Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Kasu, mozalak hamaika aurpegi ditu

Eztabaida handia piztu zuen PPren “Mozal legea”-k. Oinarrizko eskubideen urraketa gisa ulertu zuen jende askok, finean desdemokratizazio neurria baita, mobilizazioen ustezko gehiegikeriei aurre egiteko aitzakiaz kalea kontrolpean izateko. Noiz eta ETAren jardun armatua bukaturik, Euskal Herrian ezarritako salbuespen neurriak estatu osora zabaldu eta beste sektore batzuei aplikatu; hau da agertoki berria espainiar Estatuaren ikuspegi nagusitik, esanguratsuki.

Hamarkadetan zehar salbuespen neurriak «mehatxu terrorista» aipatuz zilegitzen zituzten, erantzun moduan azalduz. Gaur egun badakigu salbuespen neurriak loturik daudela, batetik, neoliberalismoaren ibilbideak ezartzen duen askatasunen mugapenaz eta bestetik, espainiar Estatuaren errotiko joerez. Terrorismoaren kontrako borrokaren paradigma dugu bi jite horien uztarria, zeinean Francoren ondotiko erregimena aurrelaria izan baitzen. Bizi garen munduan ezberdintasunak eta injustiziak biderkatzen direlarik, jendearen haserreari aurre egiteko tresnak bilatzen dituzte estatuek eta mehatxuak gaindimentsionatzea bide emankorra izaten da, askatasunen mugapena jendartearen defentsatzat aurkezten ahal delako.

Lege zehatzaz gain, beraz, atzean dagoen logikari erreparatu behar, hau da, protestaren kriminalizazioaren logikari. Bada “Mozal legea”-ren kontra agertu eta, alta, bere menpeko segurtasun indarren bidez gauzatu egin duena. Eta badaude logika bera elikatzen dutenak, esaterako, Altsasuko istiluak terrorismoa direla aldarrikatuz edo turismoaren inguruko auzian neurri errepresiboak hartzea eskatuz, sakoneko aferak alde batera utzirik eta protesta arazo bilakatuz.

Operazioak lehia, arazo eta tentsioak ezkutatu nahi ditu, protesta eta mobilizazioen satanizaziotik kriminalizaziora pasatu nahian. Horregatik, beste urrats batzuk etorriko dira, mozalak hamaika aurpegi baititu, eta guziei egin beharko zaie aurre.