Jon GARMENDIA
Idazlea

Jentilizatzen

Telebistako gizon hark askotan deitzen zion idazle bati «el galo», frantsesa zela azpimarratzeko-edo, uste baitzuen galiar jentilizioak publikoari ulertaraziko ziola frantsesa zela. Baina ez zen hala. Prezio berean, belgikarra, suitzarra edo Italiako iparrekoa izan baitzitekeen, galiar jatorria lur horietan ere kokatzen baita. Beste batek «el luso» baliatzen zuen futbol jokalari bat izendatzeko, eta ondokoak, «lusitano» erran behar zuela egin zion ohar. Biek ala biek Portugaleko jatorriarekin lotu nahi zuten, baina beren historia eta geografia jakintzak ez zirela sakonegiak ohartu ziren orduan, horregatik «lo vamos a dejar en portugués y ya está» erran zioten elkarri. Informatiboetako aurkezleak «el presidente de Norcorea» aipatu zuen ia segidan, iparrekoentzat Norcorea eta hegokoentzat Surcorea karrikako gazteleran baino ez dela baliatu behar jakinda, hedabideetan behintzat Corea del Norte hobetsi behar delako. República Popular Democrática de Corea behar luke egiazki, baina tira, Kim Jong-Un liderrari ez diote halako keinurik eginen kapitalismoaren zerbitzariek. Tertuliano askok ez dute ikasi oraindik islámico eta musulmán ez direla beti árabe, Iranen, Turkian edo Indonesian egon ez diren seinale. Edo Malaysian «el malayo» etnia edo hizkuntza baino ez dela, eta «el malasio» behar luketela erabili. Azkenik, gure telebista kate batean, «el jugador vasco-francés» entzun zen, eta vasco-español ez zela nehoiz erraten eztabaidan jardun ginen lagunartean, Francoren garaietan agian, vasco-navarro terminoak indarra zuenean. Agian. «Corrida vasco-landesa» irakurri aldiro Landetan txortan egin zuela oroitzen zuela; batek, umorera jo eta eztabaida bukatu zuen. En fin. Toponimo, exonimo, exotoponimo okerrak. Jentilizioen mundu galdua. Segi orain, zerrendan dituzunekin. Edo, femeninoan hain guti zergatik erabiltzen diren hausnartzen.