Amaia GARTZIA
Udate

Kafe antzokia, euskal oasia, gero eta gertuago ikusten du Gasteizek

Kafe Antzokia eratzeko lehen faseari ekiteko eguna urriaren 15a izango dela iragarri berri du Maroto alkateak. Ondarearen txostena plazaratu bitartean, Euskararen Etxea abiatuko da aurrenik, urteetako atzeratzeen ondorioz eragile eta hiritar askori oraindik ilusio hutsa iruditu arren.

Kafe Antzokia duen hirugarren euskal hiriburua izatetik gero eta gertuago dago Gasteiz, Javier Maroto alkateak berriki adierazi duenaren arabera. Proiektu hori «errealitate bilakatzeko konpromisoa» agertu du eta horretarako epea jarri: Urriaren 15a. «Urriaren 15ean Euskararen Etxea inauguratzeko hitzordua dugu». Adierazpenok Gasteizko Bilduk antzokiaren garapenari buruz azalpenak eskatu ondotik iritsi dira. Astearte honetan egin zituen Marotok, Euskara, Kultura eta Hezkuntza Batzordean. Izan ere, koalizio abertzaleak, antzokiaren alde lanean ari den plataformaren kezka jasota, atzerapenaren soka luzea behingoz moztu beharraz ohartarazi zuen aurretik prentsa agerraldian, Gasteizko Kafe Antzokiak urrian martxan beharko lukeela esanda.

Soka luzea, luzeegia Gasteizko euskaldunentzat beharbada; izan ere, euskal topagune bat izateko lehendabiziko eskaera 90eko hamarkada bukaerakoa da; EAko Antxon Belakortuk egin zuen proposamena. Ordutik, beste bi izan dira; 2008an bata eta oraingoa, eta azken hau Gasteizko Bilduko Kike Fernandez de Pinedok batzordean gogoratu legez, «legealdi honetan Bilduk hasieratik jarri du mahai gainean». Badirudi azken bi urteetan eragileen eszeptizismoa eragin duten kokapen aldaketek eta atzerapenek amaiera izango dutela udazkenean, «Lazarraga Euskararen Etxea» deritzon lehen fasea martxan jartzen denean.

Ez da bide samurra izan, sei urte hauetan zehar proiektuaren kokapena hainbatetan aldatu baita; Espainiako Bankuko eraikinetik hasi, itxitako Guridi zinemetatik igaro eta Montehermoso Kulturgunera (Oihaneder jauregia) iritsita. 2012an proposatu zen azken hori; bertako ur biltegiaren gainean 1.300 metro karratuko areto bat eraikitzeko proposamena egin zuen udal gobernuak, Kafe Antzokia bertan txertatzeko asmoz. Lakuako Gobernuak eman beharreko baimen bereziak beharko zirela aipatu zuten orduan eta lanak baimentzen dituen txostena, eraikina kultur ondarea dela-eta. Urte horretan bertan, hilabete batzuk lehenago, zain egoteari utzi eta Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko Plataforma sortu zuten hainbat hiritarrek eta sinadurak ere jaso zituzten. Hiriko eragile ezagun askok ere bat egin zuten proiektuarekin: Mikel Urdangarin eta Bingen Mendizabal musikariek, Manex Agirre eta Juan Mari Juaristi bertsolariek, Katixa Agirre eta Karmele Jaio idazleek, Alberto Zerain mendizaleak, Askoa Etxebarrieta dantzariak, Koldo Zuazo hizkuntzalariak eta beste askok.

Ordutik, Oihaneder jauregiko ur biltegi gainean Kafe Antzokia eratu ahal izateko Lakuaren txostenaren zain jarraitzen dute, eta, alkateak esan duenez, «udazkenean» jasoko dute hori. Aurtengo urtarrilean jasotzekoa zen, baina antza, «arazo tekniko eta finantzarioak» direla medio, atzeratu egin dela jakinarazi diote plataformari. Bitartean, jauregiak Euskararen Etxea hartuko duela ziurra da, eta «hori onartu eta hortik abiatzea» erabaki du plataformak, «betiere, Kafe Antzokiaren oinarria falta zaigula ahaztu gabe».

Gasteizko Kafe Antzokia «hankabiko» proiektua dela diote eragileek, bi guneren inguruan egituratua baitago: Euskararen Etxea-Lazarraga Kulturgunea, batetik, sorkuntza, formazio eta harreman sareak trinkotzeko gune gisa, eta bestetik, Kafe Antzokia izango dena -eraikitzeke dagoen aretoa, ur biltegi gainean-, kontzertu gune eta ostalaritza zerbitzuarekin (formatu handiagoko ikuskizunetarako).

Oraingoz, hanka bakarrarekin jaio da, eta sei urte iraun ditu erditzeak, proiektuaren bideragarritasuna finantziazio iturri propioei lotuta baitago, Kafe Antzokiko kontzertu, eta abarri, hain zuzen. Hori iristeko itxaron egin beharko da, ordea. «Horregatik eskatzen genuen berme ekonomiko bat, Euskararen Etxea Kafe Antzokirik gabe abiatzea onartzeagatik», azaldu dute plataformako kideek.

30.000 eurokoa izango da bitartean, 2014 bukaerara arteko berme ekonomiko hori, eta hurrengo urterako, aldaketak jasan ditzakeen 250.000 euroko finantzaketa proposamena egingo duela esan du udal gobernuak. Programaziorako, ostera, 150.000 euro jasoko direla iragarri zuen Marotok, nahiz eta plataformak «gehiago» eskatuko duela adierazi duen: «Ez da bakarrik programazioa, programazio horrek koordinazio bat, komunikazioa, plangintzak, eta abar behar ditu». Eurek egindako aurrekontu proposamena alderdi politikoei helaraziko dietela jakinarazi du plataformak.

Bestalde, datorren urteko otsailera arte Oihaneder-en aurretik hitzartuta zeuden ekintzak egongo dira; beraz, Euskararen Etxeak bereak abiatzen dituenean, beste areto batzuetan birkokatu beharko dira.

Finean, Gasteizko Kafe Antzokia euskara eta euskal kultura ardatz izango dituen proiektua izango da, hirian euskararen erabilera bultzatzea helburu izanik. Hogei urtean (1981etik 2006ra) Gasteizko elebidunen kopurua %21,2 hazi da -55.000 elebidun-, baina «ezagutzak, ordea, ez du erabileran hain nabarmen eragin», plataformak nabarmendu duenez. Hori berresten dute bi datu hauek: 1989an %2koa zen, eta 2006an %4koa.

Euskararen Etxea, hortaz, gutxi barru programazioa abiatuko duena, asmo handiko proiektua da, euskarari benetako bultzada emango diona, zer nolako erabilerak aurreikusi dituzten aintzat hartuta: besteak beste, euskararen gaineko erakusketak, tailerrak, ikus-entzunezkoak, musika-sorkuntza, hiriko egitasmo komunikatiboak hartzea, euskarazko materialak eskuragai izateko txokoa, hizkuntzaren erabilerarako espazioa, haurrei zuzendutako ekimen gunea...

Udaleko Euskara Zerbitzuak eta plataformak dagoeneko lan bilerak izan dituzte programazioa adosteko. «Urriaren 15etik abendu bukaerara Oihaneder jauregian hainbat ekintza izango direla aurreikusten dugu», adierazi du Iñaki Lazkano Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko Plataformako kideak. «Jendea plataformara hurbildu dadin nahi dugu eta denen artean ideiak bildu. Plataformako ateak irekita daude». Gutxi barru Euskararen Etxekoak ere bai.