Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Harrokeriaz

Identitatea. Hitz erraldoi bezain intimo hori. Nor zaren, zer zaren, zerk egiten zaituen nor eta nork egiten zaituen zer; zaren hori zuk izendatua den edo beste norbaitek jarri ote zizun izena. Zarenaren eta besteek egiten zaituztenaren artean dagoen amildegi hori. Identitatea.

Andeetan, Argentinaren eta Boliviaren arteko muga inguruan, bada ospe handiko kantari bat: Bruno Arias. Bere kantu batean Kollaren istorioa kontatzen du: turistentzako dibertsio huts izateaz nazkatuta, uzta txarrek nekatuta eta meatzaritzarako lurrean etengabe egindako zuloek amorratuta bere jatorrizko herria utzi eta hiriburura joango da, bere hizkuntza eta janzkerak baztertuta. Eta villa edo bazter auzo bateko etorkin soil bihurtuta arrotz sentituko du bere burua ingurukoek himnoa kantatzen dutenean. Bere begi indigenek ez dute ulertuko urriaren 12an zer ospatzen duen jendeak. Identitatea. Sarraski hori.

Gogoratzen naiz bertso-eskolan hasi ginenean nola neskak gehiago ziren mutilak baino. Eskola hasteko elkarrekin bertso-sorta bat kantatzen genuen, eta ondoren iristen zen bat-batean aritzeko txanda. Irakasleak gai orokor bat jartzen zuen, nahi zuenak kanta zezan. Eta umetan denok kantatzen genuen, gure trakeskeria, hankaluze, poto eta herrenekin. Baina nerabezarora heldu, eta, hara: ordura arte bertso erdian trabatuta ere lasai geratzen zena buruari bueltaka hasten zen; “lotsa” izeneko zomorro bitxi hura hasi zen besteen hitzak irensten. Eta astetik astera gutxituz eta gutxituz joan ziren bertso-eskolako kideak. Geratu ginenak ez ginen bertsotan ondoen aritzen ginenak, aritzeak kontraesan gutxien sortzen zizkigunak baizik. Kasualitatez, ia ez zen neskarik geratu. Gerora jakin nuen utzi zuten horietako askorentzat zeinen gogorra zen besteon aurrean trabatzea, huts egitea, esan nahi zutena esan nahi zuten bezala esatera ez iristea. Filmek, inguruak eta munduak esaten zienaren kontrakoa egitera behartzen zituen erratz-kirten haren aurrera atera eta kantatzeak. Identitatea. Eginez eraikitzen den armadura estu hori.

Badirelako identitate batzuk plazatik eta boteretik baztertu direnak. Horregatik oraindik ere konplizitate berezi bat sortzen da Donostiako Alde Zaharrean udako masifikazioan euskaraz hizketan sumatu dugun harekin, edo kontrolen batean gure autoaren aldamenean geratu duten autoko gidariarekin. Ez naiz ni bandera eta ikur zalea, baina uler dezaket euskal hiztunen proportzioa lausoena den inguruetan euskaraz ozenxeago hitz egiten duenaren autoestimu ariketa, edo matrikulan ardi latsa jartzen duenarena. Ikusezina izateari utzi nahi hori. Eta horregatik egiten zait harrigarria hemen, Donostiako portuko itsas komandantzian, dagoen Espainiako bandera erraldoi hori; edo udaletxe bakoitzean jartzen dena; edo Madrilen, Valentzian eta Espainiako beste hiri askotan egin den banderen eta zezenen erakustaldi hori. Botereak etengabe bere boterea erakutsi behar hori. Zertarako erakusten du bere burua lehendik ere erdigunean, denen bistan dagoenak? Akaso harrokeriaren oinarria horixe delako: autoestimu falta. •