Amagoia Mujika Telleria
Entrevista
Andoni Egaña Makazaga
bertsolaria

«Bertsolariaren ezaugarri behinena belarri ernea da eta horretan asko zor dio ahozkotasunari»

Ahozkotasunaren bigarren aroa bizitzen ari omen gara, baina belaunaldiz belaunaldi gero eta traketsagoa da gure ahozko jarduna. Paradoxa horri tiraka aritu da Andoni Egaña EHUko Udako Ikastaroetan, zer hobetu eta nola pista batzuk emanez.

Ahozkoak gero eta garrantzia handiagoa dauka, baina, aldiz, gazteak gero eta narrasago moldatzen omen dira horretan. Nola landu daiteke ahozkotasuna hezkuntza arautuaren baitan? Galdera horri tiraka osatu dute astearen hasieran Donostiako Miramar jauregian “Bertsolaritza eta ahozkotasuna hezkuntza arautuan” EHUko Udako Ikastaroa Mintzola Fundazioaren zuzendaritzapean. Andoni Egañak bere ekarpena egin du “Ahozkotasunaren lanketa bertsolaritzaren bidez” izenburudun saioarekin, ahozko lezio ederra eskainiz.

Izenburuak norabide bakarra markatzen duen arren, Andoni Egañak bi norabideko begirada eskaini nahi izan du; batetik, bertsolaritzak nola lagun dezakeen ahozkotasuna lantzen, eta, bestetik, bertsolariaren oinarrietan zein garrantzia duen ahozkotasunak. Kitatu beharreko zorra iruditzen baitzaio.

«Ahoz komunikatzen den komunikazio oro» omen ahozkotasuna. Baina, ez hori bakarrik. Ahoz ekoizten dena bada, baina hori baino gehiago ere bai. Egañaren hitzetan, «ahozkotasunaren bigarren aroan» gaude. Egun, grafiaz laguntzen diren ahozkoaren pareko komunikazio moduen garaian gaude. Mezu elektronikoak, wathsappak, blogak... horiek guztiak ahozko komunikaziotik oso gertu ikusten ditu zarauztarrak.

Jonh Foley ahozkotasunaren ikerlariak egindako konparazioaren arabera, demagun pertsona hizketan hasi zenetik gaur egun arteko denbora tartea urte batekoa dela –alegia milaka urte horiek urtebeteko epearekin konparatuta–. Hala balitz, Gutenbergek inprenta abenduaren 30ean asmatuko zukeen. Hortik kontuak atera ahozkotasunak zer-nolako pisua izan duen komunikazio moduetan.

Gainera, azken 50 urteotan ahozkotasunak gero eta garrantzia handiagoa hartu du. Baina, belaunaldi gazteek ahozko gaitasun urriagoak dituzte. Eta horrek, noski, kezka sortzen du. Eta noren gainean erortzen da kezka hori? «Eskolaren gain erortzen da, lehen familiaren inguru hurbilak bere gain hartzen zituen beste batzuk bezala; bide heziketarena, sexu heziketarena edota ingurumenarena. Eskolari erori zaio galanta!».

Jarioa eta diskurtsoa

Ahozkotasunaz ari garela, ahoz produzitzen den orori buruz ari gara. Baina, horren baitan, Egañaren hitzetan, bi kontzeptu bereizi behar dira: jarioa eta diskurtsoa. «Jarioa momentu jakin batean hiztun batek hizkuntza jakin batean duen etorri maila da. Hori da jarioa eta hori ere bada ahozkotasuna. Baina, iruditzen zait, jarioari baino diskurtsoari begiratu behar zaiola. Eta badakit ‘diskurtsoa’ hitz itsusia dela, zentzu gutxieslea duela, ‘erretorikak’ edo ‘txapak’ duten bezala. Baina ‘diskurtso’ deitzen diogu, daukagun jarioa daukagula, estrategia komunikatibo batzuk aplikatu eta hortik lortzen dugun pilula komunikatiboari».

