Maider Iantzi Goienetxe
Entrevista
Igor Elortza Aranoa

«Alde gozo eta gaziekin zure burua errebisatzeko aukera ematen dizu txapelketak»

Luze mintzatzen da, gogoeta gogoetarekin lotuz, 1975ean Durangon jaiotako berbagina. Bost aldiz izan da Bizkaiko txapeldun. Zazpigarren Txapelketa Nagusia du eta laugarrenez kantatuko du finalean.

Donibane Lohizuneko saioaren ondoko egunetan dezente deskantsatu du. Lo egin, paseatu, etxekoekin ere lasaiago ibili, eta gero Iruñeko saiora joan zen lehenengoz aurten lagunekin, «bertsozale bat gehiago» bezala. Orduz geroztik, final giro hori nabaritzen du, tentsio puntu bat. «Batzuetan lo lasaiago, besteetan arinago, esnatu gauerdian eta burua bueltaka hasi...».

Zein burutazio izaten dituzu?

Buf! Bukatu dezakezu txikikeriarik txikienean pentsatzen. Agian egin duzun bakarkakoa hobetzeko ideiaren bat etortzen zaizu, doinuari bueltaka hasten zara, hiru-lau agur pentsatu... [irri egiten du] Ohetik jaiki, etxean pixka bat ibili, berriz etzan... Hala ibiltzen naiz dezentetan. Bestela ere loarekin nahiko gorabeheratsua naiz eta txapelketan gehiago.

Aitor Sarriegik aipatzen zidan gorabeheratsuago egoten dela sasoi honetan.

Dudarik gabe. Badakit tentsioan nagoela eta agian batzuetan konturatzen naiz erreakzioren bat dudala, ahotsa altxatu alabaren bati motibo handirik gabe eta gero ohartu. Badakit ere txapelketa amaitzen denean konturatuko naizela hiru hilabetetan nola ibili naizen, buruan etengabe dagoelako; nahita deskonektatu behar duzu batzuetan, bestetan nahita aktibatu, hasi notiziak entzutetik, irakurri, pelikulak ikusi... Dena jaso nahi duzu eta momentu batzuetan ohartzen zara hori kaltegarri ere badela, inputa inportantea da baina gero digestioa ere egin behar da. Baina gorabeheratsu baino, esango nuke tentsioan gora-gora-gora egiten dudala, atsedenalditxo batzuk saio bakoitzaren ostean, eta gora-gora-gora, eta amaitzen denean eta ondo amaitzen denean lasaitua, halako hutsune existentzial bat ere edukitzen da. Denok dakigu lehenago eror gaitezkeela baina abenduaren 17ra arte kalendario mental bat dago. Eta gero iritsi eta pasatu egiten da.

Duela lau urteko gogorapen gozoa daukat. Gogoan daukat Eguberrietan zein gustura egon nintzen etxean, lasai, sofan, pentsatu gabe bertsokideekin ariketak egiteko gelditu beharko nuela, edo liburu bat irakurriz beste patxada edo egoera mental batean. Animikoki eta bitalki garai berezia da. Zazpigarren txapelketa da, laugarren finala, eta ikasten da garai hau eramaten. 1993an hartu nuen lehendabizikoz parte. Nire ibilbidea nahiko gorabeheratsua izan da. Lehen bietan finalean sartu gabe baina finaletik gertu, gero bi aldiz finalean egon, kanpoan gelditu, eta 2013an segurutik orain arte egin dudan txapelketarik onena eginda hirugarren amaitu. Nik uste dut lanak salbatu nauela asko. 25 urteko karrera eta gero baten batek ez du sinetsiko, baina izatez nahiko zalantzatia, lotsatia eta perfekzionista ere banaiz. Maniatiko samarra ere bai. Ez dira agian dohainik onenak 13.000 lagunen aurrean munduari eta bizitzari buruz inprobisatzeko [barrez]. Halere, grinak, lanerako alferrik ez edukitzeak, esango nuke honaino ekarri nauela.

Zer ematen dizu txapelketak?

Txapelketaro zure buruari egiten diozun galdera da. Eta galdera ikur nagusia gero hortik dator: noiz arte? Hasieran ezagutzera emateko bidea da. Gero, txapelketa bakoitzak bertsogintza hobetzeko, berritzeko, lantzeko aukera ematen dizu beti, eduki, ikuspegi, gaitegi aldetik, bertsokera aldetik ere bai. Denok egiten dugu eboluzio bat. Nire kasuan, 20 urteko ibilbidean esango nuke garai batean gehiago bilatzen nuela injenioa, irudimena, originaltasuna. Bertsokeran ere alde formala, neurri berezien bila jotzea, errimak estu lantzea... Hori galdu gabe, txapelketari eta plazari esker eduki aldetik gehiago joan naiz bizipen esanguratsuen bila, emozioen bila. Mina, irria, gogoeta... Eguneroko bizitzarako baliagarria den bertsokera egitera. Forma aldetik ere, aurrekoa galdu gabe, landu dudan hori ez dadila hainbeste igarri saiatu naiz, ez dezala errima batek bereziki atentzioa deitu. Bertsokera zoli eta sotil bat egitera joan naiz.

