Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Edozein girotarako adiskidantza

Zimbabwen esku-hartze politiko zein ekonomiko hain handia izanik, gertakariak hurbiletik zaintzera behartuta dago Txina. Aldi berean, tentu handiz neurtu behar ditu bere aukerak, egiten duen edozeri begira egongo baitira Afrikako beste herrialdeak, eta etorkizunean gerta daitekeenaren eredutzat hartuko baitute Txinak Zimbabwen egiten duena».

Gogoetak, bere zuhurtasunean, ez luke meritu apartarik... datagatik ez balitz. Ez baita joan den astetik Hararen gertatzen ari denaren ondotik egindakoa, Wang Xinsong irakasle eta ikerlari txinatarrak duela urtebete Thediplomat.com atarirako idatzitakoa baizik.

Hausnarketa haietakoren bat gogoan nuelako-edo, oraingo gertakarien harira berrirakurri nituen, batez ere kolpearen arduradun nagusia dirudiena, Chiwenga jenerala, astebete lehenago Pekinen egona zela jakin zenean. Eta, egia esan, bestela ulerterrazak ez diren ñabardura batzuk ulertzen lagundu dit Wangek. Adibidez, zergatik ari den Chiwenga zazpi ahalak egiten kolpea ez dela kolpe adierazteko. Eta Txina, begirale huts-hutsarena egiten.

Izan ere, ez baitzaio destainarik egin behar, txinatarrek Zimbabwen egindako inbertsio handien, bien herrialdeen arteko harreman luzeen eta iaz, jada berak larritzat jotzen zuen kinka politikoaren errepaso zabala egin ondoren, Wangek mahairatzen zuen diagnosiari:

«Txinarentzat eszenatokirik gaiztoena izan daiteke araurik gabeko Zimbabwe bat: ZANU-PF Zimbabweko Batasun Afrikar Nazionala-Fronte Patriotikoaren fakzioetako bat bestea menderatzeko gai ez izatea, oposizioko alderdiak indar ahula baina suntsikorra edukitzea, ezinegon soziala kontrolpetik joatea eta militarrek politikagintzan esku hartzea. Gauzak horrela, urteak beharko lirateke herrialdeak ekonomia zuzentzeko gai litzatekeen gobernua izan dezan».

“Edozein girotarako adiskidantza” deitu ohi diote Txinak eta Zimbabwek elkarren artekoari. Iraun dezan saiatzen ari dira, agidanez.