Eta diskurtsoak nabarmena du intentzionalitatea. «Egia da ahoz ari garenean gehienetan izaten dugula intentzionalitatea, baina diskurtso bat egiten ari garenean beti daukagu intentzionalitatea, beti daukagu helburua, norbait konbentzitu beharra». Diskurtsoa ez da bakarrik apaizaren sermoia edo politikariaren jarduna, diskurtsoa da, era berean, amonari 80 urte bete dituelako familia guztiaren aurrean esan beharrekoa; Zarauzko malekoian paseoan bezperan haserretu den bikotekidearen barkamena lortzearren egiten dena, edo guraso bilera batean irakasleak egiten duen ariketa gurasoak irakasle ona dela pentsatuz etxera daitezen.

Hizkuntzak, gehienetan, zerbait lortzeko balio du, intentzio bat dauka, helburu bat, «nahiz eta askotan ahaztu egiten zaigun». Eta helburu hori, gehien-gehienetan, hizkuntzaz kanpo dago. «Inork ez du hitz egiten ondo hitz egiteko, gauzak lortzeko baizik. Hori ahaztu egiten zaigu askotan».

Jarioa, etorria, hobetu edo kaskartu egin daiteke, hizkuntzaren erabileraren arabera. Bestelakoa da jario hori erabiliz eta estrategia komunikatiboak aplikatuz intentzio komunikatibo garbia duen jarduna jostea. Eta Egañak proposamen garbia jarri du mahai gainean: irakats dezagun diskurtsoak egiten.

Ez dakiguna disimulatu?

Ahoz aritzea zer den zehazterakoan «desenfokea» dagoela iruditzen zaio Egañari. «Eskolaren eraginez, iruditzen zaigu ahoz aritzea dela beti zerbaiten berri ematea. Eta ez da horrela. Iruditzen zaigu ahoz aritzea dela ‘dakiguntxoaren’ berri ematea. Eta ez da horrela. Ahozkotasuna mendeetan zehar gehiago izan da ez dakiguna disimulatzeko era elegante bat, ‘dakiguntxoa’ adieraztekoa baino».

Diskurtso hobe edo txarragotik harago, kontua da helburua markatzea eta zure diskurtsoa helburu horren arabera egitea. Zer egin behar duzu, entretenitu? Informatu? Bi gauzak? Pertsuaditu? Disuaditu? «Helburua beti dago hizkuntzatik kanpora eta hori egiten ikasi egiten da». Eta Egañak garbi dauka: «Eskolan diskurtsoak lantzen ikasten badugu, horrek mesede egingo digu ahoz zein idatziz, nahiz eta biak desberdinak izan».

«Eskolan simulatu egin behar da, eta ez disimulatu». Eskolak neska-mutikoak prestatu behar ditu kanporako, helburua ez da eskola bera. «Eta kanpoko baldintzak eskolara ekarri behar dira. Diskurtsoak egiteko helburuak markatu behar dira eta baita xede taldeak ere. Kanpoko baldintzak simulatu egin behar dira, eta ez disimulatu».

Ez da eginbehar samurra eskolaren gain jartzen dena, lehen etxean, kalean eta beste ertz batzuetan ikasten eta lantzen zirenak orain eskolaren gain uzten baitira. «Ez da erraza. Dagoena aprobetxatu behar da, baina, kontuz. Helburua eta xede taldea markatu. Hor dago ‘Gu ta gutarrak’ saioa, non gaztetxoek oso iaioak diruditen hitz egiten. Orduak eman ditzakete hitz egiten kameren aurrean huskerien inguruko eztabaidan. Baina gai al dira bi minutuz xede talde jakin bati zuzendu eta helburu jakin bati begira hitz egiteko? Segur aski ez. Infantilizaziorantz goaz, 21 urteko protagonistek gauza ezdeusak kontatzen dituzte eta ikusleak 13 urtekoak dira».

Matematikarako edota igeriketarako balio duen arau berdinak balio du ahozkotasuna lantzeko ere: jardun, jardun eta jardun. «Uraren konposizio kimikoa jakinda eta besoek egin beharreko mugimenduak paperean ikusita ezin da igeri egiten ikasi. Igeri egiteko uretan sartu eta aritu egin behar da», azaldu du Egañak, eskolaren gaitzetako bat agerian utziz.

