Juantxo EGAÑA

«Euskal arrazaren arima artistikoa»

Kutxateka. Fotocar Funtsa. Ricardo Martin
Kutxateka. Fotocar Funtsa. Ricardo Martin

1935. urteko urtarrilaren 20an Donostian Bertsolarien Eguna izan zen, Eusko Gaztedik eta Euskaltzaleak antolatuta. Ekitaldian hogei bertsolarik parte hartu zuten eta eguna 11.00etan abiatu zen jendez lepo betetako Poxpoliña aretoan. Garaiko “El Día” egunkariak gaztelaniaz argitaratu zuenez, «el día del bertsolari fue una manifestación radiante del alma artística de la raza vasca». Egunkari horrek kontatzen zuenez, bertsolariak bi ilaratan eseri ziren eta eguneko heroiak izan ziren. «Los humildes y sencillos aldeanos comenzaron a realizar una labor admirable y asombrosa. De aquellas cabezas tocadas con la boina democrática, de aquellos labios ignaros encuadrados en caras tostadas por el sol, brotaron bertsos y más bertsos llenos de ingenio, sagacidad y no pocas veces de poesía», kontatzen du garaiko kronika ederrak.

Txapelketa izan zen eta hiru ordu iraun zituen. Azkenean txapela Basarri zarauztarrarentzat izan zen. Saria, 100 pezeta eta «Udarregi iratzargailu bikain bat». Saria Aitzolek eman zion Basarriri, epaimahaiko kidea zelako. Eta saioaren ondoren izandako bazkarian Euskaltzaleak elkarteko lehendakariak hartu zuen hitza, Telesforo Monzonek.

Goian agertzen den argazkian, ezkerretik eskuinera ageri dira, aurreko ilaran, Lujanbio, Txapel, Txirrita, Zepai eta Basarri. Eta atzeko ilaran, Erauskin, Mintegi, Sarasola, Nekezabal, Tellaetxipi eta Abarategi.