25/02/2017

Reportaje
MONGOLIA
Muturreko hotza herritar nomaden ganadua sarraskitzen ari da

Mongolian larri dabiltza, «dzud» fenomeno meteorologikoa gero eta maizago izaten baitute: uda lehor eta bero baten ondoren (larreak ihartuta geratzen dira), inoiz baino negu hotzagoa izaten dute, aurten gertatzen ari den moduan. Nomaden ganaduak ezin du bizirik atera egoera horretatik eta azkenean gizakiak ere hiltzeko arriskuan geratzen dira.

joseangel.oria@gaur8.info
Pd04_carey

Klima aldaketak ondorio ezberdinak eragiten ditu planetan. Munduko aberats gehien hartzen dituen New York hiria bere eraikinak eta egitura aldatzen ari da (ikus 6. orrialdea), 2012an Sandy izeneko ekaitza ikaragarriak utzi zuen txikizioak bertakoei erakutsi baitzien itsasoa gora egiten ari dela eta bat-batean eraikin ikusgarrienak ere botatzeko ahalmena har dezakeela. Handik milaka kilometrora, ia inor bizi ez den Mongolian (ia bi biztanle kilometro koadro bakoitzeko), larri dabiltza, klima aldaketaren eraginez dzud izeneko fenomeno meteorologikoa gero eta maizago izaten baitute: uda lehor eta bero baten ondoren (larreak ihartuta geratzen dira), inoiz baino negu hotzagoa izaten dute, aurten gertatzen ari den moduan. Artzain nomaden ganaduak ezin du bizirik atera egoera horretatik eta azkenean gizakiak ere hiltzeko arriskuan geratzen dira. Joan den astean Nazioarteko Gurutze Gorriak laguntza eskatu zuen Mongoliako 150.000 nomada ingururi aurrera atera ahal izateko baliabideak emateko asmoarekin.

Artzainen zaldi, behi, ahuntz eta ardiak jatekorik aurkitu ezinik uzten ditu dzuda. Ondorioz, abere talde osoak hiltzen dira. 1999an, 2000n eta 2001ean hiru urte segidan izan zuten eta 11 milioi abere hil ziren Asia erdialdeko herrialde erraldoian. Izugarrizko hondamendia da nomadentzat, Mongoliako hiru milioi biztanleen erdiarentzat, gutxi gorabehera. Abere horiek ezinbestekoak dituzte jateko, janzteko eta berotzeko ere, beraien gorotzak erretzen baitituzte jurtetako (Asiako herri nomada askoren solairu bakarreko etxebizitza, biribila, pertsona gutxiren artean nahiko azkar eraikitzeko modukoa) berogailuetan.

«Iaz 50 behitik 30 galdu genituen, eta, 300 arditik, 100. Dzuda gero eta maizago iristen da», kontatu zion Efe agentziari Choisonjav Lkhagvajav 57 urteko alarguntsak. Goxo-goxo zegoen bere jurtan sartuta, kanpoan sekulako hotza zegoen arren. Ulan Bator hiriburutik 180 kilometrora, mendebaldera, dago bere familiak eraikitako jurta, baina irudiak Antartikan zeudela ematen zuen aditzera.

Etsipena jurtan

«Gauzak asko okertzen direnean, jurta osoa geratzen da elurrak erabat estalita. Pala hartu eta ganadua ateratzeko zuloak egin behar izaten ditugu», esan du emakumeak, inguruan seme-alabak eta bilobak dituela. Eskualdeko buru batek ekarri berri zien laguntza humanitarioa.

«Ditxosozko klima aldaketarekin dzuda gero eta okerragoa da. Horregatik ez dut nahi geure seme-alabek artzain izaten jarraitzea», esan die kazetariei Baasanjav Tserennorov herritarrak. Bera ez dago beste herritar asko bezain gaizki, mila abelbururen jabe baita, “aberatsa” nomaden artean. Baina baldintza ekonomiko horietan ere gogorregiak dira gaur egun Mongoliako neguak, eta ogibidea bera ere gero eta zailagoa egiten zaie Baasanjav Tserennorovi eta emazteari. Badakite azkenean amore eman eta Ulan Bator hiriburura alde egin beharko dutela, seme-alabek orain urte batzuk egin zuten moduan.

