GARA GENEVA

Ukrainako gatazkak 331 hildako eragin ditu su-etena adostu zutenetik

NBEko Giza Eskubideen Bulegoak bildutako datuen arabera, Ukrainako ekialdeko gatazkak 3.660 hildako eta 8.756 zauritu eragin ditu apiriletik urria hasiera arte. Su-etena adostu ondoren, 331 pertsona hil dituzte.

Zeid Raad al Hussein Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuetako goi mandatariak oso garbi adierazi du Ukrainako gatazkak zibilen artean ere hildakoak eragiten jarraitzen duela. Gainera, indarkeriak astindutako eremuan bizi diren bost milioi pertsonek beren oinarrizko eskubideak bortxatuta ikusten dituzte, gerraren ondorioz.

NBEko Giza Eskubideen Bulegoak onartzen du bi aldeek irailaren 5ean su-etena iragarri zutenetik erasoaldi handirik ez dela izan, baina eremu jakin batzuetan artilleriak, tankeek eta arma arinek lanean jarraitu dute, herritarren kalterako. Zehazki, Donetsk hiriko aireportuan, hiritik gertu dagoen Debaltseven eta Lugansk hiritik gertu dagoen Stxastia herrian ere bakerik ez dute izan, irailaren 5ean su-etena adostu bazuten ere.

2014ko apirilaren erdialdera hasi ziren Nazio Batuen Erakundeko adituak Ukrainako ekialdeko gatazkak eragindako biktimak zenbatzen. Egun haietatik urriaren 6a arte 3.660 pertsona hil dituzte bi aldeen erasoek, beste 8.756 zauritzeaz gain. Irailaren 6tik urriaren 6ra, hau da, su-etena Minsken adostu zutenetik, 331 hildako zenbatu dituzte NBEkoek, nahiz eta ikerketaren egileek onartzen duten hildako horietako batzuk lehenagokoak izan daitezkeela.

«Ukrainako ekialdeko borrokei amaiera emateko su-etena ospatzeaz gain, su-etena errespetatu egin behar dute alde guztiek, su-etenari eutsi egin behar diote, zibilei eta azpiegiturei eraso gehiagorik egin gabe», esan du Zeidek.

Goi mandatariak gogora ekarri du gatazkak kaltetutako eremuetako biztanleek azken urtean ez dutela izan «ez hezkuntza eskubiderik, ez osasun zerbitzu egokirik; ez etxebizitza duinik, ezta aurrera ateratzeko aukerarik ere».

Bere ustez, egungo krisia gehiago luzatuz gero, egoera jasangaitza izango dute milioika lagunek, horien bizitzak bestela ere astindu baititu gatazkak. Izan ere, NBEk egin dituen kalkuluen arabera, Donetsk eta Lugansk eskualdeetako 40.000 enpresa txiki eta ertain itxi egin behar izan dituzte borroken eraginez. Beraz, milaka familia geratu dira inolako irabazirik gabe.

Beren etxeak utzi behar izan dituzten herritarrei dagokienez, Ukrainako Larrialdi Zerbitzuak emandako datuen arabera, urriaren 2an 375.792 lagun zenbatuta zituzten. Eta etxera itzultzea erabakitzen dutenek, oso egoera zaila izaten dute aurrean, ia segurtasunik ez baitago. «Negua iristen ari den honetan, kezkagarriena da behar beste gas ez dela izango, batez ere behin-behineko babesleku kaskarretan sartuta bizi direnentzat», esan du Zeidek.

Bestalde, abuztuaren 18tik irailaren 16ra, batez ere abuztuaren 24tik irailaren 5era, miliziano errusiazaleek «atzerriko borrokalarien» laguntza izan zuten, ustez Errusiatik etorritakoak. Epe horretan nazioarteko zuzenbide humanitarioa askotan bortxatu dute bi aldeek.

«Talde armatuek beren kontrolpean dituzten eremuetako herritarrak beldurtzen jarraitu dute; erailketak, bahiketak eta torturak ere izan dira. Etxebizitza ugari suntsitu da eta makina bat gauza lapurtu. Gobernuak antolatutako boluntario taldeek giza eskubideak bortxatu izana ere salatu da».

«Justizia eskatzen dugu, ez zigorra. Alde guztiek bermatu behar dute ustez beste aldeari laguntza eman dietenen aurkako errepresaliarik ez izatea», gaineratu du Zeidek.