Pablo L. OROSA
MALAYSIA

Zunar, Najiben ustelkeriaren aurka borrokatzen den karikaturagilea

Najib Razak Malaysiako lehen ministroa ez du beldurtzen ez oposizioak ez Bersih mugimendukoen matxinadak ez Estatu Islamikoaren bahiketa ahaleginak. Ezta AEBetako Justizia Sailak ere, DiCaprio ere zipriztintzen duen kasu baten harira 1.000 milioi dolar kendu nahi dizkion arren. Zunar egilearen karikaturek baino ez dute beldurtzen.

Malaysia 2009az geroztik zuzentzen duen Najib Razak lehen ministroa Zulkiflee Anwar Haque Zunar egilearen karikaturek baino ez dute beldurtzen. Marrazkigile menderaezinari 43 urteko espetxe zigorra ezarri nahi diote, bederatzi sedizio kargu leporatu ondoren, hau da, agintaritzaren kontra altxatzean datzan Estatuaren barne segurtasunaren kontrako delitua egotzita.

Zunarren apartamentuko mahaiaren gainean “To fight through cartoon” izenburuko liburu bilduma dago, bere lanik onenak biltzen dituena. Paretetan, zutabetan eta bere arropan ere karikaturak dira nagusi. Bukit Bintang auzoaren hegoaldean dago estudioa. Gelaren beste aldean ekintzaile eta kazetari gazteak lanean ari dira, beren Interneteko egunkaria prestatzen. Gaur egun hedabide gutxi ausartzen dira Zunarren lanak argitaratzera eta gazte horiek egiten dutena da horietako bat. Gainerakoak itxi egin dituzte edo egilearen lanak hartzeari uko egin diote. «Egunkariak Gobernuak menderatzen ditu». Zunarrek mantso-mantso hitz egiten du. Begirada txilotuta dauka eta oinez hasten denean oso nekatuta dagoela dirudi, bere gorputza mihise zuriaren aurrean baino esnatuko ez balitz bezala. Hor aurkituko dugu benetako Zunar. Malaysia osoak hortxe ikusten ditu bere ispiluaren itzalak.

Anwar Ibrahim garaiko lehen ministrordea 1998an kargutik kendu eta ondoren espetxeratu egin zutenean, Zunarrek gerra-deklarazio moduan hartu zuen berria. Bere arkatza BN Barisan Nasional alderdiaren despotismoaren aurkako arma bihurtu zuen. Garai hartan Mahathir Mohamad zen BNko burua, baina politikak eragiten dituen aldaketen eraginez, gaur egun Anwarren aliatu bilakatu da, Najib Razak bere seme politikoaren aurkako borrokan.

2009an agintera iritsi zenetik, Najibek etsai ugari pilatu ditu. Hasiera batean Herri Justiziaren Alderdiko oposiziogileak atxilotu zituen. Terrorismoaren aurkako legeak eta Sedition Act lege gatazkatsua erabili zituen horretarako. Horri esker dute kartzelan Anwar eta hori bera erabiltzen ari dira marrazkilaria isilarazteko.

Gero txinatar eta indiar jatorriko gutxiengoak etsaitu zituen Najibek, hauteskunde garbi eta justuak aldarrikatzen zituen Bersih mugimenduko alkandora horiekin egin zuen moduan. Azken horiek etsai bihurtu zituen 1969ko maiatzeko borrokak gogora ekartzen dituen prozesu batean (orduan 200en bat hildako eragin zituzten borrokek). Egungo borrokek dagoeneko zazpi zauritu eragin dituzte.

Sistema autoritarioa

Azken hilabeteotan Txinako ekonomia moteltzen ari da, hidrokarburoen salneurriak behera egin du eta ringgita edo Malaysiako dolarra behera egiten ari da; hala, lehen ministroa eusten zuen elite ekonomikoa bera ere “Gaizkiaren Ardatzaren” zati bilakatu da. «Najib ekonomia kaltetzen ari da. Inbertitzaileak ez dira fio eta egunero bakarren batek ihes egiten du herrialdetik. Seguru asko oligarkek honakoa pentsatuko dute: ‘gizon bakarra da, eta, gizon hori sakrifikatuz gero, ontziak aurrera egiten jarraituko du’», esan du Tian Chua Keadilan Herri Alderdi Justizialista oposizioko aliantzako presidenteordeak. Garai batean aliatu politiko izan ziren pertsona batzuk ere, Muhyiddin Yassin lehen ministrorde ohia esaterako, kanporatu egin dituzte. «Sistema autoritario batean sartzen ari gara», adierazi du Cynthia Gabriel Center to Combat Corruption & Cronyism erakundeko zuzendariak.

Hamarkadatan Malaysia izan zen, Singapurrekin batera, Asiako hego-ekialdeko hazkunde ekonomikoaren paradigma. Kuala Lumur hiriburuko zerua menderatzen duten Petronas Dorre izugarriak dira lekukorik onena. Garapen teknologikoak, hidrokarburoek eta islamismo neurridunak etnien arteko tentsioa eta gizartean areagotutako haserrea baretzen zituzten.

Krisi ekonomikoak agerian ipini ditu berriz arazook, alkandora horien eta jihadisten bitartez. «Ezberdintasunak egon hor zeuden. Bersih mugimendua arazoon adierazpen bat baino ez da. Koalizioak hamarkadak daramatza horrela gobernatzen eta horrek etnien arteko gatazkaren tenperatura igo egiten du», Shaun Tan idazlearen arabera.