Bikoteak bere esku dauden neurriak hartu ditu dzudari aurre egiteko. Auzotarrek (“auzo” kontzeptuak, hori bai, ez du zentzu handirik Mongolian, jurta batetik bestera kilometroak egoten baitira) egin duten moduan, udazkenean belar asko pilatu dute, oso normala izaten baita ardien apatxak izoztu eta aberea elurretan zuloa egin ezinik geratzea (azpian belarra dagoelakoan), hau da, hiltzeko arriskuan. Horrelakoetan ardia etxera eraman eta jatekoa bertan ematea izaten da konponbiderik onena.

Dzuda hamar urtean behin izaten zen garai batean, baina gaur egun lau urtetan behin izaten dute, eta, kasu batzuetan, maizago (aurten bigarren dzuda izan dute segidan, kalkulu horiek errespetatu gabe, eta iazkoak 350.000 abere hil zituen). Milurtekoaren bukaeran ere berdina gertatu zen (hiru urtetan segidan izan zen).

Larrialdien Kudeaketarako Agentzia Nazionalak emandako datuen arabera, otsail hasieran hildako 42.546 abelburu zenbatuta zituzten, baina kopuru horrek gora egingo du, batez ere udaberria hasten denean. «Okerrena iristeko dago», adierazi du Gwendolyn Pang Gurutze Gorriko zuzendariak.

Nordov Bolormaa Gurutze Gorriko idazkariak kontatu duenez, udaberria iristean abereak erabat ahulduta daude eta baldintza horietan erditzen dira: «Une horretan hiltzeko arriskuak gora egingo du, nahikoa janari aurkitzerik izaten ez dutelako, ezta babesleku eta albaitari zaintza egokirik ere».

Hiriburura joan behar

Munjbat Bazarragchaa abeltzain nomadak hirurogei abelburu zituen, hiriburutik oso urruti. Hamar hil zaizkio dagoeneko. «Oso negu gogorra izan da eta horrek esan nahi du udaberria ere ikaragarri gogorra izango dela», esplikatu du, erabat kezkatuta, Gurutze Gorriak France Presse agentziari igorritako bideo batean. Laguntza iristen bazaie, Bazarragchaak eta familiak premiazkoena egingo dute; hau da, irina eta arroza erosi. Eta belar idorra abereentzat, jakina.

Abelburu guztiak galdu zituzten abeltzain askok Ulan Bator hiriburura joan beste erremediorik ez zuten ikusi. Bertako auzo txiroenetan pilatzen dira, jurta bat bestearen ondoan eraikita, ez beraien lurretan izaten zuten lasaitasunarekin. Beraien auzoetan auto-ilararik ez da sortzen eta oso zaila da zementuzko blokeak ikustea. Baina ez daude hiriburuko bizitzarako prestatuta espazio handitan libre ibiltzen ohitutako herritarrak. Alkoholismoa, eskaletasuna eta delinkuentzia izaten dituzte bidelagun kokaleku berrian. Gainera, abelburuen gorotzik ez dutenez, berogailuetan ikatza erretzen dute jurta berotzeko eta horrek eragiten du Ulan Bator munduko hiriburu kutsatuenen artean egotea.

Diruzalekeriaren tesia

Edonola ere, begirale guztiak ez datoz bat Mongoliako nomaden arazoak klima aldaketarekin lotzen dituen tesiarekin. Gogorarazten dute Gobernu komunista 1990ean erori zenetik abeltzainek beren taldeak neurririk gabe handitu zituztela, etekin ekonomikoak lortu nahian. Hala, abelburu kopurua hirukoiztu egin da urteotan Mongolia osoan. Gainera, jabe asko ahuntzak hazten hasi ziren ardiak alde batera utzita, kaxmir artilearen salneurria asko igo baitzen. Baina ahuntzak ardiak baino kaltegarriagoak dira ingurumenarentzat, belarra zain eta guzti jaten baitute. «Seguru asko, abere kopuruari horrenbeste begiratu beharrean, kalitateari gehiago begiratu beharko genioke; ona litzateke ere herritar gehiago nekazaritzan aritzea», esan dio Eferi Nergui Gantulga gobernadore eta abeltzainak.

Edonola ere, oso martxoa gogorra espero dute Mongolian. Elur asko egingo du (herrialdeko 21 probintzietako 17 dagoeneko elurtuta daude) eta termometroak gauez 50 gradu markatuko ditu, zero azpitik.

