Ariane KAMIO
DONOSTIA

Nahiago, ikusiko ez balu

Maria Theresia Paradisen kasua oinarri hartuta eraiki du Barbara Albertek «Licht» filma, Sail Ofizialeko lehian aurkeztua. Hiru urte zituenetik itsu dagoen gaztea da Paradis, piano-jotzaile birtuosoa. Tratamendu mediku berezi bati esker ikusmena berreskuratuko du, baina musikarako abilezia galtzen joango da apurka-apurka.

Maria Theresia Paradis. 1777. Hiru urte zituenetik itsu dagoen gaztea da orain. 18 urteko musikari bikaina da eta pianoaren aurrean jartzen denean aske sentitzen da Paradis. Abilezia berezia du instrumentuaren gainean eskuak jartzeko orduan. Gurasoek, bere ikusmena berreskuratu nahian, Franz Anton Mesmer doktorearengana eramango dute. Klinika pribatu bat du bere etxean eta pertsona nahiko polemikoa da; ‘mirari mediku’ gisa da ezaguna.

Paradisek bizimodu libreago batekin egingo du topo klinika horretan. Askeago sentituko du bere burua, eta tratamendu berezi bati esker –ikusi eta sentitu ezin diren fluxuen mugimenduan oinarritutakoa– ikusmena berreskuratzea lortuko du. Baina lorpena medikuaren eta Paradisen beraren kontra jarriko da. Medikuak bere teknika zientziaren alorrera eraman nahi du, baina sinesgarritasun gutxi emango diote inguruko mediku eta adituek.

Paradisen kasuan, ikusmena berreskuratzeak galera bat ekarriko dio. Bere garuna informazio berria jasotzen hasiko da begien bitartez eta horrek pianoaren gaineko abilezia urrituko dio. Nahiago itsu, ezgai baino.

Baina zer gertatu zitzaion Paradisi 3 urterekin itsu geratzeko? «Aitak bortxatzen ote zuen, sexu abusuak zeuden edo ez… ez nuen espekulatu nahi, zeren ez dakigu egiaz zer gertatu zen, baina hau posible izatea eta horrela gertatu ahal izanak erakarri ninduen. Egoera traumatiko bati fisikoki erantzun bat emateak interesa piztu zidan», aipatu zuen zuzendariak.

Maria Dragus aktoreak hartu zuen protagonistaren paperaren lema eta txalotzeko modukoa da egindako lana, itsutasunetik kanpora doan bidea egin behar izan baitu. «Emakume itsu askorekin hitz egin nuen, saiatu nintzen ikasten nola mugitzen zituzten gorputzak, begiak, eta gero platoan banituen lentillak eta zaila zen ikustea; beraz, nik nolabait horrela ikusten nuen zer gertatzen zitzaien benetan pertsona itsuei. Murgildu egin nintzen pertsonaian eta bera bihurtu nintzen», adierazi zuen aktoreak.

Kasu honi buruz apenas dago dokumentaziorik, eta Mesmer doktorearen ikuspuntua ere aintzat hartu dute gidoian, medikuak berak idatzitako hainbat artikulu oinarri hartuta.