Anara Maya

Izan zoriontsu!

Aita maitea: Zer moduz zaude? 2002ko eguberrietan aitaren batean oroitu nintzen zuk niri errandakoa gauero otoitz egin nezan, badaezpada, zer gerta ere, eta batez ere zoriontsu izan nendin eskaria egin zenidan. Ez dakit zure eskaria bete dudan, baina nigatik egon lasai, neure bidean noa, beti aitzina! zuk erraten zenidan bezala, aita, nigatik lasai egon, baina nahi duzunean badakizu non nagoen…

Zuhaitzak biluzik eta dardaraka dauden garaiotan, eta negu-usaina dakarkidan udazken honetan, malkoek egindako bideetan oroimina datorkit, eta udazkeneko zuhaitzak bezalaxe ni ere biluzik nago hotz dardarez zeru grisa begien bistan, jada ez hain inuxente eta xalo. Bihotz itxurako ezki-hosto ximel batzuk erori zaizkit gainera, eta oroitzapenek eusten diote enborrari. Oroitzapenek eusten naute bizirik.

Agur erran genion elkarri duela ia hamar urteko udazken eguzkitsu batez, azaroak 21 zituela, baina nik ez nizun agur erran nahi eta biharamunean besarkatuko zintudala amets egin nuen gauean. Zuk bai, zuk agur erran zenidan eta erran zoriontsu izan nendin, arren; saiatu naiz, aita, baina hain sentitu naiz bakarrik!

Zoriontsu izan, Ainarita! erran zenidan. Eta saiatu naiz, baina mina handiagoa izan da maitasuna baino, eta min horrek maite ditudanengandik urrunarazi egin nau, ezkutu bat paratu baitut nire eta bertzeen artean. Hutsunea. Akastuna izan naiz, eta beharbada min eman diet bertzeei, baina min handiena nik hartu dut.

Hutsune handia dut barnean oraindik, eta huts horrek toki handia hartzen du oraindik ere neure bizitzan: zu gabe ez, ezta zurekin ere, baina aitzina segituko dut neure bidean, lasai. Bizitzak ere ezusteko atseginak ematen baititu noizean behin, eta horiek probexten saiatuko naiz. Izan ere, hamar urteotako udaren azken batek ezusteko atsegin bat ekarri baitzidan neure bizitzara eta sakon maitemindu nintzen, maitemintzeak bakardadea ekarri bazidan ere, merezi izan zuen bizitzan behin bederen zer zen maitemintzea jakiteko eta benetan zoriontsu izateko.

Ordura arte zure aurpegia ikusten nuen gauero ilargiaren alde agerian, eta geroztik bertze baten aurpegia ere ikusten dut, zeurea ilargiaren alde ezkutuan gelditu delarik, nire zoriaren zelatari. Hark ere agur erran dit, zuk bezala, eta zoriontsu dela lur honetan erranez, ni zoriontsu izateko opa dit. Biok aunitz maite zaituztet, eta kasu egiten saiatuko naiz, zuek segi lasai zuen bidean, ni neurean noa, beti maitasunez aitzina, baina nahi duzuenean itzuli.

Agur erran genion elkarri, bai, baina agur hori ez zen betiko izan, betiko oroitzea baizik. Oroitzea, beharbada, noizbait elkar ikusiko dugula, eta ez badugu elkar ikusiko ere noizbait elkar ikusiko dugun itxaropenaz biziko naiz zoriontsu. Ez zaitut ikusten, baina bai sentitzen: kanpoan hotz delarik, halako berotasun batek inguratzen nau zuk errandakoaz oroitzen naizen bakoitzean: “badakizue beti bihotzean eramanen zaituztedala, aurtengo negua lehenago heldu zait, ez dut hil nahi!”. Denok hil behar eta inork ez nahi, hau bizi tristea!.

Baina beti bizi zara, aita, beti zaude neuregan, bihotz lurtar honetan. Beharbada ni zuriz jantzirik ikusi nahi ninduzun, nire bikotekidearekin, eta nik zuri emandako bilobekin jolastea zenuen amets, eta barkatu, baina inoiz ez dut bikotekiderik izan, inork inoiz ez dit bere maitasuna adierazi, inork ez dit aukerarik eman; beharbada neurea izan da erru guztia? beharbada nik ez al dut aukerarik eman? nik idatzi ditut maitasunezko eskutitzak, saiatu naiz, baina inork ez dit baiezkorik eman.

Eta, zuk hiruretan hogeita bortz urte bete zenituen lur triste eta alai honetan, negua heldu zitzaizun biziberriturik. Hala ote? Eta nik hamar urteotan, urtero eskutitz bat idatzi dizut nire bihotzeko zure ausentzia present nuela adierazteko; bederatzi eskutitz, eta hamargarren hau azkena izango da, jada ohartu bainaiz zu bihotzean zaitudala beti eta ez diodala inori adierazi beharrik hori.

Udazkenaren azkenetan, neguko elur-lumak itxaro ditut, zeru grisa urdindu dadin, eta orain neguaren atarian, zerua urdindu eta alaitu nahian bihotza, urdinez jantzi naiz, zuhaitz biluzi horietatik kimu berde txiki itxaropentsuak jalgi daitezen neguaren izozpetik udaberrian. Oraindik amesten dut bihotzean nire maite horrekin ezkonduko naizela, eta zoriontsu izan. Maitemindurik segitzen baitut zoriontsu! Eta maite dudan horrekin ezkonduko ez banaiz ere, jakin badaki ene bihotzak hark ene bihotzean txoko berezia duela.

2012ko eguberrietan zutaz oroituko naiz, aita, baina irribarre lotsati eta itxaropentsu batez, hamar urteko etapa honi amaiera emateko, bizitzaren atal bat ixteko, eta 2013a nire urtea izan dadin, zoriontsu izan nadin. Ilargi berriaren ondoren, biziberriturik. Nire gainerako bizitza gaur hasten da.

Bakarrik omen nago, baina ez naiz bakarrik sentitzen.

Buscar