Koldo LANDALUZE
DONOSTIA
Entrevista
URTZI ODRIOZOLA
GAME ERAUNTSIA ELKARTEA

«Uste baino euskaldun gehiagok dituzte gustuko bideo jokoak»

Game Erauntsia Elkarteak bideo jokoak eta euskara uztartzen ditu. 2014. urtean sortua, gero eta zale gehiago biltzen dira elkartearen inguruan. Euren bilgune nagusia Gamerauntsia.eus ataria dute, sektorean euskaraz dagoen bakarra. Elkarrizketa honetan elkartearen nondik norako nagusiak azaldu dizkigu Urtzi Odriozolak.

Nola sortu zen Game Erauntsia Elkartea?

Game Erauntsia duela hiru urte Zarauzko lagun batzuen artean sortu zen, sarean bideo jokoei buruz euskaraz ezer gutxi zegoela iritzita. Hasiera-hasieratik euskaldunon artean bideo jokoen inguruko eztabaida, informazio trukaketa eta pasioa bultzatzea izan du helburu, baina baita bideo jokoekin loturiko industrian eragitea ere. Batez ere hemen, etxekoak direnetan.

Zer azpimarratuko zenuke bereziki elkartearen hiru urteotako ibilbidetik?

Egia esan, aurrez intuizioz espero genituen errealitate askorekin egin dugu topo. Ikusi dugu uste baino euskaldun gehiagok dituztela gustuko bideo jokoak, adin guztietako jokalariak daudela baina batez ere gazteak direla nagusi, gizonezkoen presentzia askoz ere handiagoa dela naiz eta emakume asko ere aritu, euskarazko bideo jokoen garapena anekdotikoa dela eta industria oro har nahiko txiki eta hasiberria dela Euskal Herrian… Gero, betiko etiketak ere bizi-bizi daudela egiaztatu ahal izan dugu. Hau da, oso zabalduta dago oraindik ere bideo jokoena friki eta isolatuen kontua dela, biolentoena, zerbait bazterrekoa eta kaltegarria dela...

Emakumeak eta bideo jokoak. Oraindik ere ez dirudi leku erosoa topatu dutenik…

Dudarik gabe, eta Euskal Herria bera ere ez dago horretan mundutik aparte. Bideo jokoen fenomenoa kanpotik etorri da guztiz eta munduan zehar dituen aje berdin-berdinak ekarri ditu gurera ere. Nik bi faktore azpimarratuko nituzke. Alde batetik, bideo jokoen industria gizonek asmatu eta garatua izan da hasiera-hasieratik. Jokoak gizonezkoentzat pentsatuta daude, hasi pertsonaietatik eta jolasteko moduetaraino. Nola senti daiteke emakume bat eroso, bere ikuskera kontuan hartu ez bada? Gogoratzen Nintendok atera zuen Game Boy kontsola famatua? Izenak berak ere argi dio: “mutilen jokoa”. Bestetik, horren harira hainbat aurreiritzi ere sortu dira bidean: bideo jokoetan aritzen den jendea bazterrekoa dela, itxura ez duela batere zaintzen, osasunarentzat kaltegarriak diren ohiturak dituela… Eta noski, arauak dio emakumeek juxtu kontrako rola bete behar dutela gizartean. Funtsean, askorentzat gizon alprojen kontua dira oraindik ere bideo jokoak...

Kontuak kontu, industria indartsua dago eratuta bideo jokoen inguruan. Euskarak zer leku du bertan?

Gero eta enpresa gehiagok garatzen dituzte bideo jokoak Euskal Herrian. Azkenaldian, gainera, badirudi batzuk sona lortzen ari direla: sariak irabazi dituzte edo mundu mailako merkatuan sartzea lortu dute Wii U kontsola edota Steam bezalako plataformen bidez. Euskararen lekua, ordea, zeharo anekdotikoa da. Nik dakidala ez dago euskaratik bideo jokoak garatzen dituen enpresarik, eta, beraz, jokoaren bertsioren bat euskaraz ateratzen dutenek, diru laguntzaren bat jaso dutelako egin ohi dute. Euskarari ez zaio lehentasunik ematen zoritxarrez. Agian ez dute hemen ere merkaturik ikusten... Bertakoari garrantzia gehiago eman beharko liokete.