Isidro Esnaola

Europar batasunaren ideia: herri txikien proiektua

Europar Batasunaren sorrera izan zen Erromako Hitzarmenaren sinaduraren 60. urteurrena ospatuko da martxoan. Urtemuga horretara ahul iritsiko da EBren proiektua. Izan ere, Brexita orduan jarriko da martxan. Hala ere, hori ez da proiektuak duen zailtasun bakarra: EBren aurkako eskuin muturreko indarrek pisua irabazi dute; errefuxiatuen afera gero eta korapilatsuagoa bilakatzen ari da; krisi ekonomikoaren gestio oso eskasa egin du EBk, eta, orain, gainera, AEBetako administrazio berriak segurtasun arloko eskakizun berriak egin ditu.

Aldaketa testuinguru horretan, Estatu espainolaren eta Estatu frantsesaren arteko gailurra egin zen astelehenean Malagan. Harrigarria izan zen amaierako hitzaldietan Hollandek eta Rajoyk bat egin zutela bi abiadurako Europaren aldeko apustuan. Martxo hasieran Parisen Alemaniako Angela Merkelekin eta Italiako Paolo Gentilonirekin gailur berezi bat egingo dutela iragarri zuten; integrazioan sakontzeko omen. Hala ere, aipatu zituzten gaiak, hala nola migrazioa, mugen segurtasuna, hazkunde ekonomikoa eta enplegua ez dira oso berritzaileak. Defentsarako Europako funts baten sorrera ere mahai gainean jarri zuten.

Adierazpen horietatik ondorio interesgarri batzuk atera daitezke. Alde batetik, Europako estatu handienek Europako norabidearen inguruko diseinu propioa adostu nahi dutela ematen du, gainerako estatuen iritzia kontuan hartu gabe; bide oso demokratikoa, hala ere. Bestetik, ematen du Europako agintariek aintzat hartu dituztela Donald Trumpen administrazioak Europak defentsa gastuak bere gain hartu behar dituela esanez egindako adierazpenak eta gastu militarra handitzeko urratsak emango dituztela. Defentsan gastatzen dena ez doa ez hezkuntzara ez osasungintzara ez babes sozialera. Gastu militarra handitzeak nekez ekarriko du etorkizun oparorik. Hirugarrenik, norabide berri horren ardatz nagusiak migrazioa eta mugak dira. Eskuin muturrak duen programa berdina da hori. Horrelako proposamenekin zaila egiten da ulertzea zeintzuk diren hain sarri aipatzen dituzten «Europak babesten dituen balioak». Gaur egungo EBk ez du eskaintzen ez oparotasunik, ez segurtasunik, ezta baliorik ere.

Azkenik, hori guztia gutxi balitz, EBk bere kideak modu guztiz lotsagarrian tratatzen jarraitzen du. Aste honetan bertan Grezia eta Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala, Europako Egonkortasun Mekanismoa eta Nazioarteko Diru Funtsa etorkizuneko finantza programa negoziatzen aritu dira. Hasiera batean balizko zorraren arintze batez hitz egin bazen ere, oraingoz ez dago inongo berririk. Ematen du gaia xantaiarako bide bilakatu dutela eta nahi duten guztia lortu arte ez dutela argituko. Gainera, hasiera batean zorra arintzearen alde agertu bazen ere, orain erreforma gehiago eskatzen ditu Nazioarteko Diru Funtsak hurrengo programetan parte hartzeko. Azkenean, Greziako Gobernuak adostu du 2019tik aurrera erreforma batzuk egitea zerga sisteman, lan harremanetan eta pentsio sisteman. Greziako Gobernuko bozeramaileak garbi utzi zuen euro karga bakoitzeko arintze euro bat egongo dela. Hori ikusteke dago.

Edozein kasutan honakoa eskatzen diote hartzekodunek Greziari: barne produktu gordinaren %3,5 superabit primarioa izatea hurrengo hamar urteetan. Horrek esan nahi du Estatuko aurrekontuetan interesak ordaindu aurretik, aurrezki hori lortu behar duela. Proportzio horrek Europa hegoaldeko lau herrialdeetan urtero 2.975 milioi euro aurreztu behar izatea ekarriko luke, Gasteizko Gobernuaren Hezkuntzako aurrekontua baino gehiago. Herri baten ekonomiarentzat horrelako zama hain da larria De Guindos ministroak onartu zuela horrelakorik ez dela inoiz gertatu. Hala ere, politikariek bidegabekeriaren aurrean begiak ixten jarraitzen dute. Gero eta argiagoa da europar batasunaren ideia herri txikien ideia dela, herrien Europarena. Gaur egun estatua osatu nahi duten Eskozia, Katalunia edo Euskal Herria bezalako herriek soilik hartzen dute aintzat europar batasunaren ideia. •