Ahozkotasuna, bi norabidetan

«Orain arte garrantzi gutxi eman diogu –eta horrelako foroetan gutxiago– eta bada garaia pentsatzen hasteko, ez bakarrik bertsolaritzak zertan lagun dezakeen ahozkotasuna lantzen, baita aitortzeko ere nondik gatozen eta ahozkotasunak zer-nolako garrantzia izan duen bertsolariaren iturriak sortzeko orduan».

Lehen esan bezala, Egañak bigarren norabide bat eman nahi izan dio bere gogoetari. 1980. urtearen bueltan, ingurua nola aldatzen zen begira zegoen jende bat –esaterako, tabernak ez ziren lehengokoak, musika jartzen hasi ziren–. Eta konturatzen hasten dira ordura arte balio izan duten transmisio modu batzuk gainbehera datozela. Tartean da Xabier Amuriza. «Ordura arte etxean transmititzen zena, kalean transmititzen zena, tabernan transmititzen zena... galtzen ari zen; eten baten aurrean topatzen dira, alarma guztiak pizten dira eta pentsatzen hasten dira bertsoa ere ikas daitekeela. Eta hor hasten dira sortzen bertso eskolak».

Eta hor, parean, zalantza; noraino sortzen da bertsolaria eta noraino egiten da bidean. Horretan sartu gabe, Andoni Egañak bertsolariaren ezaugarri nagusia zein den argitu du: belarri ernea. «Bertsolariaren ezaugarri nagusia ez da ondo kantatzea; ez da hizkuntzaren erabilpen maila. Bertsolariaren ezaugarri nagusia eta beharrezkoena belarri ernea da. Belarri ernea daukan bertsolariak aurrera egingo du. Eta horrek esan nahi du umetatik, bertsolari izango den hori –nahiz eta berak ere ez dakien bertsolari izango dela– pelma bat dela. Bazkaria bukatu eta jolasera joan beharrean helduen ondoan kontuak entzutera geratzen den hori? Hori belarri ernea da. Hori da bertsolariaren ezaugarri behinena eta horretan asko zor dio bertsolariak ahozkotasunari».

Ahozkotasun lezio hori, gainera, era desberdinetan ematen da. Alegia, bertsolaritzara iristeko bide bat baino gehiago dauka belarri erneak. Esaterako, bertsogintzan beti aipatu izan da Landetako Unibertsitatea. Hala deitzen zitzaion Joxe Lizasok hartu zuen tabernari. Bertan iluntze askotan elkartzen ziren Joxe Lizaso bera, Joxe Agirre, Imanol Lazkano, geroxeago Gorrotxategi, Angel Larrañaga... eta Sebastian mutikoa han ibiltzen zen. «Landetako Unibertsitatea esatean denak imajinatzen dute kantuan aritzen zirela mahai baten jiran. Baina gezurra da, oso gutxitan egiten zuen kantuan. Bertsolaria nazkatuta egoten da kantatzeaz eta lagunartera iristen denean pasadizoak kontatzen ditu, adarra jotzen dio ondokoari, txisteak kontatzen ditu... Sebastian Lizasoren heziketa ez dator bertsoak entzutetik, batik bat dator belarriak tente izatetik horrelako mahai jira horretan».

Bertsolariak ahozkoari zor diona

Egañak bere kasu propioa ere aipatu du. Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan ez zegoen bertsoa oso presente. Baina bidean irakasle izan zituen Manolo Urbieta, Andu Lertxundi, Mariasun Landa... «zorte handia». «Ni 18 urterekin konturatu nintzenean bertsoak gustatzen zitzaizkidala eta hasi nahi nuela, igual harrokeria dirudi baina 10-8 silabak kontatzeko ez neukan arazorik, igual hori baino gutxiago. Urbietak klaseko lehen egunean ‘alaken, alaken’ idatzi zuen arbelean. Ez genekien zer esan nahi zuen –eta oraindik ez dakigu zer esan nahi duen–, baina ondo pasatzen genuen. Ohitu ginen euskal abesti tradizional eta berriak kantatzen; geroago Xabier Lete entzuten; eta Errobi entzuten. Hartara, 18 urterako ni oso ohituta nengoen kantuekin, 10-8 neurriarekin eta errimekin».

Jon Maiaren kasua desberdina da. Gurasoak erdaldunen seme, Zumarraga-Urretxutik Zumaira joan zen bizitzera haurra zela. Eta bere bidean topatu zuen Joanito Dorronsoro eta haren eskutik jaso zituen hainbeste eta hainbeste bertso zahar, oraino buruz dakizkienak.

