Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

DSBEren auzia, Lakoff-en arabera

Egun hauetan George Lakoff hizkuntzalari eta Zientzia Kognitiboetako irakaslearen “Don´t think of an Elephant!” liburua (https://labur.eus/O4rll) berrirakurtzen ari naiz eta nahi gabe egiten ditu garunak Euskal Herrian gertatzen ari diren zenbait gauzarekin loturak.

Europan zein gurean agenda kontserbadorea beldurgarriki inposatzen ari da. Eragile eta gobernu kontserbadoreek politika atzerakoiak ezartzeko bideak irekita dituzte. Horren adibide da, esaterako, Vocento taldea Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) inguruan garatzen ari den ildo kriminalizatzailea, Eusko Jaurlaritzari laguntza hori murrizteko lurra goldatuz.

Lakoff-en arabera, kontserbadoreen pentsamenduaren oinarria honakoa da: mundua pertsona txarrez beteta dago. Zigorra eta diziplina ezinbestekoak dira pertsona onak egiteko. Pertsona batek bizitzan arrakastarik izan ez badu bere errua da, ez duelako behar besteko esfortzurik egin eta ez duelako behar besteko diziplinarik izan. Pobreek pobre izaten jarraitzen dute ez dutelako behar besteko diziplinarik izan aurrera egiteko. Beraz, merezi dutena dute.

Zentzu horretan, gobernuek politika sozialak garatzea immorala da. Jendeari merezi ez dituen gauzak ematen zaizkionean diziplinak behar duen pizgarria galtzen da. Zirkulu pribatuak egin dezakeen guztia zirkulu pribatuak egin behar du. Gobernuaren zeregina jabetza pribatua babestea eta lehia sustatzea da.

Esan gabe doa etorkinak herrialde pobre eta atzeratuetatik datozen pertsona txar eta mespretxagarriak direla eta egoera horretan bizi direla euren herrialdeetan hala merezi dutelako.

Galdera: euskal gizartea horren atzerakoia al da baloreetan ala sarri esaten den gisan zentro-ezkerrera jotzen duen gizarte aurrerakoia da gurea?

Inpresioa daukat ustez aurrerakoiak diren hainbat jenderen artean ere ideia kontserbadoreak indarra hartzen ari direla: etorkinak eta DSBEaren auzian adibidez. Trump-en eta Brexit-aren «lehenengo gu». Eta haizea kontra dugu aurre egiteko.