Jon GARMENDIA
Entrevista
Sustrai Colina Acordarrementeria

«Une oso onean nago txapelketan, koxkaz koxka gorantz noala sentitzen dut»

Urruña, 1982. Bi aldiz irabazi du Xilaba Bertsulari Txapelketa, 2014an eta 2016an. Bosgarren parte hartzea du Bertsolari Txapelketa Nagusian eta bosgarren finala. Bostetik bost, beraz.

Bertsozaleei bertsolarien izenekin zerrenda bat osatzeko eskatuz gero, gorago ala beherago, beti agertuko da Sustrai Colina urruñarraren izena zerrenda horretan, urteak daramatzalako lehen lerroan, plazetan kantari, eta baita txapelketetako finaletan ere. Urtean ehun plazatik gora egiten ditu.

Txapelketa Nagusiko final hau, bosgarrena du jarraian; ia bizitza erdia darama bertan. Izan ere, 2001ean 19 urterekin kantatu zuen lehen aldiz Donostiako Belodromoan, eta 37 urterekin arituko da aurtengoan. Denboraldi batez bigarren izatearen estigma jarri izan zaio, Euskal Herriko Eskolartekoa irabaztetik landa ez baitzuen txapel handi bat buru gainean jantzi. Baina 2014an jantzi zuen Xilaba Iparraldeko Bertsolari Txapelketakoa, eta bigarren aldiz 2016an, etengabeko eboluzioan, ertzak ukitzen eta gorantz doan bertsolaria dela agertuz.

Colinak bi finalerdi jokatu ditu aurtengo txapelketan, eta biak irabazi; freskotasuna eta sendotasuna, biak erakutsi ditu, eta txapelerako hautagaien zerrendan bere izena ere idatzi behar dugula oroitarazi.

Olatu ona hartuta, eta haren gainean distiratsu ikusten zaitugu aspaldian…

Bizi-aldikada onean nago. Egin nahi ditudanak geroz eta argiago dauzkat eta niretzako daukadan denbora zeri eskaini nahi diodan ere bai. Aurreko Txapelketa Nagusiaren atarian krisi moduko bat izan nuen, nire burua agortuta sumatzen nuen. Dozena bat urte neramatzan urtean ehun plazatik gora eginez, inertzia asko metatuta nengoen, eta ordurako, banekien zer zen bertsolari bizitza. Hor erabaki nuen bertsolari izatetik nahi nuen bertsolaria izateko saltoa ematen saiatzea. Horrek nire jarduna eta nire baitako zutabe asko zalantzan jartzera behartu nau, eta, batez ere, lan asko egitera. Horretan nabil ordutik, eta zailtasunak zailtasun, arnas berri bat izan da niretzat. Oraindik libreago eta konplexu gutxiagorekin egin nahi nuke bertsotan, baina bidean gozatzen ari naiz.

Bastidan eta Amurrion kantatu duzu, bi finalerditan, biak Araban, eta bietan garaile. Izan dute beste antzekotasunik zuretzat?

Bastidakoa martxan zetorren tren batera igotzea zen, norbere beldur eta zalantza guztiak txapelketaren ispiluan topatzea. Kartzelara arte nire burua kausitzea kosta zitzaidan. Azken bakarkakoan askatu nintzen. Horrek konfiantza eman eta txapelketa zer zen oroitarazteko balio izan zidan.

Txapelketaz beti geratzen zaizkigu gozatutako une distiratsuak gogoan, baina txapelketa lokatzetara jaistea tokatzen denean katiuskak jantzi eta norbere burua lokatzetan defendatzea ere bada. Hala, beste gorputzaldi eta intentzio batzuekin joan nintzen Amurriora. Sentsazio onak sentitu eta gora egitea jarri nuen helburutzat, eta, ahal izatera, saioa hasi eta buka Bastidako kartzelakoaren mailan egitea. Sentsazioak hobeak izan ziren askoz, bertsotan nire burua libreago eta jauzi egitetik gertuago nabaritu nuen, Bastidan baino gorago. Horregatik gustatuko litzaidake BECen goranzko joera horri eustea eta bertso on andana uztea.

Prestakuntza ardatza da Txapelketa Nagusi on bat egiteko. Askoren ahotan dago aipamen hori, nahikoa al da?

Prestakuntza ezinbestekoa da ez Txapelketa Nagusi on bat egiteko, bertsotan oso ongi egiteko baizik. Bakoitzak daki bere indargune eta ahulguneak zeintzuk diren, zer irakiten den bere baitan, zein ekarpen egin nahiko lukeen, zein bidetatik jo. Bide horretan aurrera egiteko nahitaezkoa da zure burua baliabidez janztea eta horretarako lana, lana eta lana da nik ezagutzen dudan errezeta bakarra. Jakina, kontua ez da orduak sartzea, egiten duzuna irizpide batekin egitea baizik. Gero ez da ahantzi behar bat-bateko sormen artistiko baterako prestatzeaz ari garela, eginbide lauso eta gorabeheratsu batez, baina entrenatu den-dena entrenatzen da, baita talentua bera ere. Besterik da zuk egindako lanaren fruitua zuk nahi duzun egunean jasotzea.

