GARA
TOLOSA

Iurreamendi egoitzaren pribatizazioak kezkatuta ditu bertako langileak

Iurreamendi egoitzako langileek elkarretaratzea egin zuten atzo eraikinaren aurrean. Bertan, prentsa agerraldi baten bitartez beraien «kezka eta ezinegona» adierazi nahi izan zuten LAB, ELA eta STEILASeko ordezkariek, «Tolosako Udala eta bereziki, Olatz Peon alkatea eta egoitzako zuzendaritza batzordeko lehendakaria langileokin izaten ari den jarreragatik». Izan ere, jakitun dira gizarte zerbitzuetako legea dela-eta udal egoitzen kudeaketa Gipuzkoako Aldundiak kudeaturiko Kabia erakundearen esku geratuko dela. Hori horrela, langileen baldintzen inguruko kezkak azaleratzean zehaztasunik gabeko erantzuna helarazi zaiela gaineratu zuten.

«Zer gertatuko da Tolosako Udaleko erakunde autonomo honetako langileekin? Eta langile finko eta behin-behineko kontratudun langileekin?»; horiek dira argitzeke dauden galderak. Gaur egun, 39 udal langile daude egoitzan, azpikontratatutako langileez gain, eta 147 egoiliar dituzte; eta salatu dute jada alkatearen bulegoa hasi dela aldaketak nahierara egiten.

Egoera horren aurrean, lanpostu aldaketak geldiarazteko eskatu zuen enpresa batzordeak, «egoera egonkor eta lasai batean, mahai baten inguruan, etorkizunaz hitz egin eta adostu dezagun». Era berean, Aldundiak kudeaketa bere gain hartzeko aurrera eramango duen prozesuak langileak babestu eta lan baldintzak errespetatu ditzala eskatu zuten.

Bestalde, Udalak egoitza pribatura egindako bisitek «zur eta lur» utzi ditu publikoko langileak eta pribatizazio egoerarekin zerikusirik ote duen galdetzen dute.