Nagore Amondarain

Sutondoen bilakaera

Gaurkoan, guretzat Gabonak zer diren galderari erantzunez arituko gara hemen, kolaboratzaileok. Erraza egiten zait galderari erantzutea, gurean bilakaera nabarmena izan baitu urteko sasoi honek.

Garai batean, aitite eta amamen epelean biltzeko sasoia genuen, belaunaldien batze bat bezalakoa zen gurean. Baina urteek aurrera egin duten heinean, aitite eta amamen faltek hutsune handi bat utzi dute, itzali dira sutondo guztiak. Dagoeneko Gabonak “gabon” eta argiak piztu baino, itzali egiten dira gurean. 2003ko urtea Mexikon agurtu nuen, San Cristobal de las Casas herrian. Norbere ardatzaren bila egiten diren bidaia horietako bat izan zen. Etxekoei deitu nien, artean egun argiz zela Chiapasen, Euskal Herriko Gabon zaharren suziri hotsa entzuten zen. Azkar eskegi nuen telefonoa, alboan sumatu bainituen neska madrildar batzuk, eta gau hori konpainian pasa beharra zegoen, zelan edo hala, horrela agintzen duelako tradizioak, antza!

Hurrengo urtea, Mauritania eta Mali arteko mugan agurtu genuen, Maliko Nioro eskualdean. Gauez zeharkatu genuen delako muga. Malin sartzeko legezko bisarik gabe geunden makarroi triste batzuk afaltzen 2004ko Urtezahar gauean, harik eta herri txikiko umeak zarata batean hasi ziren arte, sartuak omen ginen 2005. urtean. Urte-berriko urtarrilaren 1ean sartu ginela Malira dio nire pasaporteak.

Ondorengo urteetan, aitite eta amamen tokietan, Argentinatik Euskal Herrira bizitzera etorritako lagunak izan ditugu bazkari eta afarietan. Zer esanik ez, hauen berba jarioak mahai bete jan baino gehiago betetzen duela etxe bat, iaioak dira mahai-bueltako berbaldietarako. Urte batzuetan, geu izan gara beraien sutondo. Baina hauek, dagoeneko, osatu eta handitu dute sendia, aita eta ama bihurtu dira, eta badute nahiko epel beren etxeko sutondoan.

Azken urteak atzerrian eman ditugu etxeko laurok elkarrekin, neba-arrebok gurasoekin, sutondo berrien ezagutzan. Istanbuleko Taksim plaza izan zen urte zaharra eta berria agurtzeko sutondoa. Kaleko postu batean eskatutako granada zuku batekin egin genuen topa.

Sutondo abegikorra zen orduan Taksim, gerora etorri baitziren plaza horretako su-garren oihartzunak gurera. Gabon horietan, Kurdistani buruz zerbait gehiago jakin genuen. Istiklal kalearen hasieran egin baikenuen hitzordua, ezagutzen ez genuen kurdu batekin. Garai haietan, Loiolako Hegiak itzultzen ari omen zen, hori berari buruz genekien apurra. Baina ez zen zaila izan hura ezagutzea; bidearen bestaldean besazpian Manuel Rivasen “El lapiz del carpintero” liburua zuen gizon bat zegoen. Eta, zelan ez, berak behar zuen izan. Istanbulen gaztelaniazko liburuen irakurle klub bat omen zegoen, eta hantxe aritzen zen.

Hurrengo urteetan, Erromako Koliseoan. Dublineko Trinity College inguruan. Eta Parisen, Lucio Urtubiaren kontuak entzuten.

Gabonak aitzakia baino ez dira opor egun batzuk nahieran antolatzeko, nire ustez. Sutondoek ez dute beroa betiko eran eta betiko tokian eman beharrik, tradizioak horretarako daudelako: eramateko, ekartzeko, eraldatzeko. Eta sutondoetako kide izateko baldintzak ez ditu zertan tradizioak markatu behar. Iruditzen baitzait abenduaren 24a, 25a, 31a zein urtarrilaren 1a antolatzea bide-orri konplikatu bat bihurtzen dela etxe askotan.