Malaysiar etniako gehiengoarentzat lekuak gordetzen dira unibertsitateetan, etxebizitza lortzeko garaian beste etniek izaten ez dituzten abantailak dituzte, lanpostu onenak beraientzat izaten dira… «Gizartearen maila guztietan dago bazterketa», esan du Tanek.

Independentzia lortu zuenetik, Malaysiako Federazioak erregimen oligarkiko bat elikatu du, enpresarien eta buruzagi politikoen arteko aliantza bat. Horiek eusten diote egoera ekonomiko eta sozialari. «Badakigu politikariek nola irabazi dituzten hauteskundeak hamarkadotan: diruari esker. Ez ditugu inoiz izan hauteskunde aske eta justuak», Gabrielek esplikatu duenez. Bera da erregimenaren gehiegikeriak salatzera ausartzen den ekintzaileetako bat. «Mantentze eta zabor bilketa zerbitzua edo autopisten kudeaketa ez zitzaizkien eskaintza onenak egin zituztenei eman, agintarien lagunei baizik, nahi eta nahi ez elikatu beharreko elite horri», erantsi du.

Najib agintera 2009an iritsi zenean, inbertsioak erakartzeko helburuarekin funts bat eratu zuen, hazkunde ekonomikoa bizkortu nahian. Bost urte geroago, 1MDB izeneko konpainia publikoak 10.000 milioi euro inguruko zorra zuen: dirutzaren zati bat agintari nagusiaren eta ondokoen poltsikoetara joan zen, AEBetako Justizia Sailaren arabera. “The Wall Street Journal” egunkariak eta Sarawak Report atariak gaiari buruzko ikerketa egin zuten eta ondoren Etxe Zuriak salaketa bat aurkeztu zuen 1.000 milioi dolar inguru berreskuratu nahian, 2015era bitartean Gobernuko goi karguen kontuetara, dirua garbitzeko nazioarteko sare baten bitartez, joan zirelakoan. Onibarrak, bitxiak eta artelanak erosten zituzten, besteak beste, Van Gogh beraren “La maison de Vincent à Arles” edo Moneten “Saint-Georges Majeur” eta “Nympheas avec Reflets de Hautes Herbes”. Bide trakets horretatik lortutako diruaren zati bat “Wall Streeteko otsoa” izenburuko filma ordaintzeko erabili zen, Riza Aziz produktorea Najib Razaken semeordea baita.

Lehen ministroak esaten du eskandaluarekin zerikusirik ez duela eta Fiskaltzari ikerketa bat egiteko agindu zion, berari arrazoia emateko: Saudi Arabiako errege familiak emandako dirua omen zen bere kontuetan agertutakoa. Fiskaltzak egindako ikerketaren emaitzaren berri izan zuenean, Zunarrek beste pertsonaia bat sortu zuen: The Man of Steal edo Altzairuzko Gizona, Estatua bera bere interesen arabera egokitzeko gaitasuna duen gizona. «Gaur egun Justizia Exekutiboaren mendean dago. Erakunde publikoak, Justizia, ustelkeriaren aurkako batzordea eta Polizia barne, ez dira independenteak, Gobernuaren mendean daude-eta», Gabrielek itzuli digunez.

Malaysiako gizarteak mende erdia egin du ustelkeria maila jakin bat onartzen. Oligarkia aberastu egiten zen, baina, aldi berean, herrialdeak sekulako hazkunde ekonomikoa zuen: batez beste %6,35ekoa, 1961etik aurrera. Horri esker urtean milaka lagunek atzean uzten zuten pobrezia. Orduan inork ez zituen aipatu ere egiten Barisan Nasional alderdikoen gehiegikeriak. Egoera hori 2013an hasi zen aldatzen, Anwarrek zuzendutako oposizioak bere emaitzarik onenak lortu zituenean, bozketak irabaztetik oso urruti geratuz ordea. Zunarren karikaturak sare sozialen bitartez zabaltzen ziren eta Altzairuzko Gizona oposiziokoen ikur bihurtu zen, Sedition Acten begi ahalguztiduna edo Rosmah Mansor lehen damaren luxuzko poltsak bezalaxe. «Najiben arazoa bere emaztea da. Jendeari ez zaio batere gustatzen bere bizi-maila», onartzen du BNkoen inguruko oligarkiaren pribilejio guztiekin hazi den neska gazte batek, KL Centraleko geltokian kafea hartzen ari dela.

Malaysiako Imelda Marcos

Ohikoa da Rosmah Londresko Harrodsen edo New Yorkeko Bosgarren Etorbideko luxuzko dendatan erosketak egiten ikustea. “The Wall Street Journal” kazetak egindako ikerketa baten arabera, 2008tik 2015era sei milioi dolar gastatu zituen arropa, bitxi, oinetako eta poltsak erosten. Berea da munduko Hermes markako poltsa bildumarik handienetako bat (bakoitza milaka dolar ordainduta).

Rosmah, “Malaysiako Imelda Marcos”, erraz antzematen da Zunarren karikaturetan. Ilaje handia, diamantezko eraztuna hatz luzean eta poltsa ixtea oztopatzen duen bitxi sorta dituen emakumea Malaysiak nahi izan ez duenaren ikurra da. Horregatik Najibek berak eta emazteak nahi eta nahi ez isilarazi nahi dute Zunar. Urrian migrazio zerbitzuek herrialdetik irtetea debekatu egin zioten, nahiz eta bere aurkako neurririk ez duten hartu epaileek. «Bidaiatzeko Zunarri ezarri dioten debekua ahots kritikoak isilarazteko Malaysiako agintarien azken ahalegina da», Amnesty Internationalek salatu duenez.