Asier AIESTARAN
PILOTA

Ikusminak ezbaian ipintzen du pronostiko horren argia

Urrutikoetxea faborito garbi irtengo da, nahiz eta aurrean iazko finalean 21 tanto egin zituen Altuna eduki.

Mikel Urrutikoetxea eta Jokin Altuna nor baino nor neurtuko dira gaur arratsaldean Lau eta Erdiko Txapelketako finalean (18.00, ETB1). Sarrera guztiak aspaldi salduta, Bilboko Bizkaia pilotalekua leporaino beteko da ikusmin handia sortu duen neurketa ikusteko. Azken hamarkada luzea markatu duten hiru pilotari nafarrak gabe (Olaizola II.a, Martinez de Irujo eta Bengoetxea VI.a), final desberdin bat ikusteko aukera izango da gaurkoa.

Hala ere, deigarria da apustuak oso argi irtengo direla Urrutikoetxearen alde, nahiz eta aurrean iazko finalean 21 tanto egin zituen pilotaria eduki. Jokin Altunak bere finalerdian Aimar Olaizolaren kontra itxura bikaina eman zuen arren, egun bat beranduago Mikel Urrutikoetxeak Oinatz Bengoetxearen aurka egindako norgehiagoka apartak “txiki” utzi zuen amezketarraren lana zale askoren begietara. Eta horri ligaxkako aurreneko neurketan Urrutikoetxeak Altuna III.a 22-12 menderatu zuela gehitu behar zaio, pronostikoak ulertzeko.

«Mikel oso ongi iristen da finalera, baina oraindik pilotari bezala bere mailarik onena emateko daukala uste dut. Badauka oraindik hobetzeko tartea», esan zuen Pablo Berasaluzek, “Urruti”-ren botileroak, osteguneko material aukeraketan. Eta berak adina denbora ez du inork pasatu Zaratamokokoarekin pilotalekuan.

Beste aldean, Jon Apezetxea Aspeko intendenteak, Altunaren aukerak nondik etor daitezkeen aztertu zuen: «Anguloak bilatu beharra dauka, arriskatu, zeren botera jarrita oso zaila ikusten dut. ‘Urruti’ oso eroso ikusten da kantxan, kolpearekin, eta bere buruan konfiantza handiarekin, fisikoki eta psikologikoki. Inoiz baino hobeto dagoela esango nuke. Horri aurre egiteko saiatuko gara zerbait asmatzen, baina sakearekin asmatzea izango da gakoa, eta bigarren pilotakadari zukua ateratzea».

 

Emakumezkoen finalerdiak, gaur Berrizen

Gizonezkoetan bakarrik ez, Lau eta Erdiko Emakume Master Cup lehiaketan ere jardunaldi garrantzitsua izango da gaurkoa, finalerdiak jokatuko baitira Berrizen. Elite Mailan, Leire Etxaniz etxebarritarrak Leire Garai gasteiztarraren aurka neurtuko ditu indarrak aurreneko finalerdian, eta bigarrenean Maider Mendizabal anoetarrak Maddi Mendizabal zaldibiarraren kontra jokatuko du. Lehen Mailari dagokionez, Maite Iriarte eta Oihana Orbegozo azpeitiarrek elkarren aurka jokatuko dute kanporaketa batean, eta bestean Eneritz Arrieta azkoitiarrak Iratxe Ibarra markinarraren kontra neurtu beharko du.

Jaialdia 12.00etan hasiko da eta ETB1ek eskainiko du zuzenean. Aurkezpena aurreko asteazkenean egin zuten Berrizen, Orland Isoird alkatea, Miguel Angel Aguado kirol zinegotzia, Lorea Rementeria berdintasun zinegotzia, Eneko Kanpo Oizpeko pilota elkarteko presidentea eta txapelketan parte hartu duen Nuria Telleria pilotari berriztarra bertan zirela.A.A.