«Bertsolarion kasuistikak nahiz eta oso desberdinak izan, denok daukagu komunean ahozkoaren iturri horretatik edan izana. Bertsolariok ahozkotasunari, batetik ez bada bestetik, asko zor diogu. Eta hori gutxi ikertu eta aipatu izan da».

Inoiz baino ahozkoagoa

Bertsolaritzaren eta ahozkotasunaren arteko hartu-eman horretatik tiraka, Egañak beste datu bat ere jarri zuen mahaiaren gainean: «Gaur egun inoiz baino ahozago egiten da bertsotan. Inoiz bertsolaritzak izan badu ahozkotasunaren ezaugarririk, gaur egun da».

Bada kontrakoa esan izan duenik, baina Egañak oso garbi dauka hori horrela dela. «Xabier Amurizak ekarri zuen iraultza biribiltasunean oinarritzen zen. Zenbat eta hitz luzeagoak, hobe. Gero, uste dut Maialen hasi zela esan nahi zuen huraxe esate aldera –esaten ez bazuen bere buruarekin haserretu egiten zelako– kontrakzio bertsogintza batekin. Gero eta hitz gehiago sartu, hobe. Eta hori ahozkoa da zalantzarik gabe. Horrek ez du esan nahi bata bestea baino hobea denik, baina bai batek ahozkotik gehiago duela».

Egañaren ustez, baina, kontrakzio bertsogintza horrek askotan ez du funtzionatzen funtzionatu beharko lukeen bezain ondo. Har dezagun Mendiluzeren bertso bukaera bat, «...hori egiten dunak arrazoia al du ba». «Zein ondo esan duen. Baina hori oso ahozkoa da, ezta? Ez du izaten hainbeste inpaktu entzulearengan. Askoz gehiago izaten du atzean gauden bertsolariongan. Horrek esan nahi bertsogintza oso ahozkoa dela, baina, benetan ahozkoa eginez gero, inpaktua galdu egiten duela», iritzi dio Egañak. Idatzizko-ahozko bertsogintza da, segur aski, entzulearengana zuzenago iristen dena.

«Idatzizko-ahozko bertsogintzaren une onean gaudela uste dut. Baina gogoeta hori ez da berria, 1930. urte inguruan, Euskal Pizkundearen garaian, gogoeta egin zuten idatzizkoaren eta ahozkoaren inguruan. Eta handik hogei urtera konturatu ziren bi bideek egin zutela aurrera eta bi bideak uste baino batuago zeudela». Beraz, euskal kulturgintzan ahozko-idatzizko elkartze horiek ez dira gaur goizekoak, aspalditik datoz bidean eskua emanda.

21.000 ikasle hezkuntza arautuan

Bertsogintza hezkuntza arautuan sartzeko lehen ahalegina 1982-83 inguruan eman zen Gipuzkoan. Geroztik, hazten eta indartzen joan da proiektua. Egun Euskal Herri osoan 21.000 ikaslek lantzen dute bertsogintza eskola orduetan eta 35 irakasle aritzen dira horretan. Baina zergatik eta zertarako?

Hiztegia aberasten laguntzen du. Jendaurrean ahoz egiteko gaitasunak fintzen laguntzen du. Kantatzen ikastea, kontatzen ikastea da; noiz suabeago, noiz ozenago, noiz isildu... Sormenaren pizgarri ere bada. «Errazagoa da hesipean sortzea, baldintza batzuen barruan. Hesirik gabe sortzea zailagoa da, paper zuriaren aurreko bertigoa hor dago». Bertsoak laguntzen du paper zuriaren aurrean plantatzen. Diskurtso mota desberdinak lantzeko abildadea lantzen da, estrategia komunikatibo desberdinak jostekoa. Memoria lantzen da. Dialektikaren artean trebatzen laguntzen du, diskurtsoa ia inoiz ez baita bakarkakoa, normalean joan-etorrikoa izaten da. Argudiaketan ekarpen handia egiten du, orain jarrera bat eta segidan kontrakoa defendatzen asmatu behar baita bertsotan. Bizitzarako eskola aparta, zalantzarik gabe.