Amaia U. LASAGABASTER
REALA

«Sufritutako guztia disfrutatzen ari gara orain»

Azken sei partidetan hamalau puntu eskuratu ondoren, sailkapenaren erdialdera gerturatu da Reala.

Jaiegunik ez daukate aste honetan, haizeak Loiun sortutako arazoen ondorioz Huelvatik itzultzeko bidaia nahaspilatu egin baitzen: euren hegaldia Bartzelonara desbideratu, eta handik Donostiara autobusez egin behar izan zuten egun bat beranduago Realeko jokalariek. Anekdotatzat hartu dute, afarietan gogoratzeko abenturatxotzat. Azken aste hauetan bizitzen ari diren poztasunak «betaurreko» berriak jarri dizkie bizitzari begiratzeko.

Poztasuna eta «arnasaldia», gaineratu du Sandra Ramajok, denboraldi hasiera itogarria sufritu izan ondoren. Taldean urte asko daraman arren, «eta urte hauetan denetarik izan dugun arren, ezagutu dudan egoera zailenetakoa izan da», onartu du kapitainak. Ez dago dudarik emaitzei dagokienez, inoiz ez baitu Realak Liga hasi zazpi porrot jarraian jasoz, eta markagailu horiek beste guztia narrastu zutela esan du Ramajok. «Den-dena okertu zen. Sentsazioak hasieran ez ziren txarrak izan. Oso aurkari indartsuak izan ziren aurrekoak eta, galdu arren, taldeak sentsazio nahiko onak eskaini zituen. Baina laugarren porrota heldu zenean, eta gero hurrengoa, eta hurrengoa... Sentsazioak ere pixkaka joan egin ziren, burua ez geneukan gure lekuan, konfiantza galdu genuen... Aldagela izorratuta zegoen». Betisen aurkako jipoia bereziki mingarritzat jotzen du hegalekoak, taldearen gaitz guztiak bildu baitzituen. «Partida itxuragabea izan zen, taldea oso-oso izorratuta ikusi zen».

Reala sailkapeneko azken postuan zegoen, puntu bakar bat ere lortu ezinik –hurrengo partida ere galdu egingo zuen– eta Ramajoren ustez, argi zegoen «aldaketa bat» behar zutela: «Ez naiz ari entrenatzaileaz, gugan aldaketa sakon batez baizik. Geure burua aldatu behar genuen. Talde ona ginela esaten genuen, Liga luzea izanda erantzuteko aukera ematen zuela, askoz hobeto jokatzeko gai ginela... baina benetan sinetsi eta demostratu egin behar genuen».

Aldaketa bi aste beranduago heldu zen, klubak Juanjo Arregi kargutik kendu ondoren. Hortik aurrera jokatutako sei partidetan, zuri-urdinek lau garaipen eta bi berdinketa ospatu dituzte baina Ramajok ez dio entrenatzaile ohiari erantzukizun osoa leporatu nahi: «Ez litzateke bidezkoa izango, ez nioke kulpa osoa entrenatzaileari botako. Berak bere lana egiten du, baina zelaian jokalariak gaude. Izan ere, berak egindako lanari esker ere bagaude orain gauden egoeran». Kapitainak, izan ere, «eskerrak» ematen dizkio Arregiri, «ahalegin guztia eta ahal izan duen lan guztia egin baitu. Eta benetan pena ematen dit gauzak berak nahi zuen bezala irten ez izana eta garaipen bakar bat ospatu barik joatea, oso langilea delako», gaineratu du.

