Maider Iantzi Goienetxe

Haurrek birramatxi-birraitatxien bizitzak ezagut ditzaten

Birramatxi eta birbiloba elkarri begira, zer kontatuko ote diote batak bertzeari? Denbora gutxian egonen dira elkarrekin eta haurra ez da momentu horiez apenas oroituko. Baina, Labrit Ondarearen lanari esker, handitzen denean birramatxiren bizitzaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izanen du.

Labritek ondare ez materiala bildu, aztertu eta hedatzen du, etorkizunean gazteek beren birramatxi eta birraitatxien bizitzak ezagut ditzaten. Nafarroako artxiboa osatzeko bidean, 1.500 testigantza jaso ditu ia 400 udalerritan eta populazioaren %1 elkarrizketatzera iristea du helburu. Bestalde, eskaintza norbanakoei zabaldu eta pertsona bakoitzari bere ondarea familiari uzteko aukera ematen hasi da.

Gaizka Aranguren zuzendariak dioen bezala, mundu honetan produkturik onena erlijioak ematen digu, bizitza eternoa. Labritek, bigarren produktu interesgarriena eskaintzen du, memoria eternoa. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) honoris causa doktore guztien ondare ez materiala biltzen ari da orain, baina nahi duen edozein lagunek egin diezaioke eskaera, mundutik pasatu izanaren testigantza uzteko. Bertan hainbat arlo edo gai sartzen dira: bizitzaren faseak, herri antolaketa, lana, memoria historikoa, erlijioa, kultura, jaiak, musika, kantutegia, ipuinak, ahozko literatura, aisialdia...

Altxorra hondoratzen ez utzi

Adineko jendea hiltzen denean sekulako altxorra hondoratzen da beraiekin, mila istorio eta historia, eta gaur egun eskura dugun teknologia guztia kontuan hartuta, ondare hori gorde eta pantailara eramatea da Labriten ideia.

Arangurenen iritziz, premiazkoa da altxor hori jasotzea, baina ez da presa gutxiagokoa gazteei transmititzea, herritarrak protagonista izanen dituen ikus-entzunezkoen bidez. Garai batean transmisioa ahoz egiten zen; orain, ordea, teknologia berriek hartu dute indarra, eta hortik informazioa pantailara eramatearen garrantzia, bertan itsasten direlako gure begiak. Xedea etorkizunean elkarrizketak familia bakoitzaren barrenean egitea da.

Labritek Iruñeko izen bereko frontoiaren ondoan dituen bulegoak bisitatu ditu GAUR8k. Informazio kantitate handia gordetzen dute bertan kalitaterik onenean. Horren erakusgarri dira ikusi ditugun “hozkailua”, segurtasun kopiak egiteko seta (erosi berria dute eta euren nahia interesa dutenei zerbitzua eman eta kostuak konpartitzea da) eta gela berezitua, segurtasun handiko gauzak gordetzeko baliatzen dutena.

Gelaz gela eta pantailaz pantaila jarraitu dugu, 11 laguneko lantaldeko kide batzuk ezagutzen (hauek hainbat kolaboratzaileren laguntza dute): Itziar Aranguren ikus-entzunezko ekoizpenen arduraduna, komunikazioa eta salmentak daramatzan Itziar Luri, Araitz Amatria diseinatzailea...

Grabazio gelan, Garazi Erburu ekoizlea eta Aitor Ortiz konpositorea buru-belarri harrapatu ditugu lanean (eta ezustean, ez baitzuten bisitaren berririk) eta pasilloetan Maddi Barberrekin egin dugu topo. Bortzirietan kokatutako dokumentala dakarki eskuetan, Beran eman berri dutena, amuarrain baten ahotik Bidasoa ertzeko herrietako istorioak kontatzen dituena.

Ondare ez materialaren bilketa, azterketa eta transmisioaren kudeaketan adituak dira. Zuzendariak azpimarratu duenez, Europan ez dute arlo honetako bertze aditurik ezagutzen. Oraintxe izan dute Indiako baten berri.

Proiektu ugari dituzte esku artean, hagitz desberdinak, eta horien artean Nafarroa Garaiko ondare ez materialaren bilketa da garrantzitsuena.

Nafarroa Garaia eta Beherea

Orain dela zazpi urte abiatu zuten egitasmoa Eusko Kultur Fundazioarekin, eta berriki NUPekin batera artxiboaren azken xedea lortzeko konpromisoa berretsi dute: XX. mendeko Nafarroako gizarte tradizionalaren oroimenaren gordailu gisa, populazioaren %1ek parte hartzea, hau da, 5.000 lagun elkarrizketatzea. Navarchivo.com webgunean jartzen ari dira bildutako informazioa.

