoko paretetan. «Harper’s Bazaar» argitalpeneko langilea izan zen Dahl Wolfe. Erakusketa Madril eta Montpellierren ikusi da eta ondoren Londresera doa.

“Estilo propioarekin”. Horixe erakusketari eman zaion izenburua, Louise Dahl-Wolferen lana ezin hobeto islatzen duena. Kolorearen erabilpena, kokalekuak eta erretratuak nabarmentzen dira argazkilaritzari Dah-Wolfek egindako ekarpenen artean. Bereziki moda argazkilaritzari. San Telmo Museoak Madrileko La Fabrica eta Montpellierreko Le Pavillon aretoekin batera antolatu du erakusketa. Oliva Maria Rubiok egin ditu komisario lanak.

Dahl-Wolfek (San Frantzisko, 1895-New Jersey 1989) Arte Ederrak ikasi zituen, eta, 1919an aita hil zitzaionean, barne diseinua ikasteko asmoa atzeratu beharrean gertatu zen. 1921ean Anne W. Brigman argazkilaria ezagutu zuen, beretzat inspirazio iturri bilakatu zena. Haren eskutik izan zuen argazkigintzarekin lehen harremana.

1923an ekin zien azkenik dekorazio, diseinu eta arkitektura ikasketei, eta, hurrengo urtean, Beth Armstrongen laguntzaile bezala hasi zen lanean San Frantziskon.

1926an ama hil zitzaion eta Europara eta Tunisiara bidaiatzea erabaki zuen. “San Francisco Chronicle” egunkariko argazkilari Consuelo Kanagarekin egin zuen bidaia. Tunisian Meyer (Mike) Wolfe eskulturagilea ezagutu eta berekin ezkondu zen, 1928an. Elkar lagundu eta eragin zuten beren karreretan.

Ondoren, 1930ean, San Frantzisko hirira itzuli zen. Han Edward Weston eta Dorothea Lange ezagutu eta argazkilari profesional egin zen. Jarraian senarrarekin Gatlinbur herrira (Tennessee) abiatu zen; bada, bertako biztanleei egindako erretratuak nabarmentzen dira Dahl-Wolfen lanen artean. Frank Crowninsshieldek erretratu haietako bat eman zuen argitara 1933ko azaroan, “Vanity Fair” aldizkarian. Beste batzuk New Yorkeko Arte Modernoaren Museoan 1937an egindako erakusketa kolektiboan jarri ziren.

1933tik 1960ra New Yorken bizi izan zen. 1936an “Harper’s Bazaar” aldizkarian hasi zen lanean argazkilari gisa, eta bere lanarentzat erakustoki aparta izan zen. 22 urtez erretratuak eta modako argazkiak egin zituen bertan, denera 86 azal eta 600 orrialde, denak koloretan. Zuri-beltzeko makina bat lan ere egin zituen. Bere sormena bere ekoizpena bezain aktiboa izan zen. Carmen Snow editorearekin lan egin zuen, baita Alexey Brodovitch zuzenari artistikoarekin eta Diana Vreeland modako editorearekin ere. Hara-hona ibili zen AEBetan, Hegoafrikan, Europan, Hawaiin...

1939an domina bat jaso zuen bere lanengatik, eta, 1941ean, New Yorkeko Zuzendari Artistikoen Elkarteko sari bat. 1960an erretiroa hartu ondoren, baina, bere obra ahanzturan geratu zen, 80ko hamarkadara arte. 1989an hil zen New Jerseyn.