Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Junckerren kaosa

Asyak eta Alandek ezer gutxi dakite Kataluniari buruz, baina zer edo zer iritsi zaie eta azalpen eske zuzendu dira aitarengana 8 eta 11 urteko haurrak. Hirurek dakite, ordea, galderontzat erantzun hobeak izango lituzkeela historia irakasle aritutako amak, interesez jarraitzen baitzituen aktualitateko albisteak.

Baina ama ez dago eta ezingo die azaldu zer den konstituzio bat, zer zilegitasuna eta zer bozkatzeko eskubidea. Ezingo zaie aritu estaturik gabeko nazioen identitateaz, ez eta horrenbestetan hizketagai izan duten Europak herri horiekiko hartu duen jarreraz ere.

Ama ez dago eta ezin kontatu zein den Juncker, ez eta honek muga gehiagorik gabeko Europaz esandakoa ere. Nola kontatu horrelakorik lotsatu gabe, hilabeteak kontinente zaharrari begira daraman inori? Nola azaldu Junckerrek ez duela kaosik nahi errefuxiatu kanpamentu batean bizirauten duten haurrei?

Amak ezingo die azaldu estaturik gabeko nazioen elkartasunak ez duela mugarik izaten eta harresiak altxatzen dituztenak ez direla herrien duintasunaz aritzen.

Amak jada ezin die ezer azaldu, Siriatik ihesean bizitza galdu baitzuen, mugarik nahi ez duen Europara iritsi nahian eta erantzunen umezurtz utzi ditu harresirik gabe eraiki nahi den Europako ateetara jo eta jo dabiltzan lokatzez beteriko bi haur.