Mapa batean erakutsi dio GAUR8ri Arangurenek herriz herriko bilketa. Berde ilunez ageri dira bilketa egina duten eta transmisio fasean dauden herriak, berde argiz biltzen ari direnak, horiz udalari egitasmoa aurkeztu diotenak eta grisez oraindik proiektua aurkeztu ez dutenak. Labrit Ondarea Nafarroa Garaiaz arduratzen da, eta, Euskal Kultur Erakundea, Nafarroa Behereaz. Azken horretan Terexa Lekunberrik egin ditu elkarrizketak.

Oltza Zendea

Abel Castillo Ondare arduradunak Oltza Zendean egin duten azkeneko lanaren berri eman digu. 24 herritar elkarrizketatu dituzte aurten, horien artean Mari Cruz Martinez de Irujo, memoria zoragarria duen Izkoko 103 urteko emakumea.

Mari Cruz 11 anai-arrebetan bosgarrena da eta jaio zen lekutik hurbil bizi da. Aita Izkuen sortua zuen, eta, ama, aldiz, irurtzundarra. Gurasoek Irurtzungo ferian ezagutu zuten elkar eta Mari Cruzek ere ez zuen urrun alde egin, Arazurira ezkondu baitzen. Igandero lagunekin Etxaurirako errepidean barna egiten zuen paseoan ezagutu zuen senarra izanen zuena eta ezkondu zirenetik Aratzurin bizi da. Zendeako historiaren mende bateko lekukotasuna da berea.

Bertzeak bertze errepublikano eta karlisten arteko borrokak oroitzen ditu: etxetik aditzen zituen Iberoko Hiru Gurutzetako fusilamenduen tiro hotsak, Ezkabako ihesean parte hartu zutenak edota bonba hegazkinak Iruñerriko zerua zeharkatzen. Anaiek kontatzen zioten gerraren berri frontetik bueltan.

Kontu alaiagoak ere kontatu zizkion Martinez de Irujok Labriti. Adibidez, Errege bezperan joareak jotzen zituztela eta Domu Santu Egunean kandelak sartzen zituztela kalabazen barrenean jendea beldurtzeko.

24 elkarrizketekin osatutako bideoa ikusgai jarri dute helbide honetan: Vimeo.com/channels/navarchivo.

Familiaren jatorritik hasita

Oltza Zendeako solasaldi horiek guztiak kudeatu dituen Castillok erabili ohi duten metodologia azaldu digu. Familiaren jatorriaz galdetuz hasten dituzte elkarrizketak: etxearen deskribapena, argirik bazuten ala ez, urik, nola garbitzen zuten arropa, nolako komuna zuten, zer janzkera, zer elikadura lan eta jai egunetan, noiz iritsi ziren lehendabiziko aurrerapenak...

Hortik lanen banaketara pasatzen dira, txerria hiltzen zuten egunera, eta gero herrira zabaltzen dute ikuspegia, deskribapen orokorretik hasita: etxeak, kaleak, bizilagunen artean eta inguruko herriekin zituzten harremanak, zertaz bizi ziren, nekazaritza, lantegiak, udala edo kontzejua nola antolatzen zuten, auzolana, egur loteen antolaketa, partzelak, bertako lanbideak, artisauak, dendak, tabernak, saltzaile ibiltariak...

Bizitzaren faseena da elkarrizketen bertze atal bat: haur bat jaiotzean zeinek laguntzen zion amari, bataioa nolakoa zen eta “purifikazioa” edo garbiketa nola egiten zuten (denbora bat egon behar zuen jaioberriak etxetik atera gabe eta lehen irteerak elizara izan behar zuen; toki guztietan agertzen da hau, egun kopurua bakarrik aldatzen da).

Haurtzaroko jolasak, jaunartzea, eskola, gaztaroko dibertsioa, bikoteak nola elkartzen ziren, ezkontzako janzkera eta besta... Eta, azkenik, heriotza eta honen aurrekoa. Apaiza etxera etortzen zen komunioa ematera, prozesio txiki bat egiten zen, dolua, gaubeila etxean eta gero bazkaria, normalean kartetan edo musean jokatzen bukatzen zena.

Jakina, gerra eta gerraostea nola bizi izan zuten kontatzen dute, eta erlijioaz ere mintzatzen dira, pisu ikaragarria baitzuen herritarren bizimoduan. Elizaren deskribapena, nola kokatzen ziren gizonak eta emakumeak, errogatibak, debekuak, soroen eta animalien bedeinkapena, erritu guztiak.

