Jon LEUNDA
Entrevista
JULEN GABIRONDO
SEGALARIA

«Euskal Herriko txapela irabazteak ikaragarrizko balioa dauka»

Denboraldi bikaina izan da aurtengoa Julen Gabirondorentzat; izan ere, orain arte parte hartu duen lau lehiaketetatik hirutan izan da irabazle, eta bestean bigarren. Betiko erako segalaritzan Euskal Herriko txapela irabazi du eta bigarren izan da Gipuzkoakoan. Nazioarteko eran, berriz, Euskal Herriko Liga eta Gipuzkoako Txapelketa bereganatu ditu. Orain Europakoa jokatzea falta zaio sasoia amaitzeko.

Amaitu da betiko erako edo kiloka egiten den sega modalitatearen denboraldia, eta Julen Gabirondoren izena nabarmendu behar da. Beretzat izan da aurtengo Euskal Herriko Txapelketa eta bigarren geratu zen, berriz, Gipuzkoakoan. Beretzat, ordea, denboraldia ez da amaitu abiadurako lehiaketan ere bai baitabil, eta hor Europakoa jokatzea geratzen zaio, Euskal Herriko Liga eta Gipuzkoako Txapelketa irabazi ostean. Hilabete honetan izango da aipaturiko lehiaketa Suitzan.

 

Poz handia eman al zizun Euskal Herriko txapelketa irabazteak?

Ikaragarria. Gainera, lanean ari nintzen bitartean zalantza asko izan nituen. Ikusten nuen sailetan aurrena nindoala, baina sailak txiki samarrak iruditzen zitzaizkidan, eta horrek zalantzak areagotu zizkidan. Amaitutakoan ere taldean bagenekien lan oso ona egin genuela baina irabaztea ez zela erraza izango. Sailak gainerakoentzat ere berdin egongo ziren, eta niretzat izan zen garaipena. Sekulako poza hartu nuen txapela nirea zela jakin nuenean.

 

Horrekin bidali zenituen Gipuzkoako Txapelketa irabazi ez izanaren pena guztiak?

Bai, bai. Horrek Gipuzkoako Txapelketako penak eta denboraldi osoko sufrimendua bidaltzeko balio izan zidan, eta aurrera begira indarra hartzeko ere bai. Denboraldi luze baten ostean honelako garaipenek sekulako balioa daukate.

 

Kolpea izan zen Gipuzkoakoa ez irabaztea?

Bai. Han ere sailetan aurrena izan nintzen, Pardo izan nuen gertu. Amaitutakoan bazirudien gu bion artean egongo zela txapela, baina Ormaetxeak ere lan bikaina egin zuen eta aurrea hartu zigun bioi. Kolpea izan zen hura ez irabaztea.

 

 

Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetako finaletan berdinak aritu zarete, eta kanporaketetan, gainera, denei aldetxoa ateraz. Une honetan laurok beste guztien gainetik zaudete?

Aurten horrela tokatu da, baina ez dakit horrenbesteko alderik dagoenik. Finalisten artean garbi ikusi da gauzak pareko daudela, eta besteekiko ere ez dut uste horrenbesteko alderik dagoenik.

 

Txapelketen ostean izaten da apustuen garaia. Zuk egiteko asmorik bai?

Ez, nik aurten ez. Martxoan ezkondu nintzen, eta oraindik eztei-bidaia egiteko daukagu. Orain denboraldia bukatu dut era honetan, eta behin nazioarteko erakoan Europako Txapelketa amaitutakoan, akabo niretzat aurtengo denboraldia.

 

Nazioarteko erako segalaritzak segalarioi ate asko zabaldu dizkizue, ezta?

Niri behintzat bai. Hilabete asko dira betiko erakoa prestatzen, eta aurten bi finaletan izan garenontzat lau proba izan dira, eta hor sartu ez direnentzat bi besterik ez. Denboraldia oso luzea izaten da, eta lehiaketak, berriz, oso gutxi. Era honek lehiaketa gehiago egiteko aukera ematen dizu eta horrek asko balio dizu. Gainera, Euskal Herriko Liga maiatzean hasi zen, eta betiko erako lehen probaren aurretik plaza batzuk eginda joan nintzen, eta horrek ohitzeko ere balio dit.

 

Hala ere, biak oso ezberdinak dira, ezta?

Bai, bai, ez daukate zerikusirik, baina hala ere balio dute erreferentzia batzuk hartzeko. Normalean batean ongi ibiltzen dena bestean ere ongi aritzen da.

 

Zuk nazioarteko erari tamaina ongi hartua diozu, ezta?

Bai, aurten Almitza elkarteak antolatzen duen Liga irabazi dut, bai eta Gipuzkoako Federazioak antolatzen duen Gipuzkoako Txapelketa ere. Mimoarekin prestatu dut modalitate hau, eta hemen ere gauzak ongi atera zaizkit. Orain Europako Txapelketa daukagu eta hara ere lan on bat egiteko itxaropenez noa. Badakit irabaztea zaila izango dela, baina ea aurrean sartzea lortzen dudan.

 

Zuentzat ere polita izango da beste herrialdeetakoekin lehiatzea, ezta?

Oso polita da. Hor ikusten duzu beraiek nola jarduten diren segan, eta nolako afizioa dagoen ere bai. Oso polita da Euskal Herria ordezkatuz gainerako herrialdeen aurka jardutea.

 

Zer falta zaie euskal segalariei Europako onenen parean jarduteko?

Abiadura eta txukuntasuna, hori da beti landu dutena; haiek ez dute egiten hemengo erako segalaritzarik. Segak ere era horretarako jarrita dituzte, eta gero kirolariak ere ikaragarrizkoak dira. Denak kristoren atletak dira, eta guk askotan haien ondoan ume batzuk ematen dugu.

 

Entrenatzeko belarra bilatzea gero eta zailagoa al dago?

Bai. Orain baserritarrak makinak dituzte belarra mozteko, eta haiek eguraldi ona egiten duenean dena moztu nahi izaten dute. Egun horietan guri ere ez zaigu belarrik falta izaten, baina behin hori pasatakoan, beti eskean ibili behar izaten dugu. Garai batean ez omen zen horrelako arazorik izaten, baina orain badaukagu.

 

Erremintena arazo bat da?

Baietz esan daiteke. Une honetan honelako segak egiten duenik ez dago, eta lehen dituztenak saltzen dituztenak ere ez, edo oso gutxi dira. Lehen dauzkatenei eskatu behar dizkiegu eta horrela gabiltza, baina betiko erako segarekin arazo bat badago bai.

 

Etorkizuna nola ikusten duzu?

Nazioarteko eran jende dezente gabiltza, eta ez dut uste hor inongo arazorik izango denik aurrera egiteko. Gurean orain gabiltzanak gazteak gara ia denak, eta aurrera jarraitzeko gogoz gabiltza. Gazte berriak ere etorri dira, eta espero dut aurrerago ere izango dela zerbait.