Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EUROLIGA

Arazoak arazo, Baskoniak Panathinaikos garaitu nahi

McRaek ezingo du jokatu eta Huertasen parte hartzea ere ezbaian dago.

«Entrenatzaile guztiok denbora gehiago nahi izaten dugu partidak prestatzeko, eta, hortaz, nahiago nukeen hiru egunoz gain asti gehitxoago izan bagenu», onartu zuen Baskoniako entrenatzaile Pedro Martinezek Panathinaikosen aurkako gaurko partidaren bezperan. Orain arte Euroligan jokatu dituen lau neurketak galduta, sailkapeneko zuloan dago talde gasteiztarra, eta, hargatik, gaur gauean, 20.00etatik aurrera, Buesa Arenan garaipena lortzea ezinbestekoa du.

Joko eta emaitza bolada txarra jada nahikoa arazo ez balira, orain arazo fisikoak ere pilatu zaizkio Baskoniari. Jordan McRaek ez du jokatuko ezkerreko sorbaldan duen «gainkarga» bat tarteko, eta Marcelinho Huertasen parte hartzea ere ezbaian da belauneko minaren erruz.

Dena dela, Pedro Martinezek taldea «gogor eta grinatsu» entrenatzen ikusi du egunotan, «lantzen ari den horretan sinistuz», adierazi zuen entrenatzaile kataluniarrak.

«Besorik jaitsi gabe»

Martinezen aburuz, «baikor» egoteko arrazoiak daude, une txarrak edo arazoak gorabehera. «Xehetasunak lantzen ari gara, horretan baitago gakoa. Hala ere, horrek denbora eskatzen du. Dena den, nik uste Panathinaikosen aurka igandean baino aurpegi hobea erakutsiko dugula. Hala behar du», gaineratu zuen.

Xavi Pascual herrikideak zuzentzen duen Panathinaikosi buruz, aldiz, «talde osoa» dela onartu zuen, «gaitasun fisiko handia» duela azpimarratuz. «Antolatzaileek [Pappasek eta Calathesek] puntuak erraz sar ditzakete, baina pase emaile onak ere badira. Barruko jokalari handiak dituzte, baina kanpora irten eta min eman diezagukete. Aurkari gogorra izango dugu», esan zuen.

Edonola ere, gaur gaueko dema erlatibizatzen saiatu zen Martinez. «Beste partida bat gehiago da soilik. Euroligako neurketa guztiak dira zailak eta garrantzitsuak; ezin diogu duena baino inportantzia handiagoa eman gure egoera txarra delako. Egia da talde dinamika ez dela ona, baina aurrera egin behar dugu. Ekin eta jarrai, eta, gertatzen dena gertatzen dela, besorik jaitsi gabe», bota zuen.