Lanketa hori niri gustatu egiten zait. Txapelketa batek bere alde gozo eta gaziekin ere beti ematen dizu aukera zure burua errebisatzeko. Eta gero kideekin batze hori polita da, konpartitzea. Aurten Eneko Abasolo, Miren Amuriza, Jon Maia eta laurok batu gara eta gure inguruan, nahiz eta txapelketan ez duen parte hartu, Unai Iturriaga ere ibili da. Beñat Gaztelurrutia eta Manu Goiogana ere bai. Ondo dago taldera norbait berria biltzea. Denok mugitzen gaitu. Aurten Miren etorri da eta luxu bat izan da, beste ikasbide bat. Batetik bertsolari bezala beste belaunaldi batekoa delako, emakumea; nahiz eta gero finalak ez duen islatuko, indartsu sartu den belaunaldi bateko protagonistetako bat da. Horrek zer gogoetatua eman digu eta hitz dezente egin dugu gaien ikuspegiei buruz, bertsokerari buruz... Zazpi aldiz egon zarenean, txapelketa bizitzeko beste modu bat daukazu. Sartzen zara beranduago, kakotx artean gutxienekoa egitea finalera sartzea da... Miren, ostera, behetik gorantza dator, ilusio, indar horrekin.

Zein motibazio dituzu aurten?

Aurrekoan 2009an finaletik kanpo geratzetik nentorren, 2013an berriz finalean egoteko helburuarekin. Eta hori jada motibazio handi bat zen. Aurten pixka bat kosta egin zait. Bastidara hoztasun puntu batekin joan nintzen. Berandu samar hasi nintzen prestatzen, aurrekoan nekatu ere egin nintzelako bukaerarako. Hor momentu batean kezkatua nengoen, Bastida aurreko egunetan ez nuelako sentitzen txapelketarako aldarterik. Pixkanaka etorri da. Hogei urte eta gero, lau urtetik behin ezin duzu zure burua berrasmatu, baina aurten ere gehitu dizkiot koska batzuk nire bertsokerari, gaiak lantzeko, begiratzeko eta narrazioak lantzeko orduan, baita bertsoa egiteko orduan ere. Finalari begira ere, beldurrik eta konplexurik gabe, anbizio eta grina puntu batekin, jakinda zaila dela baina lorgarria dela, ilusio jakin batekin nago, aurrekoan hirugarren egin nuen eta ilusioa egingo lidake buruz burukoan bertsotan egiteak. Bizkaiko buruz buruko batzuk jokatu ditut, badakit momentu berezia izaten dela, entzule moduan ere bizi izan ditut, eta hor asko berotzen da norbere gorputza, zalearen begirada; eta hori bizi nahiko nuke, hori da nire motibazioa.

Miren Amuriza aipatu duzu. Penaz hartu genuen azkenean finalera pasa ez izana. Ez bera ez hor egon diren maila handiko hainbat emakume.

Uste dut finalean gauden zortziok berresten dugula bertsozalearen ikuspegi hori. Batetik, objektiboki begiratuta, plazan eman delako aldaketa bat, azken urteetan indar handiz, belaunaldi berri bat sartu delako. Belaunaldi horren ezaugarri nagusietako bat da emakume asko direla protagonista, eta hori horrela izateak eragin du gaietan, oholtzako jokabideetan, gaiei heltzeko moduan. Eragin dute beren belaunaldian eta gurean. Gu ere ikasten ari gara. Sendo ikusi dut Miren oholtzan eta prestaketetan ere bai. Norbere grinak berritzeko eta indartzeko, behar izaten da argindar iturri bat, eta Mirenek argi eta indar dezente eman dit. Iruñekoa eta gero gure asteroko bilkurara etorri da. Hor dago eta eskertzen diot.

Fikzioak eta egiak kontatzen dituzue. Nola elkartu?

Fikzioak balio beharko luke egia kontatzeko. Agian 20 urterekin fikzio urrunago eta handiagoek motibatzen zaituzte, eta, 40 urterekin, zure egunerokotasunetik gertuago egoteak. Erosoagoa da urrunagoko fikzio bat hartzea, eta, ostera, zure errealitatea argitu dezaketen edo zure egunerokotasunerako baliagarriagoak diren kontuetan sartzen zarenean, labainkorragoa da fikzio hori. Bikote edo lagun harremanei buruz, euskal auziaren iraganak gaur egun daukan pisuari buruz, gurasotasunari buruz... mila gauzari buruz gogoetatzen duzu, baina horrek kabitu behar du bakarkako gaien betekizunetan eta hor sartzeko asmatu behar duzu fikziotxo bat agian zure egia hori traizionatuz. Gabiltzan zorroztasun maila honetan, pertsonaiak lantze nahi honetan, narrazioak egite nahi honetan, nahi dugunaren langa oso exijentea da eta gerturatzen gara. Tarteka harribitxi batzuk ateratzen dira indar hori daukatenak. Sei minututan lortzen denean horrek daukan magiak ez dauka berdinik.

Exijenteagoak al zarete?

Emaitzan ez dakit, baina gure buruari gero eta bertsolari gehiagok, askok, jartzen diogun ipar eta helburu horretan bai. Hiru bertsotan pertsonaia bat garatu, edo narrazio bat egin, gaien aurrean ertzak bilatu, ideologikoki, sozialki, politikoki ere ikuspegi kritikoan jarri... Gauza asko dira bat-batean egiteko, agian gehiegi. Nahiz eta ez iritsi, utopia bezala, laguntzen dizu aurrera egiten.