Arregiren laguntzailea zen Gorka Alvarezen agindupean hiru partida jokatu ondoren, orain dela hiru aste heldu zitzaien donostiarrei euren entrenatzaile berria. Ustekabez kanpokoentzat, ez hainbeste barrukoentzat, «zurrumurruak beti entzuten dituzulako». Eta, batez ere, ezaugarri deigarri batekin: aulkietan ia hiru hamarkada eman dituen arren, hauxe da Gonzalo Arkonadaren lehen esperientzia emakumezkoen futbolean. Ez dio garrantzi larregirik ematen jokalari zuri-urdinak. «Azkenean futbola da –azpimarratu du–. Eta futbolean, orokorrean, baloratu behar diren gauzak baloratu behar ditugu. Oraindik elkar ezagutzen ari gara, baina ikusten dugu oso entrenatzaile serio eta profesionala dela, intentsitatea sartzen duela... Noski denok egokitu beharko garela, gauza batzuk desberdinak direlako, berezitasun txiki batzuk daudelako, dinamika desberdina izan daitekeelako kasu batzuetan, baina futbola da».

Eta futbolean, bizitzan hainbeste arlotan bezala, hasiera onek garrantzi itzela dute. Arkonadaren kasuan, lurreratzea ezin hobea izan da, Alvarezen eskutik hasitako erreakzioari jarraipena eman baitio. Eta gainera, aldaketa ez dagokio bakarrik emaitzari eta sailkapenari, harago iritsi da: hori guztia nola ari diren lortzen eta hartzen. «Hau da benetako Reala –adierazi du Ramajok–. Bagenekien irtengo zela eta hemen dago. Asko sufritu dugu baina orain disfrutatzen ari gara, gauza politak egiteko gai garela ikusten... Eta onena da denbora daukagula aurrera jarraitzeko, aurretik gertatutakoaren ondorioak desagerrarazteko. Denbora eta, batez ere, gogoa».

Astea

Jardunaldia. Igandean agurtuko dute 2017. urtea euskal taldeek. Realak Santa Teresaren bisita hartuko du Zubietan (12.00) eta Athleticek Fundacion Albacete bisitatuko du (11.30).

Golak. Charlyn Corralek (Levante) indarrez eusten dio golegileen zerrendaren lehen postuari. 13 gol sartu ditu dagoeneko. Haren atzetik Nahikari Garcia (Real) eta Natalia Pablos (Rayo) daude, zortzi gol sartu ondoren.

Bigarren maila. Lehiaketa urtarrilaren 7an itzuli bitartean, EDFk lidergoaz disfrutatuko du. Urteko azken jardunaldian, aurreko hirurek irabazi egin zuten. Errioxarrek, beraz, lehen postuari eutsi zioten eta 3 puntuko abantaila mantentzen dute Athletic B eta Eibarrekiko.

Txapelketa. Espainiako 18 eta 16 urte azpiko txapelketaren lehen fasea jokatuko da datorren asteburuan. Euskal Federazioaren taldeak Valentzian arituko dira, Valentzia, Galizia eta Aragoirekin batera. Nafarrak, aldiz, Katalunia, Extremadura eta Gaztela-Leonen aurka lehiatuko dira Bartzelonan.

Onenak. Laugarrenez jarraian, IFFHSk Olympique izendatu du munduko talderik onena, PSG eta Wolfsburgoren aurretik. Lieke Martens Bartzelonako jokalaria garaile suertatu da hemen ere, eta munduko onena izendatu dute, Dzsenifer Marozsan aurreko irabazlearen aurretik. Lehen aldiz, IFFHSk urteko hamaikakoa aukeratu du: Bouhaddi, Bronze, Renard, Houghton, Dekker, Marozsan, Harder, Lloyd, Martens, Marozsan eta Kerr futbolariek osatzen dute, Sarina Wiegmanek zuzenduta.

Asia. Ostiralean amaituko da Japonian lehiatzen ari den EAFF Championshipa. Aurreko bi partidak irabazi ondoren, Ipar Koreak eta Japoniak jokatuko duten neurketan erabakiko da txapelketaren irabazlea. Hego Koreak eta Txinak, beren aldetik, lehen garaipena bilatuko dute.

Txapeldun. Aucklandek Zeelanda Berriko Liga irabazi du estreinakoz, bosgarren finala jarraian jokatu zuen Canterbury United Pride gainditu ondoren (3-2).