02/09/2017

Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta eta osteopata
Haurraren arimaren jagoleak

Abuztu honetan esperientzia bizigarria izan dut: Arabako Ozetan, “GaraiON” izeneko topalekuan, zortzi bat familia bildu gara gure umeekin, gurasotasunak berez dakartzan arazoak gainditzeko moduak elkarrekin esploratzeko. CAI delakoarekin nire lehen kontaktu serioa izan da (cuidado del alma infantil, hau da, “haurraren arimaren zaintza” bezalako zerbait), eta, oso ederra izan denez, zuekin konpartitzea pentsatu dut.

Ez naiz ni pedagogiazalea, ezta bereziki umezalea ere –lagunek ez didate alferrik “Ogrosabel” esaten–, baina emaztea bai: hura dabil joan den urteetan CAI topaketetan eta ikastaroetan. Handik ideia interesgarriak ekarri izan ditu, gure umeendako mesedegarriak suertatu direnak, eta aurten familia osoen topaketa planteatu zenean, ez zuen asko insistitu behar izan nire baietza lortzeko.

Funtsean, eta nik ulertzen dudanez, CAI honen atzean eskola libreetan aritutako –eta ari den– jendea dabil, hau da: ikastetxe arrunten hezkuntza sistemari erantzun alternatiboa ematen saiatzen diren guraso eta hezitzaileak. Halere, planteamendua ez da itxia: geure umeak eskola publikora doaz, adibidez, eta han landutako gaiak guretako ere balekoak izan dira. Kontua esperientzia partikularrak taldean konpartitzea da, besteek izan dituzten arazoekin alderatuz, eta norbere kasurako baliagarriak diren ekarpenak jasotzea. Bistan denez, pertsona batzuek (hezitzaileek) haien profesionaltasunetik hitz egingo dute; beste batzuek, berriz (gurasook), geure esperientzia partikularretatik; batzuek zein besteek egindako ekarpenetatik, modu eraikitzailean, errespetuz eta enpatiaz, norbere etxerako baliagarriak diren hainbat gako eskuratzen direla ikusi dut.

Osagilea naizen aldetik, umeen arima jagotearen asuntu honi interesgarria deritzot, nire pazienteen osasuna nola baldintzatzen duen egunero ikusten baitut. Gainera, gurasoa ere banaizenez, badakit etxe bakoitzaren panorama oso desberdina izaten dela, eta, beraz, ezin dela formula unibertsalik eman. Horregatik, ez nuke esango CAI hau metodoa denik; hori baino gehiago, dena delako arazoei aurre egiteko jarrera bat dela esango nuke. Lehen esan dut ni ez naizela aditua; baina bost eguneko esperientzia honek ideia orokor batzuk harrapatzeko balio izan didalakoan nago: patxada, maitasuna, distantzia, errespetua, irmotasuna... Gauza ederrak ikusteko aukera ere izan dut: haien umeengandik ikasteko gogoz dauden gurasoak; bere onetik ateratzean akatsaz jabetzen direnak; umeekin nekatzen direla onartzen dutenak... Inondik ere ez –hau garrantzitsua da niretzat– haurrak etxeko errege edo diktadore bilakatzera zuzendutako jarrera laxoak, jende ustez modernoa hainbestetan erortzen den putzua. Zertzeladak baino ez dira, baina agian norbaiti bide liluragarri honetan murgiltzeko interesa pitz diezaiokete.

Beste gauza bat ere gustatu zait: CAI honen atzean, batez ere, Cristobal Gutierrez Navas izeneko gizon jakintsu bat dago. Ikusi dudanez, gurasootako askok miresten dute, eta hori arriskutsua iruditzen zait; batetik, guruak ez ditudalako maite; eta bestetik, jendea ezinbestekoa denean arazoak etortzen direlako. Beste modu batera esanda: hura falta den egunean, dena hankaz gora doa. Beraz, topaketa honetan gustatu zaidana gurasoen burujabetasun hori izan da: Cristobal egon den egunetan oso ondo egon gara, bistan da; baina hura falta izan denean ere... dena ongi joan da, topaketek aurrera egin dute eta bertan gai asko landu dira oso modu konpetentean, nire ustez. Maisua harro egon daiteke: ganorazko oinordekoak prestatu ditu. •

www.abante.eus