Ariketa guztietan sumatu zaitugu sendo, bertsoak goitik behera josten, ofizioetan trebe, laguntza ekarriz eta erantzunetan fin. Bakarkakoetan ere ezin hobeto, idatzizko testuak ia… Zergatik da, ariketa guztiei eskaintzen diezulako arreta bera? Denak dituzu gustuko edo baduzu errespetua sortzen dizunik?

Bertso guztiek berdin balio dute, ezta? Nik argi daukat lehen bertso oso on bat botatzea dela bigarren hobe bat botatzeko modurik onena. Are gehiago, bertso bakoitza aukera bat da niretzat, esan nahi dudana esateko, utzi nahi dudan ikuspegi bat uzteko, pertsonaia bat detaile esanguratsu batez ezaugarritzeko... Nahi eta ahal dudanaren arteko borrokan ibiltzen naiz ni ere, baina bertso bakar bat ez galtzea da hastapeneko helburua. Horregatik sortzen didate ariketa guztiek errespetua, emateko nagoelako, eta ez diodalako aukera bakar bati ihes egiten utzi nahi.

Zortzi buru eta txapel bakarra, betiko topikoa, baina txapelerako aukera berdinak dituzuela uste duzu? Zer egin behar da txapela janzteko? Eta zer egin behar du zehazki Sustrai Colinak txapela janzteko?

Nik ez dut pentsatzen txapela janzteko zer egin behar dudan. Nire barruan dagoen bertsolaria ateratzeko zer egin behar dudan pentsatzen dut nik, nire esku daudenak ongi baino hobeto egiten saiatzen zentratzen naiz. Badakit BECen kantatutako bertso on bakoitza jendeak bere baitan daraman su txiki bat bezalakoa dela. Su txiki asko pizteak ematen du su handietarako aukera. BEC egoera animiko bat ere bada. Horregatik, gorputzaldi ona eta bihotzaldi hobea nahi nituzke.

Txapela irabazteko faboritoen artean zaudela inoiz baino jende gehiagori entzun diodala esaten badizut, presiorik sentitzen al duzu?

Une oso onean nago txapelketari dagokionez, koxkaz koxka gorantz noala sentitzen dut. Orain lau edo zortzi urte baino bertsolari hobea naizela sinesten dut, eta umiltasunez eta anbizioz ari naiz lanean. Umiltasunez, badakidalako final osoa nire buruaren eta korrontearen aurka pasatzea ez dela atsegina, eta anbizioz, Sustrai osoena eta onena erakusteko gosez nagoelako.

Bizitza erdia daramazu finalak jokatzen. Gazteena zinen 2001ean 19 urterekin, eta heldu bilakatu zara. Nola oroitzen duzu ibilbide luze hori? Final bakoitza desberdina da?

Ez naiz 19 urterekin nintzena, ez pertsona eta ez bertsolari gisa. Ordutik poz, desilusio, min eta amets batzuk izan ditut, aldatu naiz, susmatzen ez nituenak ezagutu ditut... Batzuetan bide hori publikoaren aurrean egin dudala pentsatzeak lotsaren eta pozaren arteko nahasketa arraro bat sortzen dit. Astebururo gaude jende aurrean, ez lau urtean behin bakarrik. Jendeak gure gau gloriosoenetan eta etsigarrienetan ikusten gaitu, eta hor sortzen den loturak balio handia du niretzat.

Bizi naizen Lapurdiko itsas hegian maitasun eta miresmen zantzuak nonahi sumatzen ditut zuganako, asko eta asko ziren pozarren Xilabako txapela jantzi zenuenean. Finaleko egunean, Urruñan, zure herrian, jende mordoxka bilduko da elkarte batean finala pantaila erraldoian ikusteko. Sustraik bertsoari bezainbeste eman al dio bertsoak Sustrairi?

Emaitzak emaitza, beti sentitu naiz babestu eta maitatua. Gauza handia da hori. Bertsoak eman didana izugarria da, lagunetatik hasi eta herri honen soziologia bat ezagutzeko aukeraraino. Sentimendu paleta anitz eta aberats bat eman dit, nire burua bestela usainduko ez nituzkeen egoeren aurrean jarri dit, nire barrua lantzeko aukera eman dit... Ezinbestean, nire izaeran pisu handia du eta izango du ibilera horrek.

Aurtengo txapelketak aldaketak ekarriko zituela uste zen, baina ez da halakorik gertatu, instituzio zurrun bat dirudi….

Izotz-mendiaren puntan aldaketa gutxi agertzeak ez dela aldaketarik egon esan nahi du? Ez nago ziur. Gazteagoak konplexurik gabe eta euren ikuspegiak sendo aurkeztuz ikusi ditut. Hor daude Miren Amurizaren Zallako edo Nerea Ibarzabalen Amurrioko kartzelakoak, Julio Sotok edo Jone Uriak finalaurrekoetan egin dituzten saioak. Hortik ere badut zer ikasia. Matematikari begiratzea bezain zilegi iruditzen zait sormenari erreparatzea, eta sormenenean urak mugitzen ari direla ukaezina da.

Agurren txapelketa ere ba omen da, pixkanaka agurra iragartzen hasiak daudelako batzuk, eta adinez zaharrak direla ezin esan. Noiz arte izango dugu Sustrai?

Ez dakit, baino espero dut ni erretiratu aurretik Urruñako elkartean batzen direnetako batzuk BECera joan ahal izatea!