Hilaren 16an aurkeztu zuen Gurutze Gorriak dzudak kaltetutakoei laguntza humanitarioa eramateko ekimena. 614.000 euro bildu nahi dituzte, 157.000 laguni laguntzeko. Zati bat izango da egoerarik larrienean dauden herritarrei laguntzeko: 11.300 pertsona. Beste 3.000 familiari eta 600 artzaini dzudaren aurrean hartzeko moduko neurriei buruzko prestakuntza emango zaie. Gurasoekin bizi ez diren umeei tratamendu psikologikoa ematea aurreikusi dute.

 

Luxuzko atikoek sorgailuei utzi diete lekua New Yorken

NOAA AEBetako Ozeano eta Atmosferaren Administrazio Nazionalak gogorarazi berri du herrialdeko itsasertzeko eskualdeak itsasoaren mehatxupean bizitzen ohitu beharrean direla: uraren mailak gora egingo du eta aditu batzuen arabera igoera 2,5 metrokoa izan daiteke 2100erako. «Uraren maila ez da igoko bainuontzi batean bezala, leku guztietan neurri berean, ipar-ekialdean beste lekuetan baino bizkorrago igoko baita», William Sweets NOAAko ozeanografoak esplikatu izan duenez.

New York hiria adituak aipatzen duen ipar-ekialde arriskutsu horretan dago. Bertakoa da Donald Trump presidentea, EPA Ingurumena Babesteko Agentzia zuzentzeko Scott Pruitt negazionista (klima aldaketarik ez dagoela edo, egotekotan, ez dela gizakiok eragindakoa dioten pertsonak) aukeratu duen agintaria. Erregai fosilen industriaren babesle sutsua da Pruitt.

«Munduko hiriburua» esan izan zaio New Yorki, Nazio Batuen egoitza nagusia hartzeaz gain, konpainia multinazional askoren egoitzak ere hartzen baititu. Eraikin asko itsasoaren maila berean daude, eta hori arazo larri bat izaten da ozeanoa haserretzen denean, Sandy izeneko ekaitzak 2012ko urrian egin zuen moduan. Nabarmentzekoa da hiriko ondasun higiezin asko ikaragarri garestiak direla, dauden lekuan egotearen ondorioz.

Sandyk New Yorki datorkion etorkizuna nolakoa izango den erakutsi zien herritarrei. Geroztik makina bat egitasmo egin dituzte jabeek, itsasoaren maila berriz igotzen denean horrenbesteko kalterik izan ez dadin: uharte artifizialak edo horma erraldoi bat eraikitzea aurreikusi izan da, hiri osoa babestu nahian. “The New York Times” egunkariak argitara eman berri duen artikulu baten arabera, hiriko eraikinen diseinua ere aldarazi du Sandyk: luxuzko atikoak desagertu egin dira diseinuetatik, eta horien ordez larrialdietarako sorgailuak jartzen dira gaur egun. Uholdea ez da iritsiko eraikin horietako goiko aldera eta sorgailuek lanean jarraitzeko aukera izango dute, bertan bizi direnek astebetez arazorik gabe iraun dezaten. Beste eraikin batzuetan drainatze sistema bereziak jarri dituzte, ura zimenduetatik urruti edukitzeko. Gainera, beheko solairuak uholdeek kaltetuko ez dituzten materialekin eraikitzen dituzte.

Curbed.com webguneak jakinarazi du Trump bera jaio zen Queens barrutiko Broad Channel uharteko kaleen maila igotzen ari direla, ondoko badiako uraren mailatik gora edukitzeko. Eta barruti bereko Breezy Point auzoan plataforma altxagarrien gainean eraikitzen direla etxe berriak, betiere itsasoaren mehatxuari aurrea hartu nahian.

Ozeano Barearen erdian dagoen Polinesia Frantsesean ere oso kezkatuta daude itsasoaren mailarekin. Bertako Gobernuak onartu berri du hiri bat uharte flotagarrien gainean eraikitzeko ideia aztertzea. Seasteading Institutuak denbora asko darama lanean konponbide hori aurrera atera nahian. Ideia erakargarria da: energia berriztagarriak baino ez lituzkete erabiliko hiri horretan, eta herritarrak elikatzeko akuikultura jasangarriaren aldeko apustu egiten dute, hau da, uretako landare eta animalien hazkuntzaren alde, era horretan gizakion jarduerak ingurumena kaltetuko ez duelakoan. Ametsa dirudi.