Jaiak eta ospakizunak lantzen dituzte gero, eta, bukaeran, beti galdetzen die Castillok abesti, sendabelar eta bestelako kontuei buruz.

Udalekin elkarlanean

Elkarrizketatuko dituzten lagunak aukeratzerakoan ez dute adin mugarik jartzen ez goitik ez behetik. Udalarekin batera egiten dute hautaketa faktore ugari kontuan hartuta: pertsonaren egoera, generoa, herriaren garapena... Lan antropologiko bat egiten dute.

Bizpahiru orduko elkarrizketak atera ohi dira. Orain arte luzeenak bederatzi ordu iraun ditu. Elkarrizketatuak guztiaz zekien, eta, gainera, hizlari ona zen. «Herria oso ongi ezagutzen zuen. Aguazila izana zen, sakristaua, auroroa... Hiru egunez joan ginen bere etxera», agertu du Castillok. Auroroak egunsentian kantatzera ateratzen dira. Egun bakoitzak bere abestia du. Aitona auroroa zuen eta berarekin hasi zen ateratzen elkarrizketatua bera ere.

Gaizka Arangurenek koadro bat margotzearekin alderatu du herrietan egiten duten lana. Ezaugarritze bileretan erabakitzen dute zer pieza izanen dituen puzzleak. Adibidez, nekazaritzarekin estuki lotutako herria bada badakite pieza batzuek nekazaritzarekin zerikusia izan behar dutela. Udal ordezkariek eta herriaren kulturaz eta historiaz dakiten pertsonek parte hartzen dute bileretan.

Elkarrizketak egin eta bizpahiru orduko grabazioak editatzen dituzte gero. Argazki bildumak egiten dituzte, interpretazioak... Bakoitzak eskatzen diena. Editatu eta Udalari ematen diote lan guztia, eta herrira itzultzen dira bildutakoa aurkeztera.

Segurtasun protokolo hagitz handia jarraituz biltzen dute informazioa. Dagoeneko 1.500 unitate dituzte bilduta, eta 150.000 sekuentzia katalogatuta proiektu nagusi honetan. Guztia Nafarroako Unibertsitate Publikoko datu basera doa.

Jasotakoa landu eta dokumentalak, CDak eta liburuak egiten dituzte. “Imotz: bizitzaren garaiak” ondare ez materialaren ikus-entzunezko entziklopedia osatu dute Iruñeko Merindadeko ibarrean. 2008an eta 2009an egindako 21 elkarrizketen sailkapena da sei DVDz osatutako bilduma: herria, osasuna, euskara, harremanak, lanak, festak, erlijioa, gerra, etxea eta etxekoak, eta bizitzaren garaiak dira gai nagusiak.

Xaldun Kortin

Nafarroako ondaretik bildutako kantu eta kontuetatik jaio da Xaldun Kortin ere. Liburu, DVD eta disko batean, ume txikiekin euskaraz hitz egiteko formulak ematen dira, eguneroko bizitzan transmititzeko ipuinak eta esamoldeak, euskaldun berrientzat aproposak.

Xaldun Kortinen inguruan ikastaro eta saioak ere antolatu dituzte. Gurasoak eta umeak aritu dira elkarrekin, hizkuntzaren transmisiorako biderik «laburrena eta politena» baita.

Bertze hamaika lan ere egiten dituzte Labriten. Adibidez, irizpidedun turismoa bultzatzen hasi dira Iruñean barna bisita gidatuak eginez, gure ondare, kultur eta nortasun bideak ezagutarazteko. Baina horiek hurrengo erreportajean ezagutuko ditugu....

Ibaien dokumentalak, berriro so egiteko

Urtero ibai bati buruzko erreportajea egiten dute Labrit Ondarean Nafarroako Gobernuarentzat. Bidasoa, Ebro, Ega eta Zidakos landu dituzte jada eta Aragoirekin ari dira orain. Gipuzkoara salto eginez, Urumearekin osatuko dute bertze dokumental bat. Lan hauen bidez, jendea kontzientziatzea nahi dute, eta ibaira berriro begiratzea. Euskal Herriko ibaien entziklopedia egitea da euren asmoa. Aitor Ortiz eta Gaizka Aranguren Labriteko konpositorea eta zuzendaria arrantzaleak ere badira eta beren pasioa eta lana uztartuz, arrantzari buruzko ikus-entzunezkoak